Oposaketak egiten aritu dira zientoka mediku asteburu honetan. Nik, horretarako potestaterik banu, galdera bakarra egingo niekeen azterketan. Bueno, bi. Igual bi.
Aurrenekoa zergatik. Medikuarenera joan izan naizetan ia inoiz ez delako izan gai mediku bakar bat ere zergatik galderari erantzuteko. Adibidez azaleko gaixotasunak izan nituenean, edo neumotoraxa izan nuenean, edo ultzera bat sortu zitzaidanean hesteetan. Denei galdetu nien zergatik. Zergatik gaixotu nintzen. Inork ez zuen erantzuten jakin. Oposaketara aurkeztu direnek jakin beharko lukete hainbeste! Edo?
Eta bigarrena zertarako. Zergatik gaixotzen garen jakitea garrantzitsua bada, zertarakoa jakitea garrantzitsuagoa. Gorputzak hitz egiten digu eritu den organo bakoitzarekin. Baina nago, gaurko medikuei ez zaiela galdera hori egitea burutik pasatu ere egiten.
Bai bai, anbulatorio eder, garbi eta koloretsuak izango ditugu. Onkologiko modernoenak. Botikez bete ditugu kaleak. Sinestu ezinik neurri handi batean geu garela geure burua sendatu dezakeen bakarra. Areago bi galdera horiek erantzuten ez dakizkitenengana baldin bagoaz. Kontsultan.
9 Iruzkin
Erraza da erantzuten zergaitia (fisiopatologia fresko eduki behar dira soilik), espezialitatekoa izan gabe mediku gehienek erantzun ditzakete (ni prebentiba eta osasun publikokoa naiz, imagina ezazu!), baina DENBORA behar da kontsultan eta ez dago (txerto batek funtzionatzen ez duenean eta berriro txertatu behar dugunean, eman ohi dugun azalpena ez da askotan ulertzen, egunero egiten dugun arren):
– dermatitis atopikoan adibidez azaleko zelulen hantura bat da, zerk eragiten du? monozitoek jariaturiko E-2 prostaglandinak eta fosfodiesterasak (fisiologikoki gertatzen dena), eta hau zer dela eta gertatzen da? euren artean bateragarri diren hipotesi ezberdinak daude (alergiei loturiko bitartekariak, etab.) hala nola klinika agertaraztea eragiten duten faktoreek (stressa, kutsadura, etab.)
– neumotoraxaren kasuan lehertu egiten den buila bat izan ohi da, buila hauek zerk eragiten ditu? sortzetikoak izan ohi dira, zerk egiten du lehertaraztea? ariketa edo esfortzu handiek, eztul krisi handi batek, presio aldaketek; zeintzuk dira arrisku faktoreak? gazte, argal eta kirolari izatea.
Bigarren galderarekin ordea ez nago ados, fisiopatologia ez da teleologikoa, alegia, gaixotasuna (orokorrean) ez da gertakari baten aurrean gorputzak ematen duen erantzuna, gorputzean gertatzen den fenomeno bat baizik. Zenbait gaixotasun, gehienetan genetikoak (adib. anemia faltziformea), arrazoi ebolutiboak direla eta heredatu dira (malariaren aurkako nolabaiteko babesa), baina kausa eboluzioan gertatutako mutazio aleatorio bat izan ohi da pertsona horri nolabaiteko abantaila ebolutibo bat eman diona eta ondorioz bere ondorengoeei, gene horiek hedatuz.
Baina orokorrean gaixotasunak beste animalietan (eta gure aurrekarietan) ikus ditzakegun kateaturiko akatsen eta kanpo faktoreen ondorio dira, adibidez minbizia, asma, bihotzekoa, diabetesa, etab. eta gaixotasun horiek Egia da, mekanismo hauen arabera eta parte hartzen duten kanpo faktoreak kontuan izanik, gaixotasunak sindromeetan antolatzen eta aztertzen direla eta horiek azaldu ohi dutela gorputzaren erantzuna nolakoa den, adibidez, gaixotasun autoimmuneak edo beherako sindromeak.
Baina hori sindromeetan ikusi ohi da eta ez guztietan, adibidez, gaixotasun degeneratiboetan ez dago ‘zertarako’, telomeroak urteen poderioz galtzen dira, baina horrek ez du erabilgarritasun espezifiko bat, gertatzen den fenomeno bat da. Beno, bai, gertatuko ez balitz hilezkor edo minbizi bat izango ginateke. Baina zertarako fisiologiko horrek ez du gaixotasunaren zertarakoa azaltzen, alegia, gaixotasun degeneratiboek ez dute minbizitik babesten. Orokorrean, epistemologian patologia oreka fisiologiaren mekanismoak mantendu ahal izateko pairatzen dugun prezioa izan ohi da, baina prezio horrek ez du onurarik ez erabilgarritasunik, behintzat gure gorputzari dagokioenean, ekologikoki zentzu asko duten arren 😉
Kaixo Adrian.
Eskerrik asko zure erantzun argigarriagatik. Benetan.
Baina nik esan nahi nuena zen, gaixotasunek badutela zergatia. Eta gaurko medikuntzak ez duela hori kontuan hartzen. Hala iruditzen zait niri behintzat. Osakidetzako mediku batek ez du inoiz galdetzen… “zergatik uste duzu gaixotu zarela? Zer pasa zaizu azken aldian?” Nik esango nuke gaixotasunen jatorria emozionala dela bereziki. Eta hori ez dela sendatzen antibiotikoekin. Eta gaixotasuna berbera izan arren, pertsonak desberdinak garela eta arrazoi ezberdinengatik gaixotzen garela. Baina denoi ematen zaigu sendabide bera Osakidetzan. Ez dut ulertzen zergatik.
Eta bigarrena. Zertarakoa. Gaixotzea, nire ustez, ez da ezer txarra. Gorputza mintzo zaigu. Zerbait adierazi nahi digu. Zer? Hori bakoitzaren lanketan datza. Eta hor uste dut osasungintzako profesionalek laguntza eman beharko luketela. Gaixotu zein helbururekin egin garen jakiteko.
Klaro. Hau dena akaso ez da oso zientifikoa. Baina nik hala dela sentitzen dut.
Orain dela denboraldi bat hitzaldi bat eman behar izan nuen gaixotasunen jatorri emozionalaren sasizientziaren inguruan (http://mueralainteligencia.com/2013/09/24/cancer-mata-pierdes-ganas-vivir-puta-mierda/ // https://www.youtube.com/watch?v=tuKmGzYGBHE // http://www.ivoox.com/timos-realidades-sobre-supuesto-origen-emocional-audios-mp3_rf_9071051_1.html ) eta sentitzen dut, baina medikuntza ebidentzian oinarritzen da.
Adibide bat jartzearren, zerk eragiten du jaioberri den ume batek HIESA izatea? edo zerk eragiten du 2 urteko mutil batek Elwing sarkoma bat pairatzea? edo 98 urteko gizonezko osasuntsu batek bat batean iktus bat sofritzea? eta aldez aurre jaio den ume batek arnas distresa paraitzea? zergaiti horiek zertarako bat dute? oinarri emozional bat dute? ez. Eta ez nik ikusitako kasuak izanagatik (nire esperientziak ez du baliorik medikuntza egiterakoan), bioneuroemozioa deituriko teoriak ez duelako sostengatzen duen ebidentziarik, alegia, ikerlanik. Eta ez naiz sartuko teoria horiek medikuntza germaniko berriarekin duten loturarekin, hitzaldian piska bat gainetik azaldu nuen teoria horiek zein nolako biktimak eragin dituzten.
Hau alde batera utzita, gaixotasunak gure psikean eta gure psikeak gaixotasunean duen eragina oso aztertuta dago, estressa adibidez urdaileko gastritis eta ultzeren sintomak okertzen ditu, baita ultzeradun kolitisaren broteak agertarazi (stress immunokentzaile oso ezaguna da). Baina horrek ez du esan nahi urdaileko ultzera baten atzean izen abizenak dituen bakterio bat ez dagoenik (H. pylori) eta hori tratatzerakoan sendatzea lortzen ez dugunik.
Osakidetzako medikuek denbora gehiago behar dute euren gaixoak entzun eta hobeto ulertu ahal izateko? bai, hala da, eta hala eskatu izan dute Osatzen-eko kideek, baina ez zaie asti hori ematen eta duten kupoa atenditu behar dute daukaten astian.
Bestalde, gaixotasun bat sintoma ezberdinak izan arren pertsonaren arabera, hauek sailkatzen dituzten gidak erabiliz erabaki behar da tratamendua. Ezin dugu mediku bakoitzaren ustetan utzi gaixo bakoitzean zein den tratamendu egokiena, horren ondorio latzak gaixo askok pairatu behar izan dituzteelako. Ba al dakizu zer dela eta jaio diren gaixotasun baten inguruko elkarte gehienak? tratamendu eta diagnostiko okerra eman zitzaien gaixoak direla eta. Euren presioei esker gaixotasun ugaritan ikerlan askoren ondorioak jasotzen dituzten gidak adosten dira (ultzeradun kolitisarena, adibidez), frogaturik dauden tratamendu eraginkorrenak sintoma bakoitzerako ahalik eta lasterren eman daitezen gaixoeei eta ez mediku batetik besterako peregrinajean osagile bakoitzak jartzen dituen tratamenduekin.
Eta gida horien emaitzak hortxe ditugu, martxan jarri ostean euren erantzunak inkesta bidez ebaluatze direlako, baina gaixo eta profesionalen artean. Bai, hotza da, baina medikuntzak zientziaren ebidentziak behar ditu.
Gaixotzea ez da ez txarra ez ona, oreka sistema mantendu ahal izateko gure gorputzak ordaintzen duen peajea da eta peaje horrek gehienetan heriotza dakar. Zure gaixotasunek ez dizute ondorio latz hori erakutsi, pozten naiz benetan, baina tratamendurik gabe hori eragiten dute neumotoraxek eta ultzeradun kolitisek, eta orduan ez dago inolako leziorik ikasterik.
Gaixotasunak gure esperientzia bitalean indartsu kolpatzen duten gertaerak direla errepikatu ohi digute karreran, eta normala omen dela horien ostean gure perspektiba bitala aldatzea. Eta ebidentziak eta nire esperientzia pertsonalak hori baieztatzen didate 😉
Nire esperientzia pertsonalak besterik dio, Adrian. Hesteetako ultzera atzeman zidatenean zergatik gaixotu nintzen galdetu nien eta dermatitisa antzeman zidatenean bezalako erantzuna eman zidaten: nire gorputza nire gorputzaren aurka hasi zela kolpera. Eta ez zekitela zergatik.
Ultzeradun kolitisa atzeman zidatenean galdetu nion mediku espezialistari nire elikadura zaindu beharko al nuen, liseriketa aparatuan sortu zitzaidalako ultzera. Baina nire harridurarako, esan zidan ezetz, ez kezkatzeko elikaduragatik. Tira, ez hartzeko kafe bat baino gehiago egunean, eta beherakoarekin hasten nintzenean yogurtak jateari uzteko. Eta emango zidaten botikekin sendatu ez, baina kontrolatuta edukiko zutela gaixotasuna. Baina kronikoa izango zela gaixotasuna. Betirakoa alegia. Ez zuela sendabiderik nireak. Orain 4 urteko kontuak dira horiek.
Hasieran hartu nituen botikak, brotea geratu artean. Eta diot nik, lagungarri dela medikuntza horrelakoetan. Baina hortik aurrera, gaixo kroniko ez nuela izan nahi. Hori esan nion nire buruari. Eta medikuntza ofizialak ezin baninduen sendatu, beste bide batzuk urratzera jo nuen. Makrobiotikara.
Elikaduran eman nuen aldaketarik handiena. Esnekiak kendu nituen, azukrea zerora murriztu, haragia ere gutxitu. Eta zereal integralak eta berdura gehitu. Sukaldea izaten hasi zen nire ospitale. Eta hobekuntzak segituan nabaritu nituen. Hobekuntza fisikoa eta ondorioz baita emozionala ere: nire buruarekin eta gauzekin zentratuago, indartsuago esnatzen nintzen. Eta hara ba, ez dut honekin esan nahi broterik izango ez dudanik gehiago, baina badira ia 4 urte ez dudala broterik izan. Eta ez dut sendagile espezialistak errezetatutako botikarik hartu, ez hartzen ere. Eta arren, ez diot harrokeriaz hau. Nire burua sendatu nahi izan nuen. Ez besterik. Eta horretan ari naiz osasuntsu sentitu nahian. Eta ah! Hara ba. Esnekiak uztearekin batera desagertu zen dermatitisa ere.
Honekin guztiarekin ez dut esan nahi medikuntza ofizial behar ez dugunik. Baina ikerketak ere bideratuko nituzke beste bide batzuetatik ere. Ez dakit zergatik ez diren aintzat hartzen milaka urtetan garatutako ekialdeko medikuntza jakintzak, edo gehiago, zergatik ez diren beste zenbait gauza bezala aztertzen gure herri osasunbideak.
Baina elikadurarena ez zen izan urratu nahi izan nuen bide bakarra. Zergatik gaixotu nintzen. Horixe erantzun nahi izan nuen nik. Zer zen bizitza trabatzen zidana, zer korapilatzen ninduena, zerk egiten zidan kalte. Horiek denak argitu eta aurkitzeak eta horiek gainditzeak lasaitu ninduen eta ustez aurkitu nuen zer egin nahi nuen bizitzarekin (zertarakoa). Eta benetan diot, gaixotasun ustez kroniko hura ez nuen hartu ezer txartzat. Gaixotu aurretik baino sendoago eta seguruago nagoelako orain naizenaz. Gaixotasun hari eskerrak.
Eta egia da. Nik ez dakit zergatik gaixotu daitekeen bat 2 urterekin. Baina konstelazio familiarrak ere aztertzen dira horretarako. Ez baitzaigu aitaren eta amaren sudurra edo belarri tankera soilik transmititzen, iragana ere geurekin daramagu nolabait.
Hau mediku batek bidali didan mezua da. Modu pertsonalean bidali dit, bere izenik ez jartzekotan. Hementxe:
… esaterako gure espezialitateak pertsona dik helburu, osotasunean ulertuta, ikuspegi biopsikosozial batetik ulertuaz, gertutasuna ta babesa eskeiniaz, ta danak familia edo inguratzrn diken markoa oinarritzat hartuaz… argi ziok ta aspaldidanik gaixotasuna oreka baten galeraren ondorizko eranrzun bat dek, berdin zaiak fisiologia desorekatuz, barne izatea, famili izatea, edo positibotasunaren galera ondorioz… askotan ikusten diagu adibide moun bikote bateko bati gaitza agertzean besteari gaitza ere azaltzen zaiola… ta hori ez da fisiologia, barne mina eta minaren idlada baizik… bata txurian atzean pertsona modalitate asko baitzaudek…
Ez dakit adibide egokia den, baina hona hemen Imanol Kerejetaren testigantza, Joan Mari Torrealdairen minbizia kasuari buruz. Lotu egiten ditu Torrealdairi torturek eragindako trauma ondorengo estresa eta bere minbizia: http://www.berria.eus/paperekoa/1991/011/001/2015-04-12/lotura_dago_torrealdairen_minbiziaren_eta_jasandakoaren_artean.htm
Eskerrik asko Jakes! Testigantza argigarri eta interesgarriak.
Aupa Bikote,
Gustora irakurri det zuen elkarrizketa, Imanolen esperientzian islatuta ikusten naizelako batez ere (hemen ultzeradun kolitisa jasaten duen beste bat alegia). Nik ere nere esperientziatik hitzegingo dizuet, eta esperientzia honek gaiari buruz ezagutzera eraman nauenetik. Hau jakinik, garbi dago ez naizela gaian aditua, eta nire baieztapen guzti guztiak oker izan daitezkeela.
Orain dela 6 bat urte diagnisia egin zidaten, baina lehendik ere jasaten nituen gaitzaren sintomak leunxeagoak, nahiz eta jakin ez gaitza nuenik. Diagnosia egindakoan nahiko gogor jo ninduten sintomek, eta etxeko errege bihurtu nintzen: Denbora ia gehiena “Tronuan” pasatzen nuen. Lanean ere arazoak nituen, egunean egunekoa egiten saiatzen nintzen gaixotasuna besteen aurrean nabarmena izan ez zedin ahalegintzen nintzen bitartean. Garai hau oso gogorra izan zen neretzat, batez ere psikologikoki. Bizi guztian kirolaria izan eta gorputza asko landu izan nuen, azkenean gorputzean akatsa nuela ikusteko…
Eta noski garai hauetan burua galderez bete zitzaidan, zergatik? zergatik niri? zer egin dut gaizki? Hau eta bestea egin ez banu… Horrela jokatu banu… Gaixotasun kronikoa, bizi guztian horrela egon behar dut? Lortzen nituen erantzunek ez ninduten guztiz asetzen, eta honek stressa eta atsekabea ekarri zidaten, eta noski sintomak areagotu egin ziren.
Medikuekin bitartean hartuemana ona izan zen (Eskerrikasko Usua), eta saiakera ezberdinen ondoren ondo zetorkidan medikamendua topatu genuen. Elikaduraren gaia ere komentatu zidan, ikusten joateko zein janarik egiten zidan kalte, baina hau pertsona bakoitzaren araberakoa zela. Honekin sintomak lasaitu ziren, eta bizitza normal xamarra egitea lortu nuen berriro ere. Baina kronikotasunaren kezkek nere baitan jarraitzen zuten: Bizi guztia botikak hartzen pasa behar dut? Aldian aldika komunera korrika? etab. Eta konturatu nintzen arazoaren zati bat gaixotasun beraren kontzientzia zela, eta ardura horrek lotzen ninduela askotan. Eta ondorioz gaixotasunaren onarpena etorri zen, baina baita medikuak esandako pare gat gauzen aurrean matxinatzea. Bizitza guztiz normala egingo nuela erabaki nuen beldurrak alde batera utzita. Medikuek kirola egitea onegia ez zela esan zidaten, baina nik gogor hartu nuen berriz ere. Janariarekin ere normal jaten hasi nintzen, denetik, gehiegi arduratu gabe.
Erabaki hauen ondorioz lasaitasuna etorri zitzaidan, eta honek sintomen desagerpena. Eta orduan nere kabuz medikazioa gutxitzen joan nintzen, guztiz kendu arte. Duela 2 urte baino gehiago ez dut botikarik hartzen, eta remisioan nengoen gaixotasunaren arrastorik ikusi gabe. Esan daiteke gaixotasunaz ahaztu nintzela ia.
Duela pare bat hilabete lanean arazoak eduki nituen, eta berriz ere stressa, atsekabe etab. gogorra ekarri zizkidan, eta hara non azkenaldian sintoma batzu ikusten ari naizen berriz ere. Medikuari bisita berria egin diot, eta zain nago, baina espero det garaiz harrapatzea.
Guzti honek zer erakutsi dit?:
– Horrelako gaixotasunen bat agertzean, normala dela norberari galderak egitea eta erantzunak nahi izatea, baina baita galderek ez dutela gure gustoko erantzunik izan behar, edo ez dutela zertan inolako erantzunik izan beharrik. Zertarako? galderak adibidez ez du erantzunik nere ustetan.
– Gaixotasuna hor dagoela, eta gaixotasunaren sintomak botikek sendatzen dutela. Baina gure egoera emozionalak eragin oso handia duela. Gaixotasuna agertu ez dadin lasaitasuna beharrezkoa dela, eta lasaitasun hori lortzeko bidea norberak aurkitu behar duela (kirolaren bidez, makrobiotikaren bidez, familiaren bidez…), ez bide hoiek berez lagungarriak direlako, baina bai bide horiek egokiak direla usteak laguntzen digutelako.
Eta honaino nere burutapenak. Barkatu ladreilua!
Aupa Ibai, konpai!
Aberastu nau zure testigantza irakurtzeak.
Medikuei asko eskertzen diet nik. Sendabidean jarri ninduten. Baina ez botikek ez eurek sendatu naute. Sendatzeko ahal guztia eurei ematen diegulakoan nago eta okerra da bide hori: Besteengan uztea gurea ere baden ahala. Laguntzeko daude osagileak, bidelagun izateko. Nire ustez.
Eta esan dut lehenago, zertarakoak niretzako garrantzia handia du. Eta ez dut uste makrobiotika eta horrelakoak uste bat soilik direnik. Dira milaka urtetako herri jakintza bat eta kontuan izan beharko litzatekeena. Eta ikertu beharko litzateke gehiago. Kasu bat, kasu bakar bat baldin badago ere sendatu dena, zergatik ez ikertu hori? Zergatik begiratu beste aldera?
Besarkada estua Zarauztik! Eta beti aurrera, eh?