Txakurrak oinutsik VI

Imanol Epelde
0

Irrati kontakizunaren seigarren eta azken atala. Info7n egina. Hementxe duzue entzungai eta irakurgai.
Txakurrak oinutsik VI by Imanol Epelde Pagola

Bueno. Ez dakit gogoratuko duzuen nola amaitu zen aurreko atala. Baina momentu emozionantean utzi nuen. Txakurrak oinutsik izeneko irrati kontakizun honen unerik gorenean esango nuke. Ez baitzen gutxiagorako une hartan neukan estutasuna. Gogoratuko duzue, eta gogoratzen ez baduzue ere berdin dio, nola hasi ginen etxera heldu zitzaidan neska misteriotsu hura eta biok elkar goxatzen, larrua basurdeki jotzen, hainbeste denboraz burua zalantzatan eduki ninduen galdera guztiak uxatuta. Ez baitzen berez oso parte onekoa neska hura. Etxetik falta zitzaidan edo hobe esan, etxetik alde egin zidan katuaren trazak hartzen bainizkion. Azkazal luze eta bibote luzeagoak, eskuin hankako herren hura eta makuluak… Baina berdin zion. Ze inporta zion buruhauste horrek denak suak, sexu suak berotuta itsututa bagintuen. Plazeren itsaso bihurtu bagenuen gure ohea. Eta ze inporta zion une horretan, neska laguna izatea edo ez izatea nik.

Ba bai. Inporta zion. Iberdrolako neska eta biok sexu ekintzaren gorenean geundela iritsi zelako neskalaguna etxera. Ohetik kolpera altza, topatutako aurreneko galtzak jantzi eta ohe lagunari lehenbailehen ezkutatzeko eskatu nion. Ohe azpian ez bazen, armairuan, baina ezkutatzeko azkar. Eta nik, gelatik atera eta gelako atea itxi nuenean, ez nuen gauza askotan pentsatzeko tarterik izan, kosta ahala kosta lortu behar bainuen neskalaguna gure logelara ez sartzea, ez Iberdrolako neska hura atera arte behintzat. Nola egin hori? Zaila baino gehiago ezinezkoa zitzaidan aterabidea bilatzea horri. Aitor dezadan. Harrapatuta nengoen. Akabo harremanak, konpartitutako hipotekak eta fideltasun zuriak. Une bateko berotasunak urte luzeetako porrota ekarriko zidan.

-Aizu Imanol! Hor zaude?- galdetu zidan pasilo urrunetik
-Bai, bai, orain noa.
-Baina zer egiten duzu pijametan. Ohean al zeunden?
-Bai, bai, ez nintzen oso ondo sentitzen eta ohean sartu naiz. Nolatan zu horren goiz?-galdetu nion. Hitz egin zezala berak. Nik hanka sartu baino ez nuen egingo eta.
-Ba, lanak uste baino lehenago amaitu ditut eta beitu, pentsatzen nuen aprobetxa genezakeela buelta bat egiteko.
-Bale! Goazen oraintxe bertan. Eguraldi ona dago- esan nion. Ea gelara sartu gabe lortzen nuen ateratzea etxetik. Egingo nuen zerbait gero.
-Baina ez al zeunden ba gaixo zu? Bueno, aldatu eta joan egingo gara…
-Ez!-erantzun nion. Aldatu ez. Horrelaxe ondo zaude. Goazen horrelaxe.
-Bai, pijametan ezta?
Ez nuen beste erremediorik izan etsitzea baino. Gainera sofatik altza bezain pronto ohartu zen lurrean zegoen… makuluaz. Saiatu nintzen esplikatzen lagun batek utzi zidala soberan zuelako, inoiz beharko banuen ere. Saiatu nintzen esplikatzen bai, baina konbikzio etsigarriz. Jakinda, denbora oso gutxi barru harrapatuko ninduela tranpan… logelako atea zabaltzen zuenean.
Pasilloan barrena abiatu zenean ez nuen jakin bere bidea gelditzeko fundamentuzko arrazoirik topatzen. Maite nuela. Asko maite nuela esan nion. Eta besarkada batean hartu. Berak, noski, ze ostiatan ari nintzen galdetu zidan. Txoratuta al nengoen-edo. Eta nik baietz, txoratuta ninduela erantzun nion. Eta akabo. Amaitu zen gezurra, amaitu jolasa. Eskua atean zuen, eta zabaltzear zegoen. Eta nik begiak itxi nituen. Eta atea zabaltzen zuela konturatu nintzen.
-Kaixo Mixi hemen zaude ta!
Eta neskalagunak niri aspaldian eman gabeko laztanak egin zizkion besoetan hartuta katuari. Eta ni Zarautzen esaten dugun bezala jotama geratu nintzen katuarekin. Aurrena emakume bihurtu zen katuarekin eta gero katu bihurtu zen emakumearekin. Egia zen orduan. Katu hura ez zen osoki katu, ez emakume hura osoki emakume ere. Eta katu batekin larrutan aritu izana, zer nahi duzue ba esatea, egin zitzaidan asaldagarria. Nazkagarria ere bai. Baina hutsaren hurrengoa zen nazka hura, hartu nuen lasaituarekin konparatuta. Nire bizimodua ez zen aldatuko, hipoteka konpartitzen segituko genuen eta zoriontsu izango ginen gure tristezia une ederrekin.
Paretara itsatsita geratu nintzen. Katua urreratu zitzaidan arte. Harro, atzeko eskuineko hankarekin herren eginez. Niri zuzenean begiratuz eta oinetara heldu zitzaidanean salto egin zidan besoetara. Eta nik hartu egin nuen laztanen bat emateko edo. Besoetan hartu bezain pronto egin zidan horzka katuak, eta beste salto batekin jauzi egin.
-Baina zer egin diozu katuari? Galdetu zidan neskak.
Oso arraro dabil aspaldian erantzun nion. Oso arraro zurekin dabil erantzun zidan berak.
Izan liteke bai, izan liteke, akaso ulertuko zuen nik katurik ez dudala inoiz etxean izan nahi.

Baina alferrik zen. Aurrerantzean hiruok osatuko genuen familia. Bai behintzat katua hizketan hasi eta gertatuak kontatzen ez bazizkion.

Eta honaino Doltza Txakurrak oinutsik. Hurrengoan beste zerbaitekin itzuliko naiz. Eta entzuleen laguntza eskatuko dut gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA