Zein argazki daukazu zuk whatssapeko profilean? Zu ageri zara edo zure seme-alabak dituzu jarrita? Edo balkoiko tomate landareari ateratako argazkia daukazu jarria akaso?
Nago gutxitan jartzen ditugulakoan geure buruen argazkiak profiletan. Beti argazki hobea ateratzeko esperantzan, konturatzen gara filtrorik berrienek ere ezin dizkigutela disimulatu inperfekzioak. Geure buruei begira harritzen gara. Larritzen garenean bezala geure ahotsak grabaturik entzuten ditugunean. Estrainoa zaigu geure ahotsa. Ez dugu ezagutzen. Profilean jartzeko atera dugun aurpegia bezala. Ez dugu ezagutzen ia. Beti gaude horren… desberdin! Horregatik igotzen ditugu profiletara geu ere badiren beste argazki batzuk: geure seme-alabak. Baina gu azaldu gabe. Edo gu disimuloan, bigarren plano batean jarrita.
Eta arrazoi. Familia bat gara. Lehen ginen bezalaxe. Baina telefonoak eta zenbakiak gureak dira. Norberarenak. Ez gure seme-alabenak. Garenak gara: Gure buruei egindako argazkietan ateratzen garen inperfekzio ederrak.
Tomate landareak jarri nahi badituzue, libre zarete niregandik.