Onena emateko garaia

Imanol Epelde
4

Harrigarria izan da Bilduren arrakasta EAEko herri askotan. Inork espero gabekoa. Eta bada gauza askoren sintoma hori.

  • Izan liteke gatazkari aterabidea bilatzeko ausardia izan dutenak saritu nahi izan direlako.
  • Izan liteke hauteskundeetara aurkezteko debekua jaso eta Espainiako auzitegien eta politiken erabakiekin bere haserrea adierazi nahi izan duelako jendeak.
  • Izan liteke orain arteko (herritarren parte hartzerik gabeko) politikagintzarekin aspertua dagoelako jendea.

Izan liteke horietako bat, izan litezke horietako arrazoi bat baino gehiago, izan liteke horietako bat bera ere ez izatea fundamentuzko justifikazio. Baina zer axola du.

Kontua da hemendik aurrera Bilduren gidaritzapean izango direla udalerri asko. Eta orain arte legezko edo lege babesik gabeko oposizio lana egitera ohituta egon dela herritar asko, batez ere kritikara emana. Eta kontua da Bilduren zerrendak behartuta aurkeztu izanaren ondorioz, azken unean, korrika eta presaka, herri plangintza asko eguneroko martxaren arabera egin beharko direla, prestakuntza egokirik gabeko jendearekin, zorretan leporaino sartutako udaletxeetan.

Horregatik da inoiz baino gehiago herritarren garaia, herritar bakoitzak ezagutzen duen eremuko proposamenak egiteko garaia. Orain arte kasu gutxi egin digute. Orain ez dugu aitzakiarik. Eta proposamenetan badugu guk bat Zarautzen azken urtebete pasatxoan isilean errotu eta sakondu dena. Kultur egitasmo bat da eta Ariola du izena. Eta proiektu izan nahi du.

Ariolak Zarautzerako espazio sozio-kultural berri eta diferente bat izan nahi du, espazio original eta erakargarri bat, herriko kultur beharrak aintzat hartuko dituena, herriko jendearentzat zein programazioan interesa duten guztientzat. Herrian dauden hainbat ekimen jasoko dituena, hainbat ekimen bultzatuko dituena, eta hauspoa eta tokia emango diena kulturaren eta sormenaren alorrean lanean ari diren eta aritu nahi dutenei.

Aisialdirako ere toki estali izan nahi du, egoteko, jarduteko, gogoetarako, esperientziak trukatzeko. Espazio bat non lekua eta baliabideak eta tresnak jarriko diren herriko talde eta norbanakoen eskuetan.

  • Sortzaileek eta kultur eragileek beren jarduerak eta ekimenak aurerra ateratzeko.
  • Beren jarduerak burutzeaz gain, elkarrenak ezagutzeko.
  • Tailer eta ikastaroak antolatzeko. Eta horietan parte hartzeko.
  • Jardunaldi eta topaketak antolatzeko. Eta horietan parte hartzeko.
  • Sortzaile eta kultur eragileek sortzen dutena gizarteratu eta erakutsi ahal izateko.
  • Kultura alorreko programazioa landu eta antolatu ahal izateko.

Egitasmoaren aurkezpena ekainaren 4an egingo dugu. Herrian zehar bizikletekin ibiliko gara kalez kale, txokoz txoko Ariola aurkezten. Hurrengo egunetan jarriko dugu Ariola hobeki azaltzen duen txostena irakurgai (printzipioak, helburuak, funtzionamendua, finantzaketa…). Hurrengo egunetan azalduko ekainaren 4ko egitarauaren berri. Garbi dagoena da, onena emateko garaia heldu zaigula. Guri, bai, guri. Herrietatik hasita mundua pixka bat aldatu nahiko lukeen guztiori.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA