EliterARTura, pantailako letren eszenatoki berria

Imanol Epelde
0

(Kontu honi buruz Info7n egindako kolaborazioa hemen entzungai)

Ez da erraza literatura definitzea. Definizioa areago zaildu da literatura pantailara heldu denetik. Baina zer inporta du definizioak literatura ulertzeko moduak eta sortzeko manerak dibertsifikatu badira. Orain ez baita literatura paperean soilik egiten. Orain literaturak pantaila ere hartu du antzeztoki eta, oraindik esperimentatze garaian dagoen arren, asko dira sortzen ari diren proposamenak eta horien inguruko teorizazio eta ikerketak.

Horren lekuko da Electronic Literature Organization mundu mailako erakundea. Euren webgunean biltzen dira ikerketa eta sorkuntza lanak. Eta horren lekuko da aurreko astean Bartzelonako Unibertsitatean egin zen Mapping-elit izeneko bi egunetako jardunaldia, Hermeneia ikerketa taldeak antolatuta. Landu ziren gaiak asko izan ziren, eta aipatu ziren proiektuak ere bai. Hitz egin zen garai digitaletako literaturaren ezaugarriez, literatur irakaskuntzan izan beharreko aldaketez, diskurtsoan gertatzen ari diren aldaketez… Eta aipatu ziren besteak beste hona ekarri ditudan zenbait proiektu.

  • Narratopedia: Helburua da elkarrekin osatzea narrazioak. Askotan irakurlearen parte hartzea klik egitera mugatzen da. Proiektu honek muga horiek gainditu eta idazle/irakurle terminoak aldatu nahi ditu iradakurle edo wreader bihurtzeko.
  • Domenico Chiapperen Tierra de extracción. Istorio hipertextuala da (historia irakurtzeko moduak asko dira), irudiak, soinuak eta bideoak gehituta.
  • Emozioak biltzeko makina kurioso hau ere bai, We feel fine izenekoa, Jonathan Harris eta Sep Kamvarrek egina.


Eta gehiago. Sortzen ari dira lan gehiago, genero mota guztietakoak eta arte adierazpide konbinazio askotarikoak. Horregatik jarri dugu martxan eliteraturari buruzko wiki bat, literatura digitalari edo EliterARTurari buruz aritzeko. Batez ere biltegi lana egiten. Bai erdaretan sortzen ari diren lan eta ikerketak jasotzeko, bai eta besteak beste, sarean euskaraz literaturari buruz ari diren guneen biltegi izateko, edota literatura sorkuntzak identifikatzeko.

Wikia elkarren artean elikatzeak du orain zentzua. Interneten sortzen ari denaren bilketa, bakarrak baino hobe egin dezaketelako gehiagok. Jakintzak elkarbanatuta eta elkar elikatuta duelako zentzua garai digital hauetan.

(Wikiari buruz gehiago jakin nahi duenak, aurkezpena Durangoko Azokan)

Eta ea horrela sortzen diren euskaraz eraginkorrak izatera heldu daitezkeen lanak. Ez dok hamairuak beti izango baitira beharrezko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA