Eskatzen dugu kafesne deskafeinatua sojazko esne hotzarekin. Edo epelarekin. Edo apartsu. Eskatzen dugu zerbeza bat eta galdetzen digute tostatua nahi dugun, edo erdi tostatua edo alkoholik gabekoa. Botilatik. Basoan. Pitxerrean. Eskatu genezake te biologiko berdea menta ukituarekin, %100 Himalaiakoa, te bancha japoniarra, te beltz pakistandarra kanela, kardamomo eta bainilla ukituarekin, jan genezake arrautzarik gabeko tortilla bat, garirik gabeko ogia, haragirik gabeko hanburgesa, lactosarik gabeko esnea, arroz esnea, arroz borobila, jazmin arroza, sushirako arroza, arroz distiratsua, integrala, ekologikoa, biologikoa. Edan genezake olo esnea, olo esne kaltzioduna, olo esne kaltzioduna almendra ukituarekin. Eta dauzkagu ogiak eginaz zekalez, espeltaz edo gariz. Batzuk paxekin. Pipa eta zerelekin besteak. Ogi borobilak, luzeak, oso luzeak. Edo boilo itxurakoak. Eta segi nezake. Baina ez. Nahikoa honela.
Edo gu ari gara atrofiatzen edo ahaztu zaigu daukagunarekin bizitzen. Ukitu, integral, bio edo tostatu bihurtu gabe dena. Esperantza bakarra zen ardoa. Baina akabo, bukatu da. Jakin dudanetik alkoholik gabeko urteko ardoak eta kriantzak ere badaudela. Baso bat urekin hasi beharko dugu egiten topa, bizitzaz!