Jo ezak beste bat, Gari!

Imanol Epelde
0

Beltzek jaio zuten burdel ilunetan.. askatasuna maite zutelako, askatasuna nahi eta behar zutelako. Bizitzaren alde egin nahi zuten topa pieza bakoitzak irauten zuen bitartean, eta pieza bakoitzak irauten zuen bitartean, poztasun eta bizitzeko gogo bihurtu zituzten tristeziak, injustiziak. Pianoa, tronpeta eta klarinetea hartuta garrasia musika bihurtu zuten, eta musika… jazz!

Astelehen honetan ospatu ahal izan genuen lehen aldiz Jazzaren Nazioarteko Eguna. Bai, jazz pieza batekin agurtu gintuen apirilak. Eta langileen egunarekin esnatu maiatzaren lehenak. Eta norbaitek azpitik entzun zitekeen jazz musika itzali egin zuen. Jazza inoiz baino beharrezkoagoa denean.. murrizketa-dekretu eta kaleratzeen peajeak… ordaintzea tokatzen zaigun garai hauetan.

Jazza bai, jazza inoiz baino beharrezkoagoa dugu, gure erantzunetan originalagoak izan nahi badugu, sortzaileagoak. Edonork aurreikusi ditzake maiatzaren bataren ondorengo periodikoetako argazkiak. Sindikatu bakoitza bere banderak astintzen, nork gorago astinduko hori bai, nork gogorrago, ortografi akatsek baino bereizten ez dituzten pankarten atzean. Manifestazioak bihurtu dira gure erantzun bide bakarrak. Baina musika ere izan daiteke protesta, jazza ere izan daiteke liberazio. Gure etxeko armekin eginiko jazza jakina: hurrengoan, eskuko soinuarekin aterako gara, txalapartarekin, albokarekin, eta konposatuko dugu denik eta jazz piezarik ederrena barre egiteko. Lehenik eta behin geure buruari eta ondoren, Europako banku Zentrala bezalako agintariei barre egiteko, aste honetan Bartzelona 8.000 poliziaz setiatu duten horiei barre egiteko.

Aitortu behar dut hala ere, manifestazioak arrakasta gero eta handiago izaten ari direla, gero eta koloretsuagoak eta jendetsuagoak baitira. Batez ere polizia ere manifestazioetara joaten hasi denetik. Izan protestak isiltzera edo izan manifestarien artean kalez jantzita sartuta. Bartzelona da horren lekuko. Egiten den manifestazio bakoitzean harrapatzen dutelako kalez jantzitako polizia bat. Eta aste hau ere ez da salbuespen izan.

Legea dute eskutik, eta nahi dutenean sartu dezakete poltsikoan, nahi dutenean atera.. mahai gainera. Shengen legearekin egin dute hori aste honetan, Bartzelonako goi bilera egin artean Shengen legea bertan behera utzi dutelako, Espainiara protestan sartu nahi zutenei ateak itxiz. Hori bermatzeko jarriko zituzten frankotiratzaileak kristalezko dorre altuetan, berez, babes beharrik handiena herritarrok dugunean. Eta pelikula hori dena muntatu dute, jakinda Frantziako hauteskundeak pasa artean, erabaki irmorik ezingo duela hartu Europako Banku Zentralak. Eta Espainiako Gobernuari esateko, zein ondo ari diren herritarren gerrikoak askatu.. eta lepoan estutzen.

Bai, burdinazko harresi armatuetan gotortzen duten demokrazia nahi dute. Obamaren Afganistan bezalakoa, Obamaren mundua bezalakoa, Bin Laden hil eta urtebetera, mundua seguruagoa dela sinestarazi nahian, Afganistan bisitatzera joan den aste berean. Bai, Bartzelonakoa bezalako goi bilera bat beharko zuen Espainiak, batez ere moralez gero eta baxuago dabilelako. Bai, baxu dabil Espainia moralez, batez ere, Espainiarena zen elektrizitate konpainiaz jabetu denetik Morales… Evo Morales.

Minik sentitzen ez duenaren gogor plantak egin ditu Espainiak, arrautzetan baloi kolpea jaso eta ondo nago, ondo nago esanez bezala. Argentina lehen, Bolivia orain… martxa honetan, laster nazionalizatuko ditu Marokok… Ceuta eta Melilla ere. Eta ondo pentsatzen jarrita, ez legoke gaizki guk ere geure burua nazionalizatzea, Moralesen, Evo Moralesen argudio berberak erabilita: Espainiak gero eta gutxiago inbertitzen duela Euskal Herrian, murrizketak gero eta handiagoak direla urtez urte…

Eta behin hasita, Basagoiti ere nazionalizatu egingo dugu. Ze, Clementeren prentsaurrekoak baino interesgarriagoak dira bere prentsaurreak eta blogeko postak, akaso, eta entzun zer esan behar dudan… akaso, Arzallusen hitzaldiak edo ArgiƱanoren sukaldeak baino interesgarriago, komunikatzaileago. Berak besteei esan bai, baina bera ari da bihurtzen Bart Simpson baino entretenigarriago. Batez ere aste honetan etorkinez esan dituenak entzunda, EAEn 20.000 lagun inguru osasun txartelik gabe geratzeko arriskuan zeudenean! Ai ama, prentsa askatasunaren eguna ospatu zen atzo. Horrelakoen beharrik ez daukate zenbait politikarik, ez baitie batere ardurarik eskatzen edozer gauza esan.. eta inkonpetente totala izateak.

Jazzaren astea izan da hau. Baina baita Hertzainak taldearena ere. Ustekabeko agerraldi bat egin zutelako Hell dorado aretoan, Gasteizen, Tito Aldama Hertzainakeko saxofoi jotzailea omentzera aterata. Gehienok geratu ginen bertatik bertara ikusteko gogoz. Horregatik bukatuko dut aste honetan jo zak berriro Sam, esan beharrean, Gari, jo ezazue beste bat mesedez esaten. Zain edukiko gaituzte. Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA