Komuneko paperean LIII

Imanol Epelde
0

Zuhaitzek ez dute beste paisaiarik desio.
Bidezidorrekin tentatu arren
ez dute beste paradisurik bilatzen.
Eta hori,
txoriek ere kontatzen dizkietela
euren mugetatik bestaldera
ikusten dituzten istorioak
hosto ihartu eroriak justifikatzen
dituzten gezurrak.
Alferrik xuxurlatzen dizkio haizeak
abentura lizunak
itsaso urrunen orroak
lurralde arreen zeruak.
Hodeiek ere,
izan ere,
ez dute bufandatan bilduta
inor itsutzea lortzen.
Eta ez da sustraiek lurrera lotzen dituztelako
tenperaturak
denborak behartzen dituztelako,
baizik eta badakitelako
haizeak
hodeiak
eta txoriak
sorlekura itzultzen direla beti
ibiliaren ibiliak nekatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA