Titulurik gabeko master batean graduatu naiz

Imanol Epelde
56

Donostiako ospitaleko itxarongelan nago, digestio aparatuko nire medikuak kontsulta noiz pasako zain. Ez da lehenengo aldia. Eta ez da azkenekoa izango. Orain urtebete hasi zen dena. Komuneko papera pasa eta odola sumatzen hasi nintzenean. Zeinek esan behar zidan niri komuneko paperean poemak idaztetik odoleztatzera pasako nintzenik!

Hainbat froga egin ondoren 2011ko abenduaren 9an diagnostikatu zidan gaixotasuna Bujanda doktoreak. Ultzeradun kolitisa omen nuen, eta botika batzuk epe jakinik gabe hartu beharko omen nituen. Hitz gutxi eta azkarretan bota zizkidan denak. Kontsultatik atera ondoren konturatu nintzen botikak epe jakinik gabe hartzeak esan nahi zuenaz. Gaixotasun kroniko bat nuela alegia, sendabiderik gabekoa.

Betirako gaitza onartu nahi ez eta Egoitz Garro elikadura orientatzailearengana joan nintzen Zumaira. Egoitz ezagutzen nuen liburu bat euskaraz argitaratua zuelako makrobiotikari buruz. Dieta bat jarri zidan eta harekin, inoiz ez bezain osasuntsu eta sendo sentitzera heldu nintzen. Kilo batzuk galdu nituen, baina gauzak ondo zihoazen, dietatik pixkanaka urruntzen hasi eta gutxira, maiatzaren bueltan, hemorragia berriz sortu zitzaidan arte.

Hasi nintzen medikuak emandako botikak hartzen berriz, baina odola ez zen eteten, hasi nintzen botika gogorragoak hartzen (kortikoideak), eta ez nuen diferentziarik nabaritzen. Azkenean esan zidaten, rektoskopia bat egin ostean, birus bat atzeman zidatela eta tratamendu bat jarri zidaten. Ohean eta etxean ahul egun batzuk pasa ostean, pixkanaka errekuperatu eta hiru asteko tratamenduaren azkenetan utzi nion odola botatzeari.

Denbora honetan guztian animoa goian mantentzea kostatu zait gehien. Gainerako gauza guztiak utzi eta nire buruarengan eta niregan bakarrik zentratzeraino. Gauza asko aldatu dira nire bizimoduaz inoiz ez bezala hausnartu dudanetik. Asko ikasi dut eta pozik nago egin dudanarengatik. Ez didate titulurik emango baina bizitzaren masterrean graduatu berri sentitzen naiz. Bizimodu berri bati ekin diot. Gauza asko utzi ditut bazterrera eta beste asko deskubritu. Lan egin behar izan dut zergatik eta nolatan gaixotu naizen jakiteko. Atera ditut nire ondorioak. Gaixotu naiz niri eragin didaten minarengatik, familiakoak tartean eta gaixotu naiz, neure erruagatik ere, bizitza serioegi hartzearren-edo, bizitzera jolasteko behin eta berriz neronek aldarrikatu arren.

Lan luzea izan da. Baina gustura nago orain. Oso gustura. Barruak eta intuizioak esaten didanari kasu gehiago egiteko asmoz.

Odol jarioak orain gutxi gelditu zaizkit. Badakit bide luzea daukadala egiteko oraindik. Pixkana joan beharko… Indartsu nago eta horregatik, hementxe eta orain eskertu nahi ditut denbora guzti honetan zehar alboan izan ditudan guztiak. Zuengatik guztiengatik nago orain ondo.

Batetik, Edurne eta Irati arreba, Mattin anaiarekin batera. Zuen besarkadak eta arreta ezinbestekoak izan dira. Handia Edurne, orain gutxi esan zenidan hura: “Lo egin ezinik zaudenean, alferrik da pentsatzea lo egin nahi duzula. Odola gelditzeko nahiarekin ere berdin izango da“. Eskerrik asko Ibrahimi ere. Ez dakik azenayo, zein indar daukaken barruan eta ze txispa eman didaken baju egon nauken guztitan! Ezin ahaztu aita, betiko segurtasunez eta baikortasunez hartu nauzulako, etorkizunarekiko ilusioz. Eta ama, hor zaudelako beti. Ei! Eta izeba Bitxori ere bai! Zenbat minutu telefonoan konpondide bila…

Kuadrilakoak ezin aipatuko ditut. Mutilok badugu halako alergia bat barruak hustea galarazten diguna. Beti gaude guay, beti ondo, jaja eta jiji. Baina ohean ezinean, edo komunetik negarrez desesperatuta ateratzen nintzenean alboan nahi zintuztedan eta ez zaituztet izan. Eta izan nahi zaituztet. Benetan. Ezin aipatu gabe utzi, Ainhoa Alberdi (masaje eta laguntasun horrek pauso sendoagoak ematen lagundu dit), Naroa Elortza (Zurriolako hondartza gurea izan da aurten!), Samara Velte (gutxitan egonagatik nire burua nik bezain ondo ezagutzen duzu zuk), Laura leondarra eta Judit sin hache, nire epostako aitortzak hain ondo eramateagatik. Eta punto suspentsibo gutxi. Ez dira askoz gehiago izango. Seguru ahazten zaidala norbait baina, horiek dira orain datorzkinadak burura.

Eta eskerrik asko zuri, Egoitz, bidea erakutsiko zidan norbait behar nuen eta zuk esan didazu nondik eta nola jo. Gidari handia zara. Espero Tina eta zure proiektu ederra sendotu (Euskal Eskola Makrobiotikoa) eta espazio berria laster zabaltzea Euskal Herriko hiriburuan! Laguntzeko prest nauzue edozertarako. Ezin aipatu gabe utzi Saint Gaudenseko makrobiotika etxean egindako egonaldiak eta bertan ezagutu eta egindako lagunak ere.

Mila esker denoi bihotzez eta aurrera, bizitza bakarra da eta ez dago alferrik galtzeko…

56 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA