Nire komunetik 2010-10-15

Imanol Epelde
0

Nire komunetik

Itxi dut atea. Itxi leihoa. Eseri naiz tronu zurian. Eta nigan bildu naiz. Gerra deklaratu diet inguratu zaizkidan eltxo mengel guztiei. “Si vis pacem para belum” ohikatu dut enperadore eroen gisara eztarria urratu arte, eta ez dut bakerik egin, den-den-denak akabatu ditudan arte.

Horrelako zerbait egin zuten Kolon eta bere ondorengoek ere. Diferentzia pare batekin, komunean ez eta Ameriketan aritu zirela ehizean, eta eltxoak beharrean, pertsonak, indigenak akabatu zituztela. Eta euren bakea eta gurutzea ezarrita, Potosiak ohostu zituzten. Bakean dagoena bakean utzi, hori ikusten zen eta da munduan gutxi.

Historia beltz hori altu jota ospatzen jarraitzen dute, urtero, urriaren 12an. Munduan bakea, justizia eta laguntza zabaltzen duten milaka soldadu, fusil, tanke, pistola, helikoptero, gerra hegazkin, misil eta su arma ateratzen dituzte kalera, paseora, inperioa ohoratzera, Hispanitatearen egunean. Baita krisi garaietan ere. Zaudete ziur, Ministerio askotako diruak murriztuko dituzte orain negoziatzen ari diren hurrengo urteko aurrekontuetan, baina Defentsa ministerioa ez dute Kalasnikovekin utziko. Defentsa on bat eraso erabatekoa izan daitekeelako. Nahiz eta ondo jakin: zakurra katean, ez dagoela bakean! Ezta Afganistan partean ere.

Bakerik ez hemen eta bakerik ez han. Horregatik errefuxiatzen naiz ni komunean, bakearen alde borroka egitera. Bakearen alde borroka egitera, hori, birjinitatearen alde larrua jotzea bezalako zerbait gerta daitekeen arren. Horrenbeste dira disgustuak! Itsasoak aste honetan ume ttiki baten hilotza ekarri digu gure herriko hondartza ederrera, Mexikoko Ciudad Juarez hiriaren izenak periodikoetan irakurtze hutsak beldurra ematen du, Kolonbiak odolusten darrai eta Afrikaz hobe ez enteratu.

Eta Asian, kasu, kuidau! Asian Txina dago eta Txina handia da eta Txinatarrak euskaldunak baino langileagoak dira. Eta hitzekoak eta serioak oso. Txinatarrak haserretu ere egiten dira gainera!

Ikusi duzue inoiz txinatar bat haserre?
Eta ikusi duzue txinatar bat inoiz oso-oso haserre?

Bada irudikatu orain mila hirurehun eta hamahiru milioi txinatar hortzak ahoan, suak eta garrak hartuta, deabruarekin. Nahiz eta batek ez duen oso ondo ulertzen zergatik bidaltzen gaituzten komunetik bazkatzera, nobel sariak ematen dizkiegunean. Hartuko genituzke ba guk! Aurreko urtean, Barack Obamari saria eman eta ez zen inor haserretu AEBtan, ez eta orain hiru urte Al Gore presidenteordeari eman ziotenean ere!

Hurrengoan bat ere ez eta kito! Bakearen nobel sariak gerra baino ez baitu ekarri azkenean. Txina eta Norvegiaren artean esaterako. Egitekoak ziren ekonomia bilerak bertan behera utzi baititu sariak. Gainera, behin eta berriz eskatu zaio Txinari bere diruaren prezioa igotzeko, bestela ez baitago Europan egindako torlojo eta makina erremintarik saltzerik munduan. Ez eta norbere etxe-kaleetan ere!

Ikusi bestela gure kaleetan okindegi-kafetegiak baino gehiago zabaltzen ari diren “Bazar txinatarrekin” zer gertatu den, bazar izatetik Batzar txinatar izatera pasa direla kasik! Eta beste gerra bat sortu da. Ez baitira gerra denak suzkoak, monetarioak eta finantzarioak ere badira, hotzak ere bai, gerra berdeak ere izango dira, ekologikoak-edo, zibergerrak ere presente daude, ziberantzerkia eta ziber poesia bezala. Zibergerra. Aski baita virus gaizto bat herrialde etsaiaren zentral nuklearraren ordenadoreetan instalatzea, Iranen orain gutxi egin duten bezala. Zertarako arma nuklearrak produzitzen ibili, bi informatikari onekin beste herrialdeetako zentralak sabotea baditzakezu!

Hara! Ihes betea zilegi balitz eta nunbait balego bakea, ni ez nintzake komun ertzeko perfumeen maitalea. Mundua nola dabilen ikusita, asteroko kronikak komunetik egiten jarraitu beharko dut. Edo akaso, Txilen meatzariek hustu berri duten lurrazpiko gunera joango naiz, nire bakea bizitzera, urrun, Agirre zaharrak kartzela aldi berriekin egin bezala. Norbera bere buruarekin bakean ez badago, alfer lana daitekeelako bakearen bila hastea. Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA