Bihar ikasiko dugu ibiltzen berriz

Imanol Epelde
3

Poliki esnatu zara gaur ere Spidermanen mantapean.

Spidermanen mantapean eta Kooperatiban erositako maindire leunetan.

Goxo.

 

Poliki esnatu zara gaur ere, ama.

Berriketarako gogoz.

Gauetan

tarteka

arnasa hortzetan,

esnatzen zarenean bezala.

Beti badago zerbait esateko, ezta ama?

 

Adibidez,

nik gauza bat esango diat, eh?

Maxin fruta eskasa ziok eta gainera Lukasenian baino garestiagoa,

edo

hauek bai kolorea!

Mandarina Torres.

AmiNoMeFastidies.

 

Eta hori dena, igual goizeko lauretan.

 

Minik gabe baitzaude orain.

Eta ez dago ordurik despistatzeko.

Biharko eguna heltzeko inolako kezkarik gabe.

Familian.

Elkarrekin.

Baina ama!

Zure alboan bizitzera jartzeko

ez zenuen etxeko zapatilak erosi beharrik

seme-alaba bakoitzarentzat.

 

Gordin mintzo zara orain.

Gordin

ez duzula Diario Vascon eskelarik nahi,

gezurrak, hilotzak eta diru truke ipurdiak baino saltzen ez diren periodiko horretan

eta hi!

hiletara dotore joateko, mesedez:

galtza berriyak erosi itzak Agirrezabalan.

 

Lasai nahi gaituzu

zu ere lasai joan zaitezen.

 

Hain gertu ari gara bizitzen heriotza

gurekin esertzen dela erlojuak bazkaltzera.

Eta zuk ama,

ardo kopak eskaintzen dizkiozu

bertan goxo,

garaia heldu den arren

oraindik eraman ez zaitzan.

 

Denok egiten dugu topa

bizitza zelebratuz,

Ospatzeko gehiago dugulako.

Ospatzeko dena dugulako:

Garena

diguzuna

eta zeniguna.

 

Oso nekatuta zaude

poliki lotaratu zara gaur ere Spidermanen mantapean.

Spidermanen mantapean eta Kooperatiban erositako maindire leunetan.

Goxo.

 

Eta bihar,

bihar jaikiko gara berriz

bihar ikasiko dugu ibiltzen berriz

bihar beste pixka bat hilko gara berriz.

Bizitzeko.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA