Zenbat da garesti?

Imanol Epelde
0

Ikusi berri dut Berrian musika klasikoa entzungai dela Kursaalean, 39 euro eta 45 euro artean. Eta orain egun gutxi Patxi Gaztelumendik sortu zuen zalapartaz gogoratu naiz. Pirritx eta Porrotx ikustera joateko 12 euro ordaintzea gehiegi zela zioelako.

Susmoa dut kultur prezioak garestiak direla errazegi eta azkarregi esaten dugula. Liburu bat 20 euro ordaintzea asko delako, CD bat 20 euro ordaintzea erokeria, eta pintura koadro bategatik 600 euro ordaintzea inozokeria. Total, dena lor dezakegu pdf, download eta lanimetan! Zertarako ibili poltsiko minetan!

Gaztetxeko ekitaldietan ere beti saiatzen gara, ekitaldia edozein dela ere, sarrera 5 euro baino garestiagoa ez izaten. Eta asko etorriko zaizkizu katxi bat eskuan (kubatarik ez baita zerbitzatzen), 90 euroko bakeroak jantzita, patrikatxoan haxix harri puska eder batekin. Zoriontsu, irribartsu, kontzertu horretako sarrera 5 euro izatea askotxo ez ote den pentsatuz, normalean 2-3 euro izaten baita…

Nago kulturarekin tabernetako prezioekin gertatzen den antzerako zerbait gertatzen dela. Tabernariak Iberdrolako nagusiak baino zorroztasun handiagoz zigortzen ditugu urtean-urtean zurito bat gehiago kobratzen digutelako.

Eta andre-jaunok, nik uste hemen garestia den bakarra ez dela kultura, hemen garestia dena etxean internet edukitzeagatik hilero 50 euro ordaintzea da, bankuek transferentziak egiteagatik komisioak kobratzea edo argiagatik, negua gogorra joan delako, ehun eurotik gora pagatu behar izatea.

Irudipena dut kultur produktuak balio dutena baino gutxiago ordaintzen ditugula, kontuan izan gabe sortzaileek egin behar izan duten lana, jendaurrera eramateak dituen kostuak, eta are gehiago gurean, euskaraz sortzeak dituen arrisku eta ausardiak.

Ez dut uste Pirritx eta Porrotx egiten ari diren lan eskerga diruz ordaindu daitekeenik. Gutxiago 12 euro ordainduta. Ala bai?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA