Hiper-umeak

Imanol Epelde
2

Haurtzaroa kolonizatu dugu ume denak hiper eginez: hiper-aktibo, hiper-sexualizatu, hiper-konektatu, hiper-kontrolatu. Umeak gure eskaparete bihurtu ditugu eta gainerako umeekin konparatzen ditugu, euren gain eraikitzen ditugu gureak soilik diren fantasia eta espektatiba batzuk, zeharka bada ere, gu helduok elkarren artean konparatzen jarraitzeko.

Oker egongo naiz akaso baina iruditzen zait horregatik hauspotzen diegula hainbeste umeei euren autoestima, ume izateagatik soilik paregabeak izango balira bezala. Eta zer nahi duzue ba esatea. Ume denak ez dira bereziak, desberdinak baizik.

Hemen gainera, hasieratik atera behar zaio denari etekina. Haurtzaroa ere zukutu egin behar da, aprobetxatu, errenditu: Hezkuntza ematen diegu ahalik eta profesionalik onenak izateko. Eta ikastetxe askok horixe egiteko gai direla saltzen dute gainera matrikulazio garaian, ate irekien egunetan. Esango dizute profesional onak sortuko dituztela, jakingo dutela algebrak mingain puntarekin ebazten, hain izango direla eleanitzak ez dutela inoiz erabiliko Google translate. Hain konpetenteak bera bakarrik izango dela ekipo. Eta galdera da: ume, noiz utziko diegu izaten ume? Noiz utziko diegu aspertzen, beste helbururik gabe jolasten, ondo pasatzen, euren kasara heltzen, bakarrik erortzen eta zutitzen?

Hezkuntzak erreproduzitzen du izateko modu bat. Eta niri behintzat zalantza handiak sortzen zaizkit. Ez dakit zer iruditukoi zaizuen zuei, ados zaudeten edo ez, idatzi lasai behean, baina iruditzen zait gure esperantza bakarra kontzientzia sortzea dela. Mundu hau erotu bada, guk erotu dugula erakusteko. Kontzientzia hartzeko, gure umeak ez daitezen izan, gu garen bezain normalak. Sunormalak.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA