LOADING

Type to search

Bizhitsa

Kantatzen ez duen herri baten agonia

Imanol Epelde 2010 Urr 17

Koadrilako afaria Getarian: basurde jana. 20 lagun inguru mahaiaren bueltan. Jan dugu, edan, mintzatu gara, eta barre egin ere bai. Alai. Urtebetetzeak ditu batek eta “zorionak zuri” kantatu behar dugu orain. Momentu txarra, txarrena, tonua nola zorroztuko, nor hasiko, elkarrekin katua nola eramango… ardoaren gozoak ere ez gaitu salbatu trantzetik.
Hasi gara halako batean, baldar, trakets, konfiantzarik gabe, minutu bateko kanta opera bat bailitzan, bukaezin. Pena eman dugu eta azken unean, alboko mahaitik urrikaldurik afaltiar bat gerturatu zaigu kantatzen laguntzera. Indarrez, gogoz kantatu du berak eta guk, berari txalo jotzen bukatu dugu.
Kantatzen ahaztu zaigu, eta, batez ere, lagun artean kantatzen. Doinuaren magia eta hitzen ederrak baztertu ditugu eta ridikulo egiten gaitu, orain arte bizirik sentiarazi gaituen adierazpideak.
Kantatzen duen herri bat ez dela hilko zioen kantuak. Kantatzen ez duen herri bat agian biziko da, baina magiarik gabe.

Tags:

1 iruzkin

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude