ABA 66-75

Imanol Epelde
0

66

Andeetako kosmobisioa azaltzen aritu zaizkigu gaur eta gu, europar txuri beti eredugarriok, gure aritmetikara makurtu nahi izan dugu milaka urteetan eboluzionatu duen mundu ikuskera. Hortxe aritu gara ahulune bila, non eroriko zain, eurenetik ikasi eta interesgarriena hartuta geureari gehitzen asmatu beharrean. Kolonoak izaten darraigu!

67

Bolivian ez dugu supermerkaturik ikusi. Kaleak bihurtu dituzte merkatu (Oruron batez ere) eta ez dago konpetentzia egitera ausartzen den Eroskirik.

68

4.000 metro eta gehiagoko paraje lehor hauetan apenas aurki daitekeen landaredirik edo guretzat ezaguna den animaliarik. Usoak bai. Herri guztietako plazetako animalia saltarin, gris eta ugariak edozein baldintzetara ohitzen dira. Arratoiak bezala.

69

Gure bidaia (hemengo bizitzaren ikuspegia bezala) ziklikoa da. Badakigu ez gatozela betirako, ez dugula hiri zoro eta pobretu hauetan egun jakin batzuk baino gehiago egingo. Bagatoz eta bagoaz. Horregatik pentsatzen dugu askotan itzuleran. Areago, itzuleran pentsatzen egiten dugu bidaia osoa. Guretzat benetako bizitza han hasten delako.

70

Orain 3 eta 4 urte Kolonbian izan nintzen. Bi udaz jarraian. Oruron gaudela Bogotako antropologo gazte batekin egin dugu topo. Galdetu diot nola dauden gaur egun Kolonbian: beldurtuta erantzun dit, gero eta okerrago. Ekuador, Venezuela, Bolivian zeuden base militar estatu batuarrak Kolonbiara eraman dituzte, hauteskundeetan iruzurra da nagusi, auzoetan gaueko 10etatik aurrera "toque de queda" dute ezarria, gero eta gehiago hazten ari dira hiriak nekazari herrietatik desplazatzen dituzten familiekin, abokatu, ikasle kazetari sindikalistak mehatxupean daude eta dena, dena demokraziaren izenean eta AEBn babespean (aupa Obama!). Minez oroitu ditut Kolonbian egin nituen 2 udak. Minez irakurri dut gaur prentsan soldadu kolonbiarrak eramango dituztela Afganistanera, mundua Kolonbia bihurtzeko ahaleginean!

71

Kolonbiarrarekin batera Ekuadorreko gazte bat ere ezagutu genuen. Diskurtso eder eta iraultzailekoa. Quitukoa zen, ketxuek "o" ez dutelako ahoskatzen. Ketxuaberria zen. Alegia, ketxua etxetik kanpo AEKn ikasia.

Kexu zen Quitu hiriaren fundazio eguntzat espainiarrak iritsi zireneko eguna hartzea, aurretik ere Quitun jendea bizi zenean. Jende haren aztarnategiak okupatu zituzten eta kontzertuak eman ustezko fundazio egun horretan, salaketa gisa. Iraultza musika metalaren eta hip-hoparen inguruan egin nahi zutelako, mugimendu anarkista eta komunista konpajinatuz. Entzuten ez diren eta ezagutu beharreko lan modu ugari badira munduan.

72

Zer gertatu zitzagun asteazken ilunabar hartan, oporraldiak elkar paseatzeko diseinatu genituenean! Zein sugek egin zigun horzka, zein deabruk madarikatu oheko beroa laba bihurtzeko!

73

Hitz egin liteke hizkuntzen galera eta berreskurapen prozesuez, hitz egin hezkuntzako ereduez, hitz egin arduraz, alarmaz eta esperantzaz. Baina alfer-alferrik arituko gara bizi nahirik ez bada. Galdera hauxe da: nola sortu hizkuntza txiki eta kultura gutxituetan bizitzeko nahia mundu gero eta homogeneo eta globalizatuagoan?

 

74

Oruron izan garen lau egunetan egunero ikusentzun ditugu desfileak. Itxuraz eskolaren baten urteurrena ospatzen ari ziren eta gaur bai, bihar ere bai ateratzen ziren kalera militarren erritmoko eta eliz kutsuko defilea egitera.

Abuztuaren 6an Orurora etorriko omen dira Amerikako indigena gehienak. Desfile bat egitera. Militarrekin. Deitu ere halaxe egiten diete: parada militar e indigena. Batak bestearekin zerikusia izango balu bezala.

75

Boliviako komunetako ateak gaztelu beldurgarrietako ateak baino prekauzio gehiagorekin zabaldu behar dira. Inoiz ez da jakiten zer aurkituko den. Gauzak jakina bakarra da: zutik bukatuko dela lanak egiten. Egin behar dena egin behar dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA