Irakasle baten bi minutuko manifestua

Imanol Epelde
3

2012ko apirilaren 27an, udaberriak ezkutaketara jolasten segitzen duen honetan, 2 minutuko manifestu bat kaleratu nahi dut Antoniano Ikastetxeak 100 urte egin eta… areto hau jende ilustratuz bete dela aprobetxatuta.

Bi urteko eszedentziaren ondoren, hurrengo ikasturtean irakaskuntzara itzultzeko asmoa dudala eta, idatzi dut manifestu hau. Bi urte behar izan ditut beraz bi minutuko manifestu hau osatzeko. Minutu bat urte bakoitzeko. Eta honela dio:

XXI. mendeko irakasleok umiltasun eta zintzotasun handiagoa behar dugula gure ikasleen aurrean. Batetik, irakastea bitan ikastea delako. Eta bestetik, goi aingeru bat bezala, ukitu eta usaindu ezin daitekeen beste goi irakasle bat daukagulako orain. Eta kasu! Kontuz! Ameriketako Estatu Batuarra da irakasle hori eta Google izena du. Tekleatzearekin nahikoa da berarekin harremanetan jartzeko. Ez dago eskolara joan beharrik horretarako.

Horregatik behar eta exijitzen dut, eskolara iristen garenean pelikuletan bezala irakasteko askatasuna. Batez ere honelakorik egiteko Google gai ez delako… oraingoz behintzat. Adibidez, denok mirestu arren, sekula praktikara ez dugu eraman “El club de los poetas muertos” pelikulako eszena hura. Ikasle guztiak mahai gainera igoarazita mundua desberdin ikusarazi ziena. Inportanteena ez baita ikastea, gauzak ikusteko modua baizik, begirada. Egingo dugu aproba, hemen, aulkietara igota?

Ez! Ez, ezta? Aspaldi bihurtu ginen serioegiak eta aspergarriegiak. Gainera, plastikozko aulkiak dira hemen gehienak eta… pixkat bat erotuta egon behar da plastikozko aulkietara igotzeko… pixka bat erotuta egon behar da bai… irakasleak bezala. Halaxe egon behar baitu irakasle batek bere lana maitatzeko, pixka bat zoratuta eta… %100 zoriontsu. Utikan irakasle tristeak! Utikan irakasle piperrak! Irakasleak erakutsi behar duen gauza bakarra… zoriontsu izatea da, bizitza pasioz nola bizi behar den eta pasio hori elkarbanatzen… Zoriontsu izateko beharrezko badituzte bakarrik erakutsi behar genizkieke ikasleei… matematikak, kimikako formulak eta aditz subordinatuak.

Irakasleok eskolako hormak ere eraitsi egin behar ditugu. Teilatua ez, teilatua utzi egingo dugu, teilatua beharrezkoa da horrelako udaberri euritsuetatik babesteko. Baina garai digitaletan sarean ari gara hazten, hezten, mundu osoarekin batera, elkarrekin. Eta irakasleok ezin dugu gizartean gertatzen denarekiko ITSU, MUTU ETA GOR segi ikasleen aurrera joaten garen bakoitzean. Ezin dugu azken aste hauetan bezala gizarte ongizateari egiten ari zaizkion murrizketez hitz egin gabe geratu eta biolina jotzen segi, IBEX 35a izeneko finantza barkua, Titanica bezala hondoratzen ari den honetan. Garrantzitsua da, ezinbestekoa da Gernika orain 75 urte bonbardatu zutela oroitzea eta irakastea. Baina egunero bonbardatzen dute Gernika bat munduan. Kontua da orain Picasso falta dela eta guri dagokigula koadroak marraztea. Nola liteke umeak berez hain intelijenteak izanda, heldu gehienak bezala hain ergelak izatera iristea?

Horregatik eta manifestuarekin bukatzeko, (2 minutu baino luzexiagoa ari zait ateratzen baina, justifikatu beharra neukan eszedentzia urtea…) irakasleok beste belaunaldi bat sortu behar dugu krisi honetatik ateratzeko. Krisi ekonomiko, energetiko, klimatiko, ekologiko, sikologiko eta demografiko honetatik ateratzeko, esan nahi dut. Beste belaunaldi bat sortu behar dugu. Ezin ditugu transmititu balio kontserbadoreak, ezin dugu gizarte eredu hau konjelatu… Biziaren krisiaren aurrean gaude, krisi biziaren aurrean baino.

Ezin dugu jakintzarekin trafikatzen duten kamelloak bakarrik izan. Transmititu dezagun, gure lana denik eta ederrena denaren poza, jendeak esaten segi dezan… Irakasliak… zuek bai bizi zeatela!

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA