Herri guztiek, edo ia guztiek dute bertso eskolaren bat.
Baina bertso eskola gutxik izango dute herri bat.
Guk bagenuen,
guk bagenuen Macondo bat
Macondo txiki bat ikastolan
geure neurrira egina
errimez eraikia
argudioz dekoratua.
Bagenuen Macondo txiki eta kantari bat.
Eta gaur, handik 25 urtera hitza hartu badut
Bertsoainen* erroldatuta egon nintzelako da,
bertako plazetan egin nuelako jolas,
esaterako,
esaterako Jon Sarasua izatera.
Mahonezko galtzak, pisamierdasak eta AEKko jertsea jantzita.
Gaur, 25 urtera hitza hartu badut
zuregatik da Rosa,
zuregatik da Pello.
Eta zuregatik ere bai, ama.
Zuk animatu eta bultzatu ninduzun,
lapazorriak askatu
eta
bertso eskolara.
Rosaren eta Pelloren bertso eskolara.
Rosaren, Pelloren eta bertan egin nituen lagun guztien bertso eskolara,
bertso herrira.
Astean behin elkartzen ginen Bertsoaingo plazara.
Eta han ikasiak baliagarriagoak izan zaizkit
logaritmoak
eta EGAko atariko frogak
eta fotosintesiak baino.
Zuena bai fotosintesia!
Eta zenbat lore pilatu zenituzten aurrekoan egindako omenaldi afarian!
Ez daitezela denbora baino lehen lehortu!
Loreak eta gauza politak publikoan eta publikoan bakarrik botatzeko ohitura
inuzentea baitaukagu…
Ridikuluak gara.
Oso ridikuluak.
Batek lasai asko pasa dezake bizi osoa
inguruan zenbat estimatzen
eta maitatzen duten
enteratu gabe
harik eta hamarreko nagusi bat kantatzen dioten arte.
Ridikulak gara.
Ridikuluak gara eta biluztu egingo naiz,
niregan esker onez beteta zaudetela esateko
eta Etxe Beltz bertso eskola gaur ere hainbeste gazterekin ikusteak
ilusioz betetzen nauela esateko.
Errimarik gabe esan dut dena. Eta neurririk gabe.
Baina ezaguna zaizue doinua, ezta?
Milesker Pello Esnal, Rosa Lertxundi! Eta inguruan ibili zineten Iñaki Zulaika, Joxean Elola…
Bizitza luzea Etxebeltz bertso eskolari!
*Hala izena zuen Pello Esnalek bertso eskolarako sortutako herri imaginarioak