ABA 56-60

Imanol Epelde
0

56

Etxean milimetratuta izaten dugu jokaldia. Esnatu orduko joaten gara begiak erdiak itxita. Lantokian pare bat alditan. Eta iluntzean oheratu aurretik behin bai gutxienez. Gorputza eguneroko joanaldi horietara ohitzen dugu. Guztizkoa da komunarekiko mendekotasuna.

Areago etxetik kanpora gabiltzanean. Baina horrelakoetan ez da erraza izaten gorputzak eskatzen duen guztietan lortzea komuna. Inongo bidaia gidetan azaltzen ez den arren, gorputzarekin bakeak eginda ibiltzea ezinbesteko baldintza da egunaz, jendeaz, hiriaz gozatuko bada. Areago beherakoarekin-edo bagabiltza.

57

Potosi utzi genuen Oruro helburu, beste hiri mehatzari bat altiplanoko lautada lehorrean, mendi gorri baten magalean. Orurora heldu baino lehentxeago ur terma batzuetan geratu ginen. Pazñan. Garai bateko sumendiren batek urak irakiten lurazalaratzen zituen. Eta uralitazko teilatudun eraikin urdinean elkarrekin bainatu ginen zu eta ni. Usain onik ez en, garbitasun sobera ere ez. Baina aspaldian sentitu gabeko berotan egin genuen bat 3 astetako hotzak eta altuerak eragindako txorabioak ahaztuta.

58

Lo egiteko aukerak asko dira Oruron. Kaleak, Residencial izenekoak, hostalak, hotelak… Hortxe ibili gara gure neurriko, gure gustuko lotokia aurkitu nahian. 4 gau egingo ditugu gutxienez eta leku ona topatzeak berebiziko garrantzia du. 

Hostaletan galderak beti dira berberak: zenbat da gau bakoitza buruko, berogailurik bai, ur berorik, logelak ikusterik bai, toailarik? Erantzuna ia beti eta ia galdera guztiena izaten da baiezkoa. Baina goizetan jaiki eta dutxatzeko manilari eragitean… mirari bihurtu da ur berotan dutxatzea. Batzuetan Visa ere oparituko nuke goizak ondo hasteagatik.

59

Iritsi da egiaren ordua. Oruroko prefekturara, diputazio modukora heldu gara goizean goiz. Bileran zeuden ordurako Oruro departamenduko indigena zenbait eta Kawsay (Universidad Intercultural Indígena y originaria) erakundeko langile zenbait. "Los hermanos vascos" deitu digute eta banan bana norbere buruaren aurkezpena egin dugu. Familia bat osatzen dugu eta errito bidezko zeremonia batekin bataiatu eta zelebratu dugu momentua. Koka ostroak 96 graduko alkoholetan bustita mastikatu ditugu. Eta %100ean bizi dugu momentua.

60

Bileran bakoitza norbere buruaren aurkezpena egiten ari ginen: izen-abizenak, lanbidea, kargua… Bilerako kide batek bere aurkezpena nola amaitu zuen gustatu zait, besteok baino denbora gehixeago pasa ostean bere buruaz hizketan: "solamente, seria todo edo". Ederra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA