Iparraldeko infernuak eta Koreak astearen errepasoan

Imanol Epelde
0

Aurreko larunbatean, bi besoak jasota amaitu zuen Euskal Herriko itzulia Samuel Sanchezek. Bi besoak jasota eta txapela jantzita, Euskal Herriko errepide busti, estu eta okerretan lortutako azken garaipen handiaren seinaletan. Igandean berriz azken aldiko pilota partidu ikusgarri eta emozionanteena jokatu zuten Olaizola eta Beroizek, Titin eta Merinoren aurka, pilotaren historian beste orrialde eder bat idatziz. // Eta egun berean, iparraldeko infernua nolakoa den ikasi genuen Tom Boonenek irabazitako laugarren Paris-Rubeix lasterketari begira.

Ez genekiena zen asteburuan gertatuko infernu, pilota eta errepide okerrak.. zetorzkigun egunen metafora izango zirenik. Aste hau infernu bilakatu baita Euskal Herriko errepide politiko eta humanoan Iñigo Cabacasen heriotzarengatik, historia makabroki idatzi duen pilota baten erruz.

Ondo dakizue zuek. Richter eskalan 8,7 graduko lurrikara batek astindu ditu gure barruak aste honetan, Indonesia inguruak astindu dituen bezala. Jendea izulaborriak jota joan omen da abailan ihesi tsunamiak sortu eta irentsiko zituen beldur. Korrika batean. Gutxi gora-behera gure herrian korrika ihes egiten den bezala, Ertzaintzaren furgoneta bat iristen den bakoitzeko.

Eta su hartu du sareak eta su jendeak haserretuta. Milaka mezu lehertu dira amorrazioz Interneten, amorrazioz eta inpotentziaz, Iñigoren lagunek.. elkarri emandako besarkada etsituak bezala. Mezu horietako asko ordea, kendu egin dituzte Internetetik, sarearen jabe izan nahi dutenek. Baina ez gaude kexatzeko, aprobetxa dezagun egoera, etorri daitekeena askoz okerragoa izan baidaiteke. Izan ere, eta aste honetan jakin dugunez, erresistentzia pasiboa autoritatearen aurkako atentatutzat jo nahi du Espainiako Gobernuak. Baina guk, zoritxarrez, aspaldi galdu dugu horrelako albisteekin harritzeko kapazidadea. Aste honetan berretsi dutenez, politikari bati tarta bat botatzea nahikoa baita 10 urtera arteko kartzela zigorra jasotzeko.

Isilik eta zintzo eduki nahi gaituzte. Eta terrorea darabilte horretarako. Beste murrizketa batzuk hitz eman dizkigute kaleko eta sareko protesten aurkako neurriak iragartzearekin batera: 7.000 milioi gutxiago gastatu nahi dituzte Osasungintzan. Gizarte ongizatea hilzorira eraman eta medikurik izan ez dezan zainketa intentsiboko unitatean. Eta 3.000 milioi gutxiago Hezkuntzan. Ez baitute gizarte ongizatearen hilketa nola gertatu zen azalduko duen historia irakaslerik nahi. Debekatuta hileta elizkizunak eta debekatuta protestak. Demokraziarena aspaldi kontatu ziguten fantasiazko ipuin bat baino ez da. Merkatuarena da, eta merkatuarena baino ez IV. Reicha.

Iraingarriena da neurri berriak iragartzeko prentsa ohar bat baino ez duela publikatu Espainiako Gobernuak. Hurrengoan twit bat bidaliko digute hauteskunderik gehiago ez dela izango iragartzeko. Total! Hauteskundeak zertarako? Baina bueno, prentsa ohar bat, bada zerbait. Tarteka ikusten dugu Espainiako Gobernuburua, mikrofonoengatik ihesean bada ere. Bada zerbait. Ze, hemen, kantuan hasi beharko dugu laster… non hago, zein larretan, Ajuria Eneako artzaia, mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesetan joan hintzana..

Enfin, ya ez da krisia bakarrik hemen bizi duguna. Sistema kapitalistaren bukaeraren hasiera baino ez da hau. Horren erakusgarri izan daiteke gaur goizean Ipar-Korea-hiper-komunistak kohete bat bota izana, gure herrialdeen dekadentzia ospatzeko.

Edo horren erakusgarri izan daiteke aste honetan Facebookek Instagram argazkiak lantzeko programa erosi izana. Asko duenak gero eta gehiago baitu hemen. Eta askoz, askoz gehiago nahi. Akaso Facebooki eskatu beharko diogu laster Espainiako zorra erosteko, aste honetan ere goia jo duen arrisku prima noizbait jaitsiko bada. Edo erosi ditzala bestela Espainiako zenbait banku, enpresa eta merkatu. Edo hobeto oraindik.. erosi dezala Espainia osoa bere flamenko doinu, zezen plaza, futbol talde eta botijoekin. Hartara gure herriek ere Madrilgo metroko geltokien antzeko izenak izango dituzte. Googlepuzkoa, edo Bizkaibook edo MacAraba, Macdonalsek bere patata frijitu guztiak Arabako patatekin egitearen trukean. Ai, zein izen politak Euskal Galaxi Herria soberanorako.

Enfin, bukatu dezadan, Hertzainak musika taldearen kantu bat gogoratuz. Bukatu dezadan beti bezala nire komunean, nire aberri partikularrean errefuxiatu eta nire aberria ohoratzen, beste batzuk, pazko egunez euren aberriaren eguna zelebratu zuten bezala Bilbon edo Iruñean. Euskal Herri libre eta tropikalaren alde egingo dut nik, militarrik gabea hori bai, eta akaso bere buruaren jabe baino burugabea.

 Asteburu burugabea denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA