(Hik Hasi aldizkaritik eskatuta idatzia)
Andereño, komunera joan al naiteke galdetu nion. Paretean geneukan itsatsia esaldia: Komunera joan al naiteke? Balindaren garaiak ziren eta errotik moztu behar zen ohitura. Balinda komunera joan galdetzen zuena larriarekin geratzen zen! Izorrai!
Nik berak eskatu bezala egin nuen galdera. Baina ezetz erantzun zidan. Ez nuela komunera joateko baimenik. Enegarrenean eman zidan baiezkoa. Kakalarriari ezin eutsita, pasillo luzean korrika nindoala egin zidan huts esfinterrak. Eta atera zitzaidan ipurdiko poesia dena. Bezperan lehen jaunartzean estreinatu nituen galtza zuri-zuritan. Negarrez itzuli nintzen gelara. Eta aitortu behar izan nuen klase guztiaren aurrean galtzetan egin nuela. Kaka. Umiliazio hori nahikoa ez, bizikletan kaka egin berritan eserita egin behar izan nuen etxerako bide osoa. Ikastolatik Azken Portu gorainokoa. Baina, ez. Isil nadin. Hau ez da-eta hemen kontatu nahi nuena.
Plastidecorrak gustatzen zitzaizkidan garaiak ziren. Eta folio zuriaren aurrean jartzea eta margotzea. Maite nuen pintura haien usaina, eta galdetzen nion neure buruari zergatik zituen mugak folioak. Irakasleak aginduta egin nuen marrazki bat. Gaia librea. Handik egun batzuetara itzuli zizkigun lanak. Ikasle bakoitzari banan bana. Marrizkirik onenetik hasita eskasetaraino. Ordena horretan. Hasieratik egon nintzen, nireak oraintxe-behar-dik-ba pentsatzen. Baina azkena izan nintzen marrazkia jasotzen. Edo azken bigarrena. Berdin du. Mahatik altzatu, irakasleareneraino joan, marrazkia hartu eta buelta. Umiliazioaren pasiloan. Ikaskideen barre artean. Plastidecorrak hartzean eskuak dardarka jartzen zaizkit ordutik. Usainak mareatu egiten nau. Baina, ez da hau, ez da hau ere kontatu nahi nuena.
Irakasle berberak bultzatu ninduen bertso-eskolara. Irakasle berberak eraiki zigun hitzen parke bat txirristaz betea. Irakasle berberak sortu zigun lagun talde bat hizkuntzarekin jolasteko. Eta eman bizitza kantatu ahal izateko plazera. Eta hori ere, ezin izango diot inoiz behar bezala eskertu. Baina ez da hau ere kontatu nahi nuena.
Edo bai.
Irakasle izateko zer egin behar dugun jakitea garrantzitsua da. Baina, nago, garrantzitsuagoa delakoan garbi izatea zer ez dugun inoiz egin behar. Hasi gaitezen hortik. Horrela zuzen akaso ez, baina oker behintzat ez gara ibiliko.
5 Iruzkin
1. Hori La Sallen ez zitzaizun gertauko. Salleko JuanBautistak basbestuko zizun ta, nei bezela 😉
2. Azkenengo parrafoko “Nago” komartean jartzen dezun hori, ez det sekula horrela erabiltzen ikusi. Raro egin zait irakurtzian.. baña pentsau det Klaro! Bi gauza egiten ditu batera Imanolek: idatzi ta irakatsi!
Esker1000
Ah! Ahaztu zait kometatzia…
La Sallekok ez deu iñoiz
Balinda-rik bota. Ezta ere Gauz esan, beti gauzA (“a itsatsia du” tattoajia daramagu danok!)
Eta eskua altxa izan deu hitz egiteko baimena eman arte. Batzutan miñutuak pasatzen genitun besoaK altxata. Onena, Ostiraletan gorri-urdin puxtarrien rekuentua egiten genuela Tutoritza orduan… Urdin bakoitzeko erregaliz beltz mehe horietakoa opari. Ta bihurrienei kaxkarreko sorta, gorri asko kolekzionatzeagatik 😉
Zenbat erregaliz-beltz zure etxian ostiraletan??
Ayyyyyyy años ’90. Beste mendeurren bat izan zen XX. hura! Good memories.
Nola zan zure esaldi trabalenguasa? Izan giñena, izan giñelako… gara gaur.
Eskerrik asko, gordinak izan arren, zureak ere kontatzearren.
Iragana ez dago gure esku baina bai oraina. Guk lana ondo egitea tokatzen da orain.
Pa!
Hau ere artikulu ederra, Epelde! Inspiratuta habil azken bolada (luzean)! Jardunean dabilenari pasatzen zaiok! Eutsi horri!
Bertol
Eskerrik asko, Bertol!
Eskerrik asko!
Aurrera!