5 urte, ama

Imanol Epelde
0

Lasai nago. Lasai noa. Esan eta… banan bana agurtu gintuzun… Sedatu aurreko uneetan. Bagenekien betirako zela agur hura, azkena zela:

Orain ni,

            ni naiz.

esan zenigun, ama.

Denbora behar izan nuen hitz horiek ulertzeko.

Lasai joaten uzteko eskatu nahi zenigun

artean zu

gu ere bazinelako.

Eta zu ere baginelako gu. Eta gurekin nahi zintugun. Ez zintugun joaten utzi nahi. Baina iritsia zen ordua.

Zu… zu zinen dagoeneko. Gaur bete dira, ama, 5 urte.

Eta hala ere, joanagatik, guregan zaude. Airea loditu balitz bezala zure presentziarekin, ausentziarekin.

Gaur dira 5 urte. Kontatuko nizuke urte hauetan ezkondu egin naizela, aita izan naizela, aldatu dudala lantokiz, eta hurrengo egunetan jaioko dela Orhi, gure hirugarren umea.

Zein tristea den horren eder eta zoriontsu bizi eta zu ez egotea, adibidez, zuk ere umeak besoetan hartu eta hazten ez ikustea. Zein tristea den dena eta zein ederra, ama.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA