Gauza ederra da bakardadea norbera ondo dagoenean. Inork trabarik egin gabe zure buruarekin mintza zaitezke bizitzaz, inflazioaren debaluazioaz edo herriko farola berriez. Bakarrik egoteko leku aproposak ez dira asko izaten, ordea. Bat etxea da. Baina hobe paseoan, Zarauzko hondartzako urertzean esaterako, haizea leun, itsasoa kilimaka oinetan. Horietaz gain, badira Zarautzen, bakarrik egoteko leku ezin aproposagoak: museo eta erakusketa aretoak.
Zarautzen ez da museo eta erakusketarik falta: Photomuseuma, Zarauzko arte eta historia museoa, Torre Luzeako erakusketa aretoa, eta beste bat da Sanz Enea udal liburutegiko erakusketa aretoa. Ni ez naiz askotan joaten erakusketa edo museo hauek ikustera baina, joaten naizenetan, aitor dut, oso gustura irten izan naizela ikusitakoarekin (zer esanik ez oraingoarekin). Uste dut lan txukunak aurkezten direla bertan. Sentsazioa ordea beti da berdina: hustasunarena, isiltasun gehiegizkoarena, bakardadearena.
Horregatik proposatzen dut Sanz Enea (ere) eraberritzea. Iruditzen zait azken pisuko egunkari eta aldizkariak, erakusketa aretoa den lekura jaitsi beharko liratekeela, kafetegi bat jarrita, edo kafe edo infusio makina txukun bat bestela. Leku dekoratu eta ederra izan daiteke hutsik dagoen arte lekuari erabilera emateko. Areto horretan bilduko lirateke irakurle klubak, hitzaldiak egingo, kontzertu xume batzuk emango… Zalapartarik sortu gabe, hitz egiteko aukera emanez, etzanda egon nahi duenari horretarako sofak profitatuz, talde lan eta bileretarako… Edo goiko pisutik liburu bat jaitsi eta bertan irakurtzeko aukera ere emango nuke.
Garai berrien aurrean gaude, liburutegi digitalen garaia omen. Probatzeko, esperimentatzeko eta disfrutatzeko garaiak dira. Zeren zain gaude jolasean hasteko, gauzak (eta batez ere artea) hain serio hartu gabe?
1 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Imanol Epelde Pagola, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: #euskalblogosfera Azukre gutxiko kafea Sanz Enean: Gauza ederra da bakardadea norbera ondo dagoenean. Inork trabar… http://bit.ly/aolKi0 […]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (208.74.66.43) doesn’t match the comment’s URL host IP (74.112.128.10) and so is spam.