Krisi bizia baino, biziaren krisia dugula zioen aurreko batean Joseba Azkarragak. Eta erantzunak krisiaren neurri berekoa izan behar zuela. Ez dela nahikoa, orain arte baino pixka bat gehixeago birziklatzea, ez energia kontsumoa zertxobait gutxitzea… ez! Sistema honek goia (…behea akaso?) joko duela segurua da. Denbora kontua besterik ez. Aurre egitea dagokigu guri, gure ke beltzetan itoko ez bagara.
Aurreko igandean konprobatu ahal izan genuenez, hasiak dira horretan Behauzen (Nafarroan Behera). Auzolanean oinarritutako eskola-etxea sortu dute eta gu ere auzolanean joan ginen hango bazterrak txukuntzen laguntzera. Zarauztik hiru lagun: Ibrahim, Harritxu eta ni neu.
Egun ederra pasatu genuen: lagunarte ederra, bazkari ederragoa, paraje lasaiak, izerdi puxka bat bota (eskuetako babak ahaleginaren lekuko) eta joan ginena baino animosoago itzuli ginen. Utopiak Bizi toki izena duela jakinda. Eta utopia ukitu, landu eta aurrera eraman daitekeela sinetsita.
Labur-labur Bizi Toki zer den esatea zail da. Hobeto ezagutu beharko dugu guk ere. Baina haiekin egon eta euren webgunea irakurri ostean, eskola bat baino gehiago badela egiaztatu ahal izan dugu.
Proiektuan bat egin dutenen balioak hauexek dira:
- euskara plazerez ikastea
- ekonomikoki autonomoa den bizimodua lortzea
- oreka ekologikoan oinarritua
- energia kontsumoari arreta jartzea
Eta hauexek berriz oinarrizko hezkuntza printzipioak:
- Haurraren nortasuna errespetatzea
- Haurra bere berezitasunean laguntzea
- Haurra bere osotasunean kontuan hartzea
- Bere ikasteko nahiari konfiantza egitea
- Haurrari bere ikasketak bere motibazioen arabera hautatzeko askatasuna ematea, argi izanez Bizi Tokin haurrak ezin duela nahi duen guzia egin, baina egiten duen guzia egin nahi duela
- Elkartasuna sustatzea eta ez lehiakortasuna
- Haurrari autonomo izateko aukera ematea
- Haurrak beren garapen maila handien arabera banatzea (gutxi gorabehera 0-2 urte, 2-7 urte, 7-12 urte, 12-15 urte eta 15-18 urte)
- Edozein adinetan, pertsona guziek ikasten eta irakasten dutela pentsatzea
- Haurra ez hartzea bilakaeran den izakitzat soilik, baizik eta, batez ere, orainaldian bizi den izakitzat
- Nortasun kritikoaren garapena laguntzea
- Haurraren sexualitatea errespetatzea.
Eurek egindako ikerketa eta hausnarketen emaitza joria da euren webgunea. Eta bestela, izango da hemendik aurrera ere haiengana joan eta auzolanean haiei laguntzeko aukerarik. Gu, haiengandik gertu izaten saiatuko gara…
Animorik sutsuena hemendik!
1 Iruzkin
” BIZI TOKI” hitzen esanahiari erreparatuz erraza izan daiteke proiektu honen atzean dagoena sumatzea, baina, bizitzeko toki berri bat, bizitzeko modu berri bat, bizitzen ikasteko eta irakasteko aukera berri baten atzean, gizarte eredu berri bat eraikitzeko beharrezkoak diren pauzoak ematen ari diren pertsonak daude. Oinak lurrean eta lanerako behar den guztia emateko prest dagoen jendea. Munduan bizitzeko beste modu bat badela sinisten duen jendea.
Orain dela urte asko, norbait ilargira joan nahi zuela amets egin zuen…benetan sinistu eta lortu zuten…eta bertan zegoela, zera esan zuen; pauzo txiki bat da niretzat, aldiz ikaragarria gizartearentzat!!
Sinistu dezagun guk ere bizimodu berria posible dela!
( Agur bero bat, “Bizi Toki” posible egiten ari diren guztiei eta laister arte)