Nire komunetik 101231

Imanol Epelde
0

Izotz ondoko eguzkia, neguaren irribarrea da eta izotz aurrekoa neguaren adarjotzea.

Hala ere, guk eskerrak eman nahi dizkiogu bizitzari eguzki zuritan egun hain ederrak oparitzeagatik urteko azken egunetan, urtea, uraren beste aldi bat, uraren beste ziklo bat amaitzear den honetan.

Karakteristikoak izaten dira oso urteko azken egunak, denok bihurtzen gara nolabait bakezaleago. Abenduaren 24ak eta 25ak solomillo, bonboi, txanpan, polboroi eta langostino betekadaren bestondoa uzten du, eta 26a, abenduaren 26a, urteko egunik baketsuena izaten da. Inor ez baita kondizio horietan fusila hartzeko gertu izaten.

Abenduaren 27a, berriz, zenbaki ederra izanagatik, edukiz hustua da, hurrengo egunetan izaten delako gogoa: urte bukaerako festarako arropa eta ospakizunak nola egin, urteko balorazio eta diskurtsoak nola prestatu…

28a dator gero: Inuxente eguna. Eta hara, Rubalkaba etorri zitzaigun bisitan bakeari buruzko urteko azken ikasgaia ematera, Arnaldo Otegiri AEBetako prentsan egin zioten elkarrizketa, eta argi indarra %9,8a igoko zutela jakin genuen. Notizia horiekin, ez diru eta ez fede, inuxente aurpegia da urtea amaitzeko geratu zaigun bakarra!

Ondoren etorri ziren abenduaren 29a eta 30a. Eta urteak eman duena baloratzeko hausnarrean aritu ziren politikoak, enpresariak, egunkariak… Eta horretara jarri nintzen ni ere nire komunean eserita, tapa altxa gabe, makurtuta, hausnarrerako posizioan. Baina mila dira urtea laburbiltzeko manerak, ia ia hiltzeko moduak adina, ia ia bizitzeko erak bezainbeste. Nondik begiratzen den jakitea da kontua.

Esaterako, 2010eko errepasoa egiteko, urteko pelikula onenak zerrendatzen hasi ninteke, edo esaterako urteko pertsonaia esanguratsuenak izendatu nitzake, edo kirolari onenak nortzuk izan diren esan. Baina nekez konformatuko litzateke inor egindako aukerarekin. Ahaztuko nituzkeen izenak gehiago lirateke aipatutakoak baino. Eta ez nago lagunak galtzeko aizue!

Orduan 2010aren balorazioa egiteko, hobe, akaso, zorrotzak bezain zehatzak diren numeroetara jotzea: lan istripuetan urte honetan hildakoen kopurua aurki nezakeen, edo emakumeen aurkako indarkeriak eragindako salaketa eta hildakoak kontabilizatu. Baina hilotzak numero bihurtzen dira, eta numeroak beti dira hotzak, izotzak. Eta makabroa geratu daiteke 2010a, berez euskal politikagintzan udaberria bizi dugula esan daitekeenean. Eta orduan iruditzen zait onena ekonomiak eman duena begiratzea litzatekeela, urte 10 hau deskribatzeko. Baina hor ere nekez aurkituko dugu biribiltasunik, krisi hotsa izan delako nagusi. Eta krisiak, gerrak bezala, hasi erraz egiten dira baina bukatu, sekula ez.

Kontua da orain urtebete denok pentsatuko genuela 2010ak urte 10a izan behar zuela. Hala izan den edo ez norberak jakingo du, baina 11ak ere, 2011ak esan nahi dut, emango du 10a izateko aukera berriz. Horretara jartzea onena. Eta zer hobe urte berria, ur berria edaten ospatzea baino eguberri hauetan, egun berri hauetan, eguzki berriz. Gu beti mahats jatetik barau eginda, Salbideko iturrian elkartuko gara ur berria edanez topa egitera, 12etako kanpaiak entzun ondotik, Nafarroako herri batzuetan ohitura duten bezala.

Ur berri on, lur berri on, urte berri on guztioi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA