Bizitzak bizitza zor

Imanol Epelde
20

Itzaltzen ari zara poliki-poliki.
Orain ez duzu Onkologikoko 223. gelatik kanpora gertatzen denaz ezer jakin nahi.
Astiro altzatzen zara ohetik
hanka puztuekin,
eta komunean geratzen denbora luzeegian eserita.
Zure tronu bakarra huraxe bailitzan,
oheak ere nekatuta.

Apaldua duzu ahotsa, ama
jaitsia begiratua
eta dagoeneko guk ere ezin zaitugu sutu, zutu.
Bazoaz.
Eta niri ez zait fundamentuzko koplarik ateratzen.
Aspaldi da heriotzak sokatira irabazi digula.
Gerritik helduta egin nahi izan dizugu tira guregana.
Biziminez.
Baina, mila jostorratz sortu zaizkizu gerrian.
Eta min duzu. Min zara. Min bizi.

Berriz jaioko banintz,
ez dakit bertsotan segitzeko ahalegin handiagoa egingo nukeen.
ez dakit ez ote nukeen N.rekin konpartitutako bizitza puxka hura luzatzeko ahalegin handiagoa egingo
ez dakit karrera berdina ikasiko nukeen ere.
Zu zara,
ama,
zu bakarrik
berriz jaioko banintz
aldatuko ez nukeen bakarra.

Eta orain bazoaz.
Hilabete luzeetako borroka ari da izaten.
Zurea eta gurea.
Lasai zaudela diozu.
Ez diozula ezeri beldurrik.
Eta aterako garela aurrera.
Heriotza logelaraino sartu zaigun lehen aldia da.
Bizitzak bizitza zor.
Esaera zahar bat gehiago zen orain arte.
Onartzeak eskuak odoltzen dizkigun aizkora da orain.
Horregatik egin ditugu elkarrekin negar saioak
kolektiboak asko
binakakoak zenbait
bakarkakoak gehienak:
laburrak espantuzkoak amaiezinak.

Eta egin dugu barre egoerarik muturrunekoenetan
Barre ere egin dugu, bai
negar egiteraino.
Malkoak sendatuko dituelako gure eskuetako zauriak.
Eta itxiko laster gure artean sortuko den zauria.

 

Eutsi irribarreari, ama!

(Gure ama, 2013ko otsailean, gaitza atzeman eta gutxira)

20 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA