Donostiako ospitaleko itxarongelan nago, digestio aparatuko nire medikuak kontsulta noiz pasako zain. Ez da lehenengo aldia. Eta ez da azkenekoa izango. Orain urtebete hasi zen dena. Komuneko papera pasa eta odola sumatzen hasi nintzenean. Zeinek esan behar zidan niri komuneko paperean poemak idaztetik odoleztatzera pasako nintzenik!
Hainbat froga egin ondoren 2011ko abenduaren 9an diagnostikatu zidan gaixotasuna Bujanda doktoreak. Ultzeradun kolitisa omen nuen, eta botika batzuk epe jakinik gabe hartu beharko omen nituen. Hitz gutxi eta azkarretan bota zizkidan denak. Kontsultatik atera ondoren konturatu nintzen botikak epe jakinik gabe hartzeak esan nahi zuenaz. Gaixotasun kroniko bat nuela alegia, sendabiderik gabekoa.
Betirako gaitza onartu nahi ez eta Egoitz Garro elikadura orientatzailearengana joan nintzen Zumaira. Egoitz ezagutzen nuen liburu bat euskaraz argitaratua zuelako makrobiotikari buruz. Dieta bat jarri zidan eta harekin, inoiz ez bezain osasuntsu eta sendo sentitzera heldu nintzen. Kilo batzuk galdu nituen, baina gauzak ondo zihoazen, dietatik pixkanaka urruntzen hasi eta gutxira, maiatzaren bueltan, hemorragia berriz sortu zitzaidan arte.
Hasi nintzen medikuak emandako botikak hartzen berriz, baina odola ez zen eteten, hasi nintzen botika gogorragoak hartzen (kortikoideak), eta ez nuen diferentziarik nabaritzen. Azkenean esan zidaten, rektoskopia bat egin ostean, birus bat atzeman zidatela eta tratamendu bat jarri zidaten. Ohean eta etxean ahul egun batzuk pasa ostean, pixkanaka errekuperatu eta hiru asteko tratamenduaren azkenetan utzi nion odola botatzeari.
Denbora honetan guztian animoa goian mantentzea kostatu zait gehien. Gainerako gauza guztiak utzi eta nire buruarengan eta niregan bakarrik zentratzeraino. Gauza asko aldatu dira nire bizimoduaz inoiz ez bezala hausnartu dudanetik. Asko ikasi dut eta pozik nago egin dudanarengatik. Ez didate titulurik emango baina bizitzaren masterrean graduatu berri sentitzen naiz. Bizimodu berri bati ekin diot. Gauza asko utzi ditut bazterrera eta beste asko deskubritu. Lan egin behar izan dut zergatik eta nolatan gaixotu naizen jakiteko. Atera ditut nire ondorioak. Gaixotu naiz niri eragin didaten minarengatik, familiakoak tartean eta gaixotu naiz, neure erruagatik ere, bizitza serioegi hartzearren-edo, bizitzera jolasteko behin eta berriz neronek aldarrikatu arren.
Lan luzea izan da. Baina gustura nago orain. Oso gustura. Barruak eta intuizioak esaten didanari kasu gehiago egiteko asmoz.
Odol jarioak orain gutxi gelditu zaizkit. Badakit bide luzea daukadala egiteko oraindik. Pixkana joan beharko… Indartsu nago eta horregatik, hementxe eta orain eskertu nahi ditut denbora guzti honetan zehar alboan izan ditudan guztiak. Zuengatik guztiengatik nago orain ondo.
Batetik, Edurne eta Irati arreba, Mattin anaiarekin batera. Zuen besarkadak eta arreta ezinbestekoak izan dira. Handia Edurne, orain gutxi esan zenidan hura: “Lo egin ezinik zaudenean, alferrik da pentsatzea lo egin nahi duzula. Odola gelditzeko nahiarekin ere berdin izango da“. Eskerrik asko Ibrahimi ere. Ez dakik azenayo, zein indar daukaken barruan eta ze txispa eman didaken baju egon nauken guztitan! Ezin ahaztu aita, betiko segurtasunez eta baikortasunez hartu nauzulako, etorkizunarekiko ilusioz. Eta ama, hor zaudelako beti. Ei! Eta izeba Bitxori ere bai! Zenbat minutu telefonoan konpondide bila…
Kuadrilakoak ezin aipatuko ditut. Mutilok badugu halako alergia bat barruak hustea galarazten diguna. Beti gaude guay, beti ondo, jaja eta jiji. Baina ohean ezinean, edo komunetik negarrez desesperatuta ateratzen nintzenean alboan nahi zintuztedan eta ez zaituztet izan. Eta izan nahi zaituztet. Benetan. Ezin aipatu gabe utzi, Ainhoa Alberdi (masaje eta laguntasun horrek pauso sendoagoak ematen lagundu dit), Naroa Elortza (Zurriolako hondartza gurea izan da aurten!), Samara Velte (gutxitan egonagatik nire burua nik bezain ondo ezagutzen duzu zuk), Laura leondarra eta Judit sin hache, nire epostako aitortzak hain ondo eramateagatik. Eta punto suspentsibo gutxi. Ez dira askoz gehiago izango. Seguru ahazten zaidala norbait baina, horiek dira orain datorzkinadak burura.
Eta eskerrik asko zuri, Egoitz, bidea erakutsiko zidan norbait behar nuen eta zuk esan didazu nondik eta nola jo. Gidari handia zara. Espero Tina eta zure proiektu ederra sendotu (Euskal Eskola Makrobiotikoa) eta espazio berria laster zabaltzea Euskal Herriko hiriburuan! Laguntzeko prest nauzue edozertarako. Ezin aipatu gabe utzi Saint Gaudenseko makrobiotika etxean egindako egonaldiak eta bertan ezagutu eta egindako lagunak ere.
Mila esker denoi bihotzez eta aurrera, bizitza bakarra da eta ez dago alferrik galtzeko…
56 Iruzkin
Animo, Imanol! Eutsi goiari!
Aupa Aritz. Ezin asmatu nor zaren baina… besarkada eta animo anonimoak ere ongi etorriak dira! Aurrera ba!
Zein naizen? Getaian bizi dan Amezketako Aritz; Zarauzko EHEko kidea.
Besarkada ta animo jakiñek!!! Kar, kar, kar!
Aurki arte.
Aritz
Apa Aritz! Bi gauza ikasi dizkiat gaur. Aritzen atzean zein dagoen eta Getayan bizi haizela. Beste leziyo bat geyo!
Animo Imanol
Posten naiz hobeto zaudela jakiteak
Zorionak graduagatik. Animo, segi bizitzera jolasten ikasten. Ikusi arte.
Eskerrik asko Artano!
Animo Imanol; heuk dioken bezala bizitzaren atal hauek titulaziorik gabeko ikasgaiak dira, gogorrak, norbera zein txikia garen ikustera eramaten gaituzte, ahulak garela onartzera. Hor kokatzen gara; ez gara geure ametsetako erraldoia, ez eta gure beldurren ipotxak. Abere bizidunak gara, ondorioz, geure bizi ikuspegiaren teorietatik praktika artean dagoen distantzia, laburra dela ohartzen gara, eta beldurra bizitzen dugu. Beste era batera esan da. Bizitzaz pentsatzeko ateak irekitzen dizkigu, baina orain ikuspegi oro batetik. Jakinik eta gure eginik, epe jakin baterako gaudela. Guzti honek krisia sorrarazten digu baina gauza asko behin eta berriz birplanteatzen dira eta aukera ederra izaten da norberaren oinarrizko ideiak eta gogoetak birkokatzeko eta aurrerantzean indartuta aurrera egiteko.
Gaizki pasatzen da, baina aurrera zoazen heinean, heldutasunean (era positiboan, ez dut esanahi kontserbadoreagoan) irabaziko duzu.
Eutsi goiari eta besarkada bat.
Mikel Aranburu.
Animo Imanol!! txapa dezentea bota diat
Mikel!!! Eskerrik asko benetan. Egunero ikasten omen dira bizitzako lezioak eta hara… niri tokatu zait sorta bat kolpera ikastea. Aurrea ba!
Eutxorrei Epelde!
Hoi dek eta!! Eutxorrei beti!
Animo Imanol, hartu indarra eta egongo gara!
Eskerrik asko Beñat! Ari naiz, hasi naiz atzeratutako Orsaiak irakurtzen. Iraila-urrian egon beharra daukagu blogsovietari hautsak kentzeko… Besarkada bat!
Animo, Imanol. Horrelako masterretan ikasle ona izateak asko balio dik, batzuetan, unerik gogorrenetan, ezetz ematen duen arren.
Bai eta hemen txuletak egiteak ez dik balio… skerrik asko!
Aupa Imanol,
Oraingo honetan zure posta pertsonalean baino nahiago izan dut zure blogean erantzutea, zure lagun guztiak bezala, hala sentitzen bait naiz.
Mila esker zuri zure pazientziagatik eta eutsi barne indar horri, agerian biluzten dena bait da indartsuena, denak leku beretik jaio gara eta.
Ongi izan
Egoitz
Aurrera beti Egoitz! Ohorea zu hemen izatea…
ey!
ta viva zapatak ta zure etenik gabeko pausua. besarkada haundi bat!
.ander.
Ander anonimoa. Gora zapatak bai! Pausua nora eman jakinez gero ez zaigu oinetakorik faltako… 27 ditut nik…
Aupa, Imanol!
Pozten naiz orain ondo egoteaz! Horrelako gaixotasunek aldatu egiten gaituzte, eta zuk esan duzun moduan asko hausnartzeko balio dute. Badakit zertaz ari naizen, orain 6 bat urtez luzaroan egon nintzelako birus ezezagun batekin.
Espero dut prozesu guztiak indartsuago bihurtzeko balio izatea, eta benetan zen zer inporta duen ezagutzea.
Besarkada handi bat eta animo!
Eskerrik asko Leire. Virusak ez baitira ordenadoretarako bakarrik… besarkada bat zuri ere!
Hitz hunkigarriak, Imanol…
Poztu nau azken hilabeteotako trabesia zure txoko honetan islatuta ikusteak. Iraila hurbildu zaigun seinale, kumunarekin eta bestelakoekin adiskidetu, zauriak sendatu, eta bizitzako fase berri bat hasteko prest zaudenaren seinale.
Zurriolako hondartzak badu terapeutikoa den zerbait, bai horixe! 🙂 Pasiada ta berbaldi ederrotan trabesiaren berri jakiteak, sentimenduak azaleratu (gizonei inposatutako mugei aurre eginez) eta anekdotaz betetako kontuak astintzea ederra izan da. Eta oso aberasgarria.
Beraz, eskerrak zuri bueltan, irakatsi eta erakutsitakoagatik.
Hori bai, txuletaren bat pendiente daukagu, e? 😉
Besarkada ta irribarre handi bat! 😀
bueno… txuletak itxoin beharko du pixkat baina bueno, zapo eder bat jateko prest beti!
Aupa Imanol, joe, unkituta geratu nauk. Buelta eman diok, eta horrek indarra ematen dik. Beti aurrera!
Animo motel!
Koadrilla guztiak berdinak, dena guai.
Besarkada bat!
Aupa Txarli. Animatuta natxiok. Zuek mezuekin are geyo uandik. Mila esker!
Apa txapeldun!
Pozten nauk berriz ere hemen haizela ikustean, asteei egindako errepaso nahasiei berriz ere ekiteko prest. Ala bizitza berri horrek ere aldaketak ekarriko dizkik blogeko hire jardunean?
Ez didak agian sinetsiko, baina pasa duhana pasata ere inbiria ematera ere iritsi haiz. Inbiria, barruak askatzera iritsi baldin bahaiz. Beti guai, beti ondo, jaja eta jiji… Barruak hustutzeari alergia! Halaxe gaituk ba mutillak, ezin hobeto deskribatu duk, bete betean eman duk azken azalpenarekin, ni behintzat guztiz identifikatzen nauk horrekin. Ez nauk beti jiji eta jaja, eta beti ondo ere ez: gaizki naukenean gaizki pasa eta kitto, ze barruak hustutze hori… Ezta hil behar badiat ere! Ez diat gustoko, baina nire gainetik zegoken zerbait duk. Lotsa den hala beldurra, ez nike jakingo esaten, baina ez diat ez gustoko. Badiat esperantza (edo gogoa) egunen batean aldatu ahal izango ote diadan jarrera hori. Ziur nauk kuadrillakoek ere (denak ez badituk ere batzuk behintzat), hurbillago izan nahiko ziatela; orain poztuko dituala hobeto hagoela ikusten badiate, baina hurbilago ez egon izanaren zama sentituko diatela gainean, lagundu nahi eta lagundu ez dutela sentitzearen pisua (astuna izateta irits litekek gainera), eta barrutik hitzegiteko ezintasuna bezain kontu sinplea izan litekek horren azalpena!
Ikusten duk, ‘irakurle’ bezala identifikatu nauk ni badaezpada ere… Eta ez zaidak hau ere gustatzen, ez duk garbia hi nor haizen jakina izanik ni anonimatoan mantentzea. Baina zer egingo diat ba! ‘Ez duk horren arraroa, horrela funtzionatzen diate blog-ek, ez zeukeat nire benetsko izena jarri beharrik…’ En fin, azalpenak azalpen, benetako arrazoia argi azaldu diatela uste diat. Egunen batean ausartuko nauk agian ‘hi, gogoratzen al haiz halako eta halako… Ba ni ninduan…’ Edo holakoren bat esatera. Hala ez. Auskalo.
Ongietorri ba Imanol.
Animoak eta aurrer bolie!
Pozten nauk Irakurle, hemen idaztearekin pozten den jendea dagoela jakinda. Aurten ez diat astearen errepasorik egingo, ez Euskadi Irratian behintzat… bihar hasiko nauk Antoniano Ikastetxean lanean bi urteren ondoren eta horretan jarriko dizkiat ahalegin gehienak aurrerantzean.
Eta egia dek. Barruak askatzera iritsi nauk. Inoiz ez bezala. Post hau idatzi eta koadrilako hainbatekin egoteko modua egin diat eta kontatu zieat sentitutakoa. Ondo hartu naitek. Eta hori ulertzera iristea bakarrik handia izan duk niretzat. Momentuz dena ondo beraz. Baina jakinda, hesteak eta nire burua zaintzen segi beharko dudala. Edozein momentutan itzuli liteke mamu gorria eta prest egon behar diat edozertarako.
Eta ez, ez zekiat nor haizen. Misterioak argituko ahal dizkiagu egunen baten! Baina hori hire aukera dek. Hik esaten dituanak arrazoizko eta zentzuzkotzat dizkiat, eta handia huke nor haizen jakin eta konplizitatea hemendik kanpo ere konpartitu ahal izatea. Baina hori hik erabaki behar duk. Eta lasai, berdin eskertzen dizkiat eta hire animo eta aurrera bolieak!
eskerrik asko benetan.
Imanol, eskerrik asko post single honen bidez benetako bizitza zati bat helarazi diguzulako. Eskerrik asko.
Ez horregatik Idurre!
Kaixo Imanol.
Ez nekien ezer hire gaixotasun honi buruz eta hitzik gabe utzi nau testuak.
Besarkada bat eta animo. Eutsi goiari!
Iturri!!
Pentsatzen dut hitzak bueltatuko zitzaizkizula…
eskerrik asko animoengatik.
Igande goizerako atzoko garagardo eta gintonik rikisimoek sortu duten moteltasunarekin Twitterreko timeline-an izan diat honen berri eta adi adi irakurri diat koma bakar bat ez galtzeko asmoz. Pozten nauk osatu aizela irakurtziak baño aukeran nayo datorren iganden parez pare esatia.
Hori bai, bildur pixkat eman ziak mukizapi txiki bat dan EH hontan twitter-i esker irakurri ez banu agian sekula honen berri enula izango. Berri ona izanik enaiz gehiegi erotuko. Inoiz baino konektatuago gauden hontan ez ote gaude deskonektatuegi? Izango diagu hontaz hitzeiteko aukera 🙂
Zaindu!
Arrazoi osua dakak, Mikel. Etzekit nola gainditu genitzaken inkomunikaziyuak…
Aupa Imanol!
Lehenik eta behin pozten nauk obeto agola jakitean, ez nitxakian ain gaizki egon intzanike.
Epelde-Pagolatarran kasta esagutzen diat eta seguru niok hontatike airoso ateako zeaztela, nahi dekenerako badakik nun nagon ta lasai deitu, ingo diau ta plana!
Altzaporru bat eta besarkada haundi haundi bat!
Jony
Earra! Eskerrik asko, Jony!
Aupa epelde! Urran notiziak eskas zabiltzaztik nonbait.Uantxe enterau gaituk F bertan! Seko harrituta. Animo ta besarkada. Ea laister ikusten haugun galtzagatik barrena korrika!
Colomon familia.
Aupa Colomooooo! Ta aupa Mikel!! Animoak eta besarkadak jasota! Aurrera ba!
Besarkada haundi bat!!! Eutxorri !!! Beti!!!
Malmaaaaaaa! Eskerrik asko hiri ere… Animoak hiri ere bihartik aurrera, ni bihar hasiko nauk Antonianotan… apa apa!
Aupa Imanol!
Ez nekien ezer eta zure postak hunkitu nau erabat. Animo eta besarkada haundi bat!
Fakun! Aurrez aurre behin egon gara, baina aspaldiko lagunak bagina bezala da hau. Eskerrik asko zuri ere eta besarkada handi bat!
Aupa Imanol,
oraintxe irakurri dut zure post biluzi eta zintzo hau, ez nekien ezer. Eta konturatu naiz nola joan den abenduan elkartu ginenean, Pipi ere tartean zela, justu egun batzuk baino ez zirela gaitza diagnostikatu zizutenetik, eta hala ere hantxe zu, animoso eta umoretsu, hitzaldi hura emateko prest. Asko esaten du detaile horrek zutaz.
Animo, Imanol!! Besarkada handi bat eta eskerrik asko,
j.
apa Julen! Eskerrik asko zuri ere. Aurretik hartutako konpromisoa zen zuena eta proposamena tentagarria oso… Nola esan ezetz! Zu ere ondo egotea espero.. Aberba zarautzen -edo ikusten garen halakoren baten.
Earra striptisa!! Asko gustatu zait, benetan. Egiazkoa delako, oholtza gainean fokoen aurrean jarri eta ez duzulako beldurrik izan zauriak, zimurrak eta zurbilak erakusteko. Baina, batez ere, bukaera ona duelako (gainera, zu hain argal ikustera ere ohitzen ari naiz, eta gero eta guapoago ikusten zaitut..).
Segi holaxe, bizitzera jolasten, serio-serio. Nik ere asmo horixe dut!
Gero arte,
pa!!
segi dezagun jolasean, bai!!
Emanuel,
Demonio! atzo aurkitu eta, nahiz eta, orain bai eta gero ere bai konektatua bizi… gaur arte ez diat jakin hau guztia…
Besarkada handi bat!!! Altza, gora bihotzak!!
eta, esan bezela, datorren astean kafe batera gonbidatuko,
zaharrak berritzeko.
O
Earki. Igual ez dek kafe bat izango bñ bueno. Paxia batekin konforme!
aupa lagun. enekian berriz ere okerrara egin huenik. otseingoit berriz ere solasalditxo bat hirekin izateko, menu makrobiotikoa barne, noski!! jejeje. Besarkada estu bat, eutsi goyai, ta laster arte!
Okerrera, hobera, okerrera, hobera. eta orain hobera eta hobera. Luzaroan iraungo didalakoan… altza!
Lagun batek komentau ziak hiria, ta orriyan sartzeko… kristona idatzita heukala. Benetan earra, redio!!
Nere amak Chron gaitza zekak eta hurbillekua zaiak kontatzekena. Gaisotasun kabroia dek, baina aman esperientziyan oinarrituta, hire burua ezautu ta zaitze baek => ondo toreatzeko moukua!
Segizak ba auzolanian hire gorputzakin eta ingurukuakin… 27 zapata jantzita! Altza porruuuuuuuuuuu!
[WORDPRESS HASHCASH] The poster sent us ‘0 which is not a hashcash value.
Eskerrik asko Igor! Eskertzen diat hire testigantzaren berri eman izana. Torero handi bat izaten saiatuko nauk! Altza, altza!
Aurrera, beti aurrera, Imanol! 🙂
Eta ni berandu, beti berandu. Amaraunean Blogarien tartean, gai honi buruz hitz egin behar dugu (Internet ez da hain hotza eta ez da bakarrik teknologia…) eta halaxe jakin dut.
Eutsi horri!
Maite
Teknologia ez da hotza erabiltzen dugunok berotzen, goxatzen, humanizatzen badugu…
mila esker, Maite!
[…] Sarea ez da bakarrik teknologia: Joxe Aranzabalek kontatu du aste honetan 10 urte bete direla minbiziaren diagnostikoa izan zuenetik. Uda honetan, beste blogari batek, Imanol Epeldek bere blogean eman ditu ezagutzera bere gaixotasunaren gorabeherak. […]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (75.119.215.102) doesn’t match the comment’s URL host IP (75.119.209.178) and so is spam.
Aupa Imanol.
Lehenbizikoz besarkada handi bat.
Orain zazpi urte gure lagun Bujandak ultzeradun kolitisa diagnostikatu zidan.
Bide luzea daramat ibilia, tratamentuak,makrobiotikoak…
Bertan ipini dizut emilioa.
Hementxe nago, konpromisu gabe, behar duzunerako.
ANIMO!
[…] Inoiz egin gabeko buru janak nerabiltzan. Gure lantokian egiten dugun bezala, balioak, misioak eta bisioak zehaztu nahian nenbilen, ondoren, nire bizitzaren plan estrategiko bat egiteko. Izan nahi nuena definitzeko. Eta izan nahiko nukeenarekin ilusionatzeko. Ez nuen 87 orrialdeko txostenik idatzi. Baina bai eguneroko bat. […]