Nire komunetik 20101105

Imanol Epelde
0

Azaroan gaude. Urteko hilabeterik ederrenean. Euskarak adierazten duenez, azaroa hazi aroa baita, haziak ereiteko aroa. Baina euskaraz azaroari gorotzila ere deitu izan zaio. Eta horregatik diot nik hilabete hau denik eta ederrena dela. Hilabete hau, gorotzila, “gorotzarena” baita.

Argiago eta denek uler dezaten, hilabete hau simaurrarena da. Ohore hori gutxi ez eta, aste honetan hartu du udazkenak Euskal Herria. Azken egun hauetan batzartu baitira grisaren tonalitate guztiak zeruan, eta marroi multikoloreek espektakulu bihurtu dituzte basoak.

Eta miraz egon naiz Nire komuneko leihotik Euskal Herriko aro politikoari, arazotik atera eta azaroan, haziaren aroan, sartu nahian dabilela dirudielako. Denek ukatzen duten arren, agerikoa da ezkutuko Loiolak eta elkarrizketak martxan daudela. Seguruenera ere, haziak orain ariko dira landatzen, etorkizun labur-ertainean emaitzak jaso ditzagun. Edo ditzaten.

Bai, ezkutuan ari dira elkarrekin hizketan, baina aldi berean agerian, plazan, hedabideetan isildu gabe, bla, bla eta bla. Politikari denak baitira protagonista zaleak, eta ezin izaten diote hedabideetan ateratzeari utzi, elgorriak joko ez baditu. Aste honetan politikariek prentsa-telebista-irratia-sarean eman dituzten elkarrizketak dira horren adibide. Ez naiz denak zerrendatzen hasiko, hilabete hasieratik ez dut komuneko paperik gabe geratu nahi.

Azaroan gaude bai, baina beldur naiz politikariek ez ote duten gorotzil bilakatuko hilabete zoragarri hau. Izan ere, gaur egun politikatik bizi direnek politikaren artea zeharo degradatua dute. Euren plastikozko politiken emaitzak zinegotzi/parlamentari terminotan neurtzen dituzte beti, humanitateak aurrera edo atzera zenbat egin duen inoiz erreparatu gabe. Okerrago oraindik: gaurko politikari askok ez dute humanitatearen aldeko defentsan indarrak jartzeko ez bokaziorik, ez gogamenik.

Esaterako, hurrengo urteko udal hauteskundeak gainean dira. Eta ez dago inor ezer barkatzeko. Ez daudenek egon nahi lukete eta daudenek ez lukete ezer galdu nahi. Lulak bezala. Bere ordezkoaren garaipena, berea bailitzan ospatu baitu aste honetan. Edo gero eta zuriagoa den Obamak bezala, hauteskundeak krisi ekonomikoaren ondorioz galdu omen baititu.

Krisi ekonomikoak. Nork izango du bada errua, krisiak ez bada! Martxa honetan esango digute, gure kostaldetik atunak ihesi krisi ekonomikoaren ondorioz joan direla. Badakizue nora ezta? Somaliara klaro. Gure atunontzi militarrekin Afrika Europarragoa, zibilizatuagoa egitera. Itsaso guztiak arrain gaizto eta pirata gaiztoagoez hustutzera.

Baina bueno simaurra ongarri paregabea da, eta gauza on askoak ere ekarri ditu azaroko lehen asteak.

Santu guztien eguna esaterako, astelehena jai izan genuen eta hartara, egun batez, egun bakar batez izan bazen ere, madarikazio guztiak barkatu genizkion astelehenari, eta igandea, asteko egun ederrena bihurtu zen.

Tira. Gaurko eguna ere espeziala da, eta ez ostirala delako bakarrik. Gustura gara euskaraz osoki bizitzeko nahia dugun euskaldunak oro, eta lasaitu ederra hartuta daude txirrindulariak, eta hipika, futbol edo teniseko jarraitzaileak.

Izan ere, gaurko egunarekin erein baita euskaraz argitaratzen den egunkari bakarraren hazi berria. BERRIA berritua jaio dela gaur alegia. Eta euskaradunok kiosko eta buzoietan eguna euskaraz dekoratzeko parada izaten jarraituko dugu. Eta zer jarria izango dute txirrindulariek bularrean eta kirol ikusleek ipurdi azpian, katarro txar batek harrapatuko ez baditu. Euskarak ez baitu mingaina dantzatzeko bakarrik balio, askok oker uste duten gisan.

Bueno, banoa. Banoa nire komunetik. Hilabeterik handienari gorazarre eginez. Komunean gauzak lasai egiteak ematen duen plazerak estasiatuta, bonba bota aurreko irribarrea ezpainetan. Banoa. Hurrengo astean ere, usain deliziosoak ekarriko ditudan esperantzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA