Begiratua asterik luzeenari

Imanol Epelde
0

Kosta da. Ederki kosta da aste honetan ostirala iristea. Astea infinitoraino luzatu baitu erreforma proposamen bakoitzak. Eta egunero proposatu digute bat. Ministro bat hizketan ateratzen zen bakoitzeko geratu da denbora. Hemendik aurrera kontuz ibili beharko dugu, Raxoi bidaian ateratzen den bakoitzeko oilartu egiten baitzaizkio ministroak.

Denek adierazi dute hemendik ez bada handik, eta bestela hortik estutuko gaituztela… Baina benetan, gerrikoak estutu beharrean, zuzenean galtzak kendu nahi dizkigutela dirudi! Eta eskerrak, eskerrak iritsi den ostirala. Murrizketak gaur dekretu bidez onartuko badizkigute ere, tregua txiki bat izango du astelehen arte. Ze asteburuetan, jai egiten dute ministroek ezta?

Jai egiteko dago ba panorama. Lokatza besterik ez bazterretan. Eta ez da aste honetan eguraldi busti eta hotza izan dugulako bakarrik, ez, hauteskundetan dagoen Frantzia kalifikazio mailarik onena galtzeko zorian dabil, IBEX 35a hondoratzen ari da duela 100 urte Titanica hondoratu zen bezala, eta ea nor geratzen den biolina jotzen orain. Murrizten hasita, IƱaki Antiguedad ere kendu digute. Edo hobe esan: joan egin da, utzi egin du kargua, zenbait politikarik hauteskundeetara aurkeztu eta ondoren ospa egiteko duten ohitura txarrari jarraipena emanez. Pentsa, kentzen hasita, Sautrela ere kendu digute. Aste honetan eman baitute azken atala. Eta fikziorik gabe geratu gara, literaturarik gabe. Eta hau, hasi besterik ez omen da egin. Zero kilometroan omen gaude.

Putzuz bestaldera eta hemendik kilometro askotara, Amerikako estatuen goi bilera egin zen asteburuan, Kolonbian. Kuba bakarrik falta zen, kazetariak, sindikalistak, ikasleak eta politikariak erailtzen dituen Kolonbia super demokratiko eta paralimitarrean, ez baitago diktadurarik onartzerik, merkatuarena ez bada.

Argentinako presidenteari ere ez zitzaion batere gustatu goi bilerako menua. Orain ulertu dugu zergatik joan zen bilerak bukatu baino lehenago. Malvinetako postrea ukatu zioten eta Repsol hartu du trukean.

Eta sutu dira Ameriketako Estatu Batuarren buruzagiak, haserretu Europako goi mandatariak eta Espainiarrak zazpi mila demoniok hartuta, gatza sutan bezala jarri dira irakiten, hortzak ahoan. Legea haustea leporatu diete argentinarrei. Beti aipatzen dute hauek legea, eta kasualitatea izango da lege hori beti izaten dela euren aldekoa. Ze, funtsean, enpresa espropiatzaile bat espropiatu egin dute. Eta ez besterik.

Baina espropiatu, pertsonak ere egiten dira. Eta eskubideak. Eta zerbitzuak. Horren adibide da aste honetan osasunarekin egin dutena.

Badirudi aurreko astean Nazioarteko Diru Funtsak ateratako txostenari segituan egin diola kasu Espainiak. FMIren arabera, luzaroegi bizi gara. Urte gehiegiz bizi gara eta horrek diru asko, asko balio du. Hemen, merkatuak erabakitzen du nola bizi behar dugun, eta merkatuak erabakitzen nola eta noiz hil beharko dugun ere. Finantza arriskua sortzen dugulako urte gehiegiz bizita. Bai. Azkar eta motxian esanda: Merkeago ateratzen gara lehenago hilda. Horregatik proposatuko zituen aste honetan Espainiako gobernuak horrelako osasun neurriak. Botiken prezioak igo egingo baitituzte, eta tartean pentsiodunenak.

Hezkuntzan eta unibertsitatean hartzen hasitako neurriak ere ez dira gutxiagorako. Eta ikusteko dago orain, gure eskuduntza eta autonomiek balioko duten ezertarako. Bestela, ikusi duzue zein agintariren menean jarraituko dugun…

Esaterako, errepublikaren egunean hartu zuen min Espainiako erregeak, Botsuanako errepublikan. Espainiako Gobernuak non zebilen ere ez omen zekien. Horri absentismo laborala deitzen zaio. Eta orain gainera 45 egun egingo ditu baja medikoan. Nik uste oraingo erreforma laboralarekin, kaleratzeko arrazoirik ez dela falta. Ze barkamenik ere ez baitu eskatu berez, sentitzen duela esan bakarrik.

Honaino aste honetakoa, Manu. Hurrengo astean ere hemen izango naiz.. inolako erreformarik behar ez duen nire betiko komunarekin. Asteburu on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA