Zarauzko Euskal Postal Jaiak

Imanol Epelde
0

Ederra da joaldunek esnatzea, txistulari eta dultzaineroek hartzea kaleak, apargatak estuegi lotu dituzula konturatzea lehen fandangoa dantzatzerako. Ederra da hori dena bai. Baina horretan geratzen da guztia. Zarauzko Euskal Jaietan ez dago aldarririk, ez dago euskaraz bizi nahiaren inguruko adierazpenik: baserritar jantzi ikusgarriak bai, egun osoko trikitixa enpatxua ere bai, eta erroskila zaporeko erromeria arratsaldean. Bakoitza bere txakolin eta sagardo orgei tiraka.

IMG_20160903_161503Bai. Egun berezia da irailaren 9a Zarautzen, gure txikitako argazkiak dira horren lekuko. Baina ez da errito bat, ez da arnasgune bat, ez da gure herriarentzat eta euskararentzat oxigeno bonbona bat BECeko finala edo KORRIKA izan daitekeen bezala. Ezer ez eta festa. Horixe. Munoan urtero izaten den Alprojaren herri antzerkia da niretzat salbuespen pozgarri bakarra. Gainerako guztia iruditzen zait euskal postal hutsal.

Euskarak oraindik sagardo eta talo zaporea du, txorixo egosi usaina eta trikitixa etenik gabe dario. Lokatz eta ganbara usaina perfumatu ezinean gabiltzan garaiotan, horrelako egunak baliatu beharko genituzke aldarrikapena egiteko, diskurtso berriagoak sortzeko eta zergatik ez, geure buruak berrasmatzeko.

Jaiek balio sinboliko handia dute kultura guztietan. Asko esaten dute gutaz, bizitza zelebratzeko modua islatzen duten neurrian. Edukiz husten ditugun neurri berean husten gara gu ere. Eta gure globoak bestela ere badu nahikoa lan gora egin ezin eta behera ez erortzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA