Inauterietako astearen errepasoa, nire komunetik

Imanol Epelde
0

Badirudi gaur ez duela atera nahi erreproduktoreak… Kolaborazioa entzuteko HEMEN hobe…

Mozorroak erantzi ezinik ibili gara aste honetan. Inauteri jaiak bereziak direlako oso… batez ere Tolosan, batez ere Lantzen, baina aurten batez ere batez ere Bilbon. Gure euskal txapela maitearen txorten luze-luze bat jarri dute, eta Iberdrola dorrea deitu. Eta inauguraziora Espainiako erregez disfrazatuta azaldu omen zen norbait.

Baina kito, bukatu dira besteen azalean sartu ahal izateko lizentziak. Bukatu dira inauteriak. Orain, badakizue, erreformatzea tokatzen zaigu! Ondo hasten denak ondo bukatzea baitu zor. Bestela ikusi zer gertatu den aste honetan Argentinako tren istripuan. Frenoak hautsi zitzaizkion trenari. Baina, igualtsu gabiltza Europan ere, gure ekonomiaren trenak.. krisiarekin amaitzeko frenoak non dituen asmatu ezinik.

Batzuetan ematen du nahastu eta frenoei beharrean azeleragailuari ematen diotela. Eta ez dakit nahita den edo nahi gabe, baina krisia areagotzen baino ez dute asmatzen. Horren adibide da Greziako greba eta protesten sugarrak aste honetan ere usaindu behar izatea. Jendea kalean janari eske, eraikin historiko zenbait erreta eta polizia robotak suari egurra botatzen. Hori da dena suntsitzeko beharra eta presa.. Hori da ezer sortzen asmatu ezina.

Frenorik gabe eta azeleratuta dabilen bestea, Raxoiren gobernua da. Aste honetan egin ditu bi hilabete presidente izendatu zutenetik, dagoeneko 2 urte pasa direla ematen badu ere, eta zerbait egiten dakiela erakutsi badu… erreformatzen izan da. Aurrekontuak aurrena, finantza erreforma gero eta lan erreforma orain gutxi. Guztiak ere lanpostuak sortzeko asmoz eginak. Ekonomiaz asko ez dugu ulertuko baina, kaleratzeak erraztuta nekez sortuko da lanpostu gehiago. Ikusiko dugu. Ikusi dugun bezala M29ko greba deialdirako motorrak nola berotzen diren. Ordurako, beste erreformaren batekin, greba eskubidea ere ez badute murrizten, aste honetan Espainiako enpresarien elkarteak proposatu bezala.

Argi dago. Ke eta protesta arteko egunak datoz gure kaleetara. Batzuk ez baitie bakerik eman nahi gaizkileei, agintari gaizkileei. No, No habrá paz para los malvados. Argi dago: subliminalki baina.. aurtengo Goya sariek ere bat egin dute, hurrengo egunetako herritarren protestekin.

Garoñako zentral nuklearra da erreformatxo batzuk eginda beste urte mordo batez luzatu nahi dutena. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ez du trabarik ikusten, segurtasunaren ikuspegitik, jarduera luzatzeko. Eta zer nahi duzue esatea. Nik ez nituzke aste honetan bezala Nazio Batuen begiraleak Iranera alferrikako bidaietara bidaliko, Garoñara eramango nituzke kontrol neurriak pasatzera. Fukushimak, arren eta otoi, Japonian bakarrik gerta ez daitezen.

Hugo Chavez da beste erreforma bat behar duena. Osasun erreforma bat, beste ebakuntza bat egin behar omen diote-eta. Eta hobe du bai, Kubara joan. Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuak nola dabiltzan ikusita, eta osasungintzarako diruak murrizten ari direla jakinda, guk ere, azkenean, Kubako ospitaleren batera joan beharko dugu.. oporretan, gure osasun arazoak sendatzera.

Munduko espetxeak ere sutan izan dira aste honetan ere. Hondurasko Comayagua kartzelako oihartzunak isildu ez eta Filipinak eta Mexikoko espetxe banatan gertatu dira ezbeharrak. Ia-ia, espetxeratu dutena DSK izan da. Baina arrain potoloentzako kartzeletako ziegak txikiegiak dira nonbait.

Polizia etxean inkomunikatu eta espetxeratu dituztenak Gipuzkoan atxilotutako bi lagunak izan dira. Baina lagunetan lagun, aste honetan absolbitu eta espetxean errurik gabe urtebete egin ostean kaleratu duten zarauztarra izan da. Eta hutsik dauden oheak betetzea beti izango da pozgarri.

Amaitu dezagun esanez La oreja de Van Gogh izango dela Euskadiren enbaxadore berria munduan. Halaxe jakinarazi du BasqueTour turismoaren euskal agentziak aste honetan. Lastima hemengo hizkuntzak entzuteko ahots bat eta batez ere, belarri bat eta bakarra izatea taldeak. Ni esaterako, aste honetan 500 kapitulu egin dituen Bart Simpsonekin gehiago identifikatzen naiz, donostiar musikariekin baino. Euren musika gustatzen zaidan edo ez, jatorrak diren edo ez, aparte utzita.

Ba honaino gaurkoak. Badakizue, garai batean, Basarrik, bere bordatxoko talaiatik kontenplatzen zuela mundua. Nik nire komunetik. Hurrengo astean gehiago!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA