ABA 61-65

Imanol Epelde
0

61

Bolivian 2 komunitate handi bereizi daitezke gutxienez. Indigenena da bat eta gainontzekoena bestea. Nahiz eta erdi indigena erdi txuri direnak ere badauden, nahiz eta diru kantitateak ere komunitateak bereizten dituen. Haustura hausturaren gainean. Arazo bihurtu da hori Bolivian.

Esaterako, orain urte batzuk indigenak Estatuko unibertsitateetara joaten ziren. Baina han ez zuten euren kosmobisioaren araberako ikaskuntzarik jasotzen, mendebaldeko ikuspegikoa ez bazen. Orduan, ikuspegi indigena Estatuko unibertsitateetara txertatzea erabaki zuten. Baina protesta handiak sortu ziren txurikumeen aldetik. Azkenean, indigenek euren unibertsitatea sortzea erabaki dute Gobernuaren laguntzaz. Hortik Kawsayren bidez sortu den UNIC. Bizi luzea unibertsitate martxan jarri berriari. Badu nahikoa lan. Bolivia izeneko puzzlea nola osatu jakitea besteak beste.

62
Orain arte ezagutu ditugun lagun guztiak dira Evo Morales zaleak. Oruro departamenduko herriska batekoa da Evo, eta quechueraz eta aymaraz daki gaztelaniaz gain. Horrek evozaletasuna muturreraino esajeratzen du. Euren esperantza bakarra Evo izateraino, ardura ia denak Evorengan uzteraino. Evo Amerikan gaude. Dudarik gabe.

63
Arrazoi dute indigenek. Estatuen geometria politiko guztiak dira gezurrak, estatuen antolamenduak inposizioak diren era berean. Euretarako asko ez dira boliviar edo peruar sentitzen. Euretako asko aymarak dira, edo quechuak edo guaraniak. Eta kitto.
Horregatik hasi dute Bolivian orain arteko odepartamendu eta udalerri egitura gaindituko duen politika autonomikoa. Eurek dioten gisan, Boliviako nazio guztiek oxigeno gehiago izan dezaten, momentuz, estatu bakar baten barnean bada ere.

64
Ekuadorreko lurretatik etorritako quchua batek aipatu zigun: indigenen arteko topaketa batean Kolonbiako indigena bat ondoezik sentitu zela tripetako minez. Coca-Cola bat eskatu omen zuen minak arintzeko. Eta berak esan omen zion zergatik ez zuen infusioren bat hartu edo koka murtxikatu Coca-Cola hartu beharrean. "Si no somos honestos con nosotros mismos, como hablaremos de otras cosas".
Gure taldean ere bada diskurtso anti inperialista. Baina aurrekoan gutariko batek Coca-Cola bat eskatu zuenean bazkari lagun gutxik eutsio zion Coca-Cola probatzeko tentazioari. "Si no somos honestos con nosotros mismo…".

65
Hemen ordua ez da o'clock. Hemen ordua ordu erdiko tolerantziarekin hartu behar da. Edo gehiagorekin. Hala gertatu zaigu guri behintzat. Oporretan egon eta presarik ez izateak ere ez du arintzen batzuetan, itxaron beharraren zama.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA