Etxean hil zen ama. Bere betiko ohean. Familian. Gordina izan zen agurra baina geurea, geure-geurea dena. Bizitza hutsa. Heriotzan ere. Beilategiko langileak etorri ziren arte. Artean gorpua epel, objektu baten gisara eraman zuten eta ezarri denek ikus zezaten kristalaz bestaldera, beneratu beharreko trofeoa nola. Jende zaratatsuegiaren aurrean. Intimitaterik gabe.
Etxean jaio zen Xuhar eta orain gutxi Orhi. Bere betirako ohean. Familian. Gordina izan zen agurra, gogorra erditzea. Baina geurea, (amarena dena) geure-geurea dena. Bizitza hutsa. Jaiotzan. Sinetsita prestatuta geundela gure kasa etxean erditzeko. Intimitatean. Lekurik goxoenean. Magaleko emaginekin: Euren lana duintzen eta etxekotzen saiatzen diren emaginekin.
Ulertzen zaila dena da zergatik ez den oraindik hemen aukera publikoa etxean erditzea. Erditze segurua izatera doazen emakumeak ez baitaude gaixo eta ospitalera joan beharrean. Emakume bakoitzak aukeratu beharko luke etxean ala ospitalean erditu nahi duen. Zerk eta nork ematen dion ziurtasuna, konfiantza. Eta laguntza publikoa berdin jaso. Gure amek gure haurrak non erdituko dituzten askatasunean erabaki ahal izateko.