Nire komun moretik asteari eginiko begiratua

Imanol Epelde
0

Nire komun moretik asteari eginiko begiratua by Imanol Epelde Pagola

Egun seinalatua da gurean martxoaren 3a. 5 langile izaten ditugulako urtero gogoan. 36 urteetan aurtengoa izan da Fragarik gabe oroitu den lehen aldia. Baina, ez da lortu, ez da lortzen, poliziaren jazarpenik gabe, denek bat egindako omenaldirik eskaintzea hildako langile haiei. Aste honetan ere ez.

Bat egin, emakume abertzaleek egin zuten bat pasa den asteburuan Leitzan. Eguzki morea atera zen topaketa haietatik. 500dik gora emakumek parte hartze handiagoa exijitu zutelako gaurko egoera politiko berrian. Euskal Herria feminista aldarri. Eta aste honetan izan ditugun lainoek eguzkia estali nahi izan badute ere, kolore morearen aldarria nagusitu da. Martxoaren 8a, emakume langilearen nazioarteko egunaren harira.

“Emakumea ura baita, ur garbia eta eternala. Eta gizonak gatza eta piperra baino ez dira gaur gaueko zopan”. Halaxe irakurri diogu aste honetan Euskadiko Orkestrarekin batera taula gainera atera den Kirmen Uriberi, Bilbao-New York-Bilbao nobelan. Emakumeak ur eta gizonak gatz, elkarrekin osatzen dugun zopa beroan. Gatz eta pipermin gustu handiegia izaten duela zopak akaso, hara hor akatsa. Izan ere, denok probatzen dugu egunero gizonek gobernatzen duten mundu honetako zopa gazia eta garratza. Eta aste hau ere zoritxarrez, ez da izan salbuespena.

Begira diezaiogun Siria bestela. Sirian ziria ez dakigu nork sartzen digun. Ez dakigu garbi zer gertatzen den. Dakiguna da Bashar Al-Assad gizon boteretsuaren herrian ez dutela udaberririk izan aspaldian, gutxiago iaz Egipton edo Tunisian izan zutena bezalakoa. Eta oraindik, Nazioartea Sirian esku hartuko duen edo ez pentsatzen. Errusiaren ukoa omen da arazo. Putin agintari gorenaren Errusia gorenagoak esku hartzeko premiarik izango ez balu bezala. Aste honetan egin dituzte hauteskundeak bertan, iruzur salaketaz beteak. Garbi dago: hauteskundeak egiteak ez du demokraziarik bermatzen inon. Horregatik ez dute hauteskunderik izaten Txinan, Siriari konturik eskatzea nahi ez duen herrialde horretan ere. Baina, ea nor ausartzen den Txinari eta Errusiari eskua sartzen.

Bai, mesedez, mundu hau hobetuko bada, hartu dezatela parte eta hitza eta botere gehiago emakumeek. Posible ez ezik, derrigorra dela uste dugun beste mundu hori lortzeko ezinbesteko baitira emakumeak.

Bestela, betirako izango ditugu armez hortzetaraino jositako Super potentziak. Ameriketako Estatu Batuak bezalakoak. Super herrialdeek horregatik antolatuko dituzte Super astearteak ere, oraingoan Alderdi Errepublikarraren kanpainan. Denok jarri gaituzte begira aste honetan ere, herrialde hura astindu duen tornadoetara begira baino, alderdi politiko bateko barne kanpainara. Titularrak eskaintzen dizkiegu gainera. Gure kanpainak, gure benetako kanpainak, beste batzuk direnean berez. Aste honetan hasi da, esaterako antxoa harrapatzeko kanpaina, eta berdelarena bukatu, uste baino lehenago bukatu ere. Lehen arrainez betea zegoelako itsasoa, eta orain, urez.

Baina badakizue nork duen horren errua ezta? Badakizue nork duen gu erreformatu nahi izanaren ardura ezta? Edo, inkluso esango nuke, Irujoren ondotik gero eta pilotari gehiago hazizurriak jota egotearen errua, baita, zergatik ez, aste honetan EITBren errepikagailua Guardia Zibilak zigilatzearen errua ere, edota aste honetan Europako Burtsak diabetikoen analisiak bezala ibiltzearen kulpa.

Ez, erruduna ez da krisi finantziarioa sortu berritan lehertu eta aste honetan kiebratik atera dela adierazi duen Lehman Brothers bankuarena. Ez. Gertatzen ari den guztiaren erruduna… Grezia da. Grezia da zure bizkarreko, eztarriko eta poltsikoko minak eragiten dituen birusa, barrabasa eta herejea. Bai, ez izan dudarik, Grezia da gertatzen ari diren gaitz guztien iturri…

Gustura egoteko motiboak, errealitatetik atera eta nobela batean sartzeko grazia, futbolak eman digu aste honetan. Batez ere Atleticoko futbol zaleei. Igandean errealari irabazi eta atzo, egun batez, egun bakar batez izan bazen ere Euskal Herriaren zortzigarren probintzia bihurtu baitzen Manchesterko Old Trafford. Eta bai, futbolak eman beharko dizkigu probintziak, euskararen inkesta soziolinguistikoen datuak ematerakoan EAEkoak soilik eman dizkigutelako, Nafarroa eta Iparraldea euskararenak ez bailiran. Emaitza agerikoa: gehiagok dakigu euskara orain, baina etxean gero eta gutxiago erabiltzen dugu. Ura etxeko bodegatik ari zaigula sartzen alegia. Eta ez dago etxea baino gutxiago defendatu daitekeen territoriorik, etxea baino gehiago konkistatu daitekeenik.

Etxea bai. Azkenean etxean izango ditugu laster ikusgai zientoka hanka pilota biluzi eta distiratsu pedalari kolpeka. Aste honetan jakin dugunez, Euskal Herriko itzulia egin egingo dela azkenean, alegia. Eta bai, harritzekoa da baina, banku batek atera gaitu ataka gaitzetik. Aurreko astean Europako Banku Zentralak bankuei emandako diruak, gurera, gurpil formarekin iritsiko dira nonbait.

Txirrindulariak bezala joan beharko dugu laster Bilbora ere. Bizikletak hartuta. Autobus eta metroko grebak bukatzen ez badira behintzat. Eta ni ere bai, banoa, bizikletarik gabe baina banoa, aste honetan Islandiako lehen ministro ohia epaituko duten bezala eseriko naiz ni ere akusatuen tronuan, nire komunean. Datorren astea nola datorren kontenplatzeko asmoz.

Besarkada bat denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA