Denbora bila irteteko denbora behar da

Imanol Epelde
0

Jack Kerouacen On the road nobelaren azkenetan Dean liburuko protagonistetako batek Marcel Proust irakurtzen ari dela dio, estasiaturik. “Ikaragarria duk kaka hau” eta horrelakoak esanez. Etxean begiratu nuen Marcel Prousten zerbait banuen: Por el camino de Swann o en busca del tiempo perdido topatu nuen eta hasi nintzen irakurtzen. Udatik ez dut ia beste libururik irakurri. Eta hori ez dudala liburuaren heren bat baino leitu, hiru zatitan baitago banatua liburua eta nik lehen zatia baino ez dut ferekatu. Mardula da testua, esaldi luze eta korapilatsuak, irakurketa bakarrean ezin ulertuzkoa. Hitz ezezagun ugari eta RAEko hiztegiak goi behe usmatu behar testua ulertuko banuen. Gertaera gutxi edo batere ez. Dena du deskribagai, dena du kontagai baina astiro.

Gutxinaka irakurri dut liburua eta ez dut uste onena modu hori denik. Kontzentrazio handia eskatzen du liburu hau irakurtzeak eta burugorputz saltseroak ditugunok agian nahiago ditugu irakurketa arinagoko liburuak. Ez dut baina gogoz kontra irakurri. Jartzen nintzenean ahalegin handia eskatzen zidan irakurketak baina errealitatea ikusteko eta aztertzeko modua aberastu eta edertzen zuela iruditzen zitzaidan. Eta begiratu bai baina ikusten ez ditudan milaka gauza daudela oharrarazten ere balio izan dit. Ba, bai, “ikaragarra da kaka hau”. Baina orain beste liburu bat hartuko dut parentesi modura eta Prousten bigarren atalarekin jarraituko dut gerora, urte berri hasierarekin batera-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA