(udako azken kolaborazioa)
Despedidia
Agur andereak! Agur jaunak! Agur Euskal Herriko azenario eta erremolatxa guztiak. Ni banoa. Imanol badoa. 27zapata badoa. Uztailean oporrak hartu nituen eskolatik eta udako oporretan irratian aritu naiz zuenean, irakasle asko udan ere gelditu gabe aritzen garela demostratzeko, eta bide batez daukagun alper fama perfumatzeko eta noski, oso noski, astero Faktoria dekoratuz aldatzeko helburuarekin.
Gogoratzen zenbat dekoratuz aldatu dudan Faktoria?
Dekoratu dut lanaz, isiltasunaz, botikinez, publizitatez, Aliciaz, esaera zaharrez… Ez dakizue zein gustura gogoratzen ditudan dekorazio horiek guztiak. Baina hau, lana edo kolaborazioa baino gehiago, jolasa izan da. Jolas biziosoa akaso, gosaritako mermeladak bezala engantxatzen duen jolas horietakoa. Ze, jolasa dibertigarria izan da… ostiralerako gai bat aukeratzea lehenbizi, musika hautatzea gero, testua prestatzea ondoren, eta Euskadi Irratira etorri baino lehen esan beharrekoak irakurtzen entsaiatzen aritzea, aitak baratzatik ekarritako kalabazinak mikrofonotzat hartuta.
Plazera izan da, Oihane, plazera Iban, zuekin aritzea. Plazer handia bai. Plazer erruduna edo kulpablea ere bai piska bat… Oporretan lasai tripaz gora nengoela, etortzen baitzitzaidan burura asteroko kolaborazioa egin behar nuela, eta horrek asaldatzen ninduelako pixka bat…
Eskerrak bizitza orgasmo bilakatu dezakegun. Eskerrak bizitza plazerez betea dagoen! Eta eskerrak Faktoria ere plazerez betea dagoen! Bai eta eskerrak bizitza plazer orotarikoz betea dagoen. Nahiz eta plazer batzuk errudun sentiarazten gaituztelako batzuetan. Bururatzen zaizue zuei errudun sentiaratzen gaituen plazerik?
Entzuleei honezkero seguru bururatuko zitzaiela horrelako plazeren bat. Ez da hasi whatsappa borborka? Ba lasai, eh, ze nik ekarri dut plazer errudun edo kulpableen sorta eder bat. Ea zer iruditzen zaizkizuen.
Adibidez, niretzako plazer bat da, plazer kulpablea, larunbat arratsaldetako Antena 3eko pelikula batekin negar egitea. Hau da, kriston gustora egiten dut negar baina Antena 3 piztuta ikustean pentsatzen dut nola izan naitekeen horren kutrea…
Plazera da niretzako txiste txarrekin barre egitea ere.
Plazer debekatua da mania diozunari… bizkarrera… erdiko behatza… luzatuta ateratzea.
Plazerez dardarka egon arren… Teoren liburuak berriz irakurtzerakoan bat piska bat errudun sentitzen da. Ezta?
Plazera da, ikaragarria, herriko festetan berbena talderen batek Behin batian Loiolan jotzen duenean, norbaitekin dantza egin ahal izatea.
Eta hau esanda, aitortu dezadan, plazera dela Eganen kanta guztiak, baina guzti-guztiak, eh? buruz jakitea eta noski, gutxienez EGANen 10 berbenetara joatea urtean.
Plazera da norbait negarrez ikusi eta argazki bat ateratzera,
tristura argazkian bertan geratu dadin betirako preso.
Plazera da, ezkutukoa, eta guztiz debekatua, inork barrerik egin ez duela ikustea, neskalagun ohiaren mutilak babukeria edo txisteren bat kontatzen duenean.
Plazera da Facebookeko zenbaiten argazkiak kotilleatzea.
Plazera konpartitzen ari zaren plater konbinatuko azken azeituna jatea (aurreko guztiek baino zapore handiagoa izaten du)
edo Brad Pittena egitea ispiluaren aurrean
edo Txiribitonenea
edo Griezmanena.
Edo plazera da norbaitetaz maitemintzea… soil-soilik berarekin egin duzulako amets.
Plazer kulpablea da abesti berbera 25 aldiz entzutea jarraian
adibidez, Micah P. Hinsonena edo Inoren Ero niren bat
Plazer bat ezkutukoa Euskadiko ereserkia entzutean zutik jartzea amerikanuak bezala eta barruak mugitzen zaizkizula sentitzea, eta oharkabean piska bat baina busti egin zarela konturatzea.
Plazer ezkutukoa kulpablea eta debekatua da sudurzuloak edo belarriak garbitzea aszensorean ispiluari begira
aurrena eskuinekoa
ezkerrekoa geroa
Ai, eta zein plazer ematen duen azpiko arropetan, kantzontzilotan adibidez, Napoleonena egiteak aulki batera igota, etxeko atzeko balkoian edo patioan. Edo Faktorian.
Plazera sentitzen du batek, adibidez, jatetxe batean edo pelukeri batean berokia mayordomoek bezala kentzen dizutenean.
Plazer debekatua eta kulpablea da pelikulako gaiztoak irabazi nahi izatea
Plazera Carrrefourreko txokolatea jatea
Edo ZARA arropa dendara sartu eta galtza pila bat probatu ostean, batere erosi gabe ospa egitea.
Eta noski, plazera izan da, zuenera, ostiralero-ostiralero etortzea ere. Eta agurtuko naiz. Eta saiatuko naiz azkar agurtzen, ze agurrak luzatu zaleak izaten gara euskaldunak. Fijatu zeate? Askotan gertatzen zaigu, bueno banoa eh!, bueno banoa eh! esaten aritzea denbora luzean. Edo joaten hastea eta bueltatzea berriz. Yoyo agurrak deitzen diet horiei… Bai, aitor dezagun euskaldunok agurtzen denbora asko pasatzen dugu. Kasik esan genezake, batzuetan hobeto aterako litzaigukeela hasieratik geratuko bagina… agurtzeko.
Bueno, ni ere hasi naiz agurrean luzatzen eta horixe, bukatu dezadan…
Iban Garate doktorea, Oihane Yustos kapitaina, Faktoriako langileak oro, plazera izan da oporraldian Faktoriako hondartzara etorri eta zuekin hankak bustitzen aritzea… Nahi izatera badakizue Zarautzen aurkituko nauzuela Napoleonena egiten malekoiko bankuren baten gainean zutik eta noski, baita 27zapata.com blogean ere, hantxe idazten eta publikatzen ditudalako Napoleonkeria guztiak.
Altza! Altza eta altza!