Norbere buruaren

Imanol Epelde
0

Lagun batzuk yogurrak baino lehenago iraungitzen dira. Eta Bifidusek baino zapore eskasagoa dute.   Badira parrandak irauten duten lagunak. Badira txiki-txikitako lagunak, ikastolakoak. Asko dira lagun-lagunak. Betirako izango zirela sinistutakoak. Eta azkenerako, Facebookean ere ez dauzkazunak. Badira tentaziora eraman nahi zaituztenak. Komunetan. Apustu etxeetan. Batzokietan. Dena aguantatzen dutenak. Inor aguantatzen ez dutenak. Lagun asko dira faltan botatzen dituzunak. Bere alboan bat eta bere sentitzen zarelako.

Baina ez duzu hartzen berarekin egoteko tarterik eta ez dakizu oso seguru zergatik. Whatsappeko lagunak. Norbaitek astakeria bat bota eta taldean isilik geratzea pentsatzen dutenak. Laguntasunagatik. Bizitzaz hitz egitea tabutzat dutenak politikaz ari zarelakoan. Lagun politikoki apolitikoak. Lagun gizonak. Lagun emakumeak. Lagun txakurrak. Lagunak. Zuretaz aprobetxatzen direnak. Aprobetxatzen dituzunak. Igurzten dituzunak. Zaituztenak. Besarkada batean agurtuak. Egurtuak. Zutaz dena jakin eta halere,  maite zaituztenak. Dakitenak lagunak egiteko modu bakarra lagun izatea dela.

Asko dira lagunak. Baina dena, den-dena hasten da izatetik. Norbere buruaren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA