Biriatu pasatzea, Landetako kanpinetara joateko ez bada, balentria bihurtu den garaiotan, autobusa antolatu zuen Zarauzko ikastolako guraso talde batek Beskoitzera joateko, Non eta mugan egunera. Zarauzko Zirika euskara taldeak ere zabaldu zuen mezua, autobusa ez zedin ikastolakoekin bakarrik bete, Beskoitzekoa batzuen problema bakarrik ez delakoan.
Ez genuen lortu autobusa betetzea. Goizeko 9etan elkartu eta 10etarako geunden eraikin prefabrikatuetan, Oiongo, Tuterako, Sohütako eta mugako ikastoletako lagunekin. Ikusi genuen non eta nola ari diren ikasten euskaraz, sentitu lekua husteko mehatxua eta euskarari eusteko epika osoa.
Pozik handiena Bilbotik bezperatik joandako gazte talde batek emandakoa; dirua biltzen aritu dira gelaz gela, euskaraz bizitzeko konpromisoa hartua dute inguruko guztientzat frikiak, basquitak edo dena-denakoak izanda ere. Hemen, gaur, euskaraz bizitzea periferikoa bihurtu baita gure artean ere. Eta badakitelako, uztailaren 6tik aurrera, Beskoitzeko ikastola legez kanpokoa izango dela; herriko etxeak ikastolarekin zuen hitzarmena bertan behera uztea erabaki zuenetik.
Nik ez dakit oso ondo non jokatuko dugun hizkuntza-partida, non galdu eta irabazi behar diren batailak, baina desdeluego, alferrik gabiltza txikira jotako hordagorik ere ez badugu edukitzen.
Zarauzko lagunak Beskoitzen