(Info 7ko bigarren kontakizuna, aurrekoaren jarraipena. Idatzita behean eta hemen entzungai)
Katua ekarri genuenean hasi zen dena. Etxean ordura arte genuen lasaitasuna apurtu zen nolabait.
Lagun batek deitu zigun esanez kalean aurkitu zuela katu ttiki bat eta negarrez eman zuela gaua eta hurrengo egunean ere leku berean zegoela eta ea hartu nahi genuen etxean. Baietz erabaki genuen. Batez ere, batez ere neskalagunak animatuta, bultzatuta. Bera katu artean hazia dalako eta itxuraz, etxean sumatzen zuen… zerbaiten falta…
Arraroak izan ziren katuarekin egindako hasierako egunak niretzat. Inoiz animaliekin bizi gabea izan eta ba hoixe, nik, katu bat izatea, panpina bat izatea bezalako zerbait izango zela uste nuen. Baina ustezko panpina beltz horrek, kaka egiten zuen, pixa, miauka eta atzamarkadak eman nonahi. Hasieran edozein lekutan: koltxoi, pasilo izkina, espero gabeko leku-baxterretan. Ikasi zuen, ikasi bazun azkenerako non egin behar zituen komuneko lanak. Hori bai, bere kakak behar bezela estaltzeko ez zen gai izan inoiz.
Halere, zer nahi duzue ba esatea, une batzuetan lortu nuen katuari kariƱoa hartzea. Etxera iritsi eta bera non egoten zen jakin nahi izaten nuen, zertan ari ote zen asmatu. Katua, beti hurbiltzen zitzaidan eta miazkatzen ninduen eta heltzen zidan galtzetatik eta nik urduri, ez nuen jakiten oso ondo zer egin, nola jokatu. Gero nahi izaten zuen nirekin ohean sartu edo nire lan mahaiaren gainean paper janean aritu edo nire izterretan etzanda lo goxoan iraun.
(Gutxitan asmatzen nuen baina. Beti zegoen ustekabeko lekuan, beti pentsatu gabeko zerbait egiten. Eta urduri jartzen hasi nintzen.)
Goizetan ohetik jaiki eta gelako atea zabaldu orduko hanka artean ibiltzen zitzaidan burua zezenek bezala mugitzen, izter gorputzekin laztanak bilatzen. Komunean ere gauzarik intimoenak egiten ari nintzelarik, alboan izaten nuen amodio eske.
Haserretzekoa zen ordea. Beti emanean ari nintzen ni: janaria, edana, laztanak… Baina zer ematen zuen berak bueltan? Etxea garbitzen hasten nintzenetan ez zuen laguntzen, areago estorbatu egiten zuen. Bazkaria jartzen ari nintzenetan ere, uste duzue egiten zuela marru mihaua besterik? Zer egiten du katu batek jan, lo, eta mimoak eskatu baino? Ezer ez. Ez egiten hasita hortzak ere ez dituzte garbitzen. Eta garbi fama dutela! Pentsa! Ura ere ez zaie gustatzen…
Baina hori, kontatzen ari naizen hori dena ez zen ezer gerora sumatzen hasi nintzenarekin. Adibidez. Ordenadorean katuari buruzko idazten nuenetan, katuari begiratu eta… niri begira aurkitzen nuen beti. Bazekien, ematen zun bazekiela zer ari nintzen idazten! Bere kontrako hitzak borratzen hasi nintzen badaezpada. Gure katua, ez baitzen katua bakarrik. Ezin zitekeen izan. Gure aurrean bai. Gure aurrean katua zen, baina pasillo ilunetik barrena ezkutatzen zenean, zer zen? Sukaldera sartu edo bere balde komunera heltzean zer zen katu hura? Zer bilakatzen zen?
Zergatik desagertzen ziren tarteka yogurrak frigorifikotik? Nolatan agertzen kutxarila zikinak bere baldean? Behin moztutako azkazalak aurkitu nituen sofaren ondoan… norenak ziren azkazal zati horiek? Katuarenak izan behar zuten. Nola moztu ditu katuak azkazalak berak bakarrik?
Aspaldian nengoen ohartuta. Etxetik irtetean, atea ixteko giltzak sarrailan sartzean, atea itxi bezain pronto, nik katua bistatik galdu bezain pronto, iruditzen zitzaidan beste zerbaitean bihurtzen zela katu izateari utzita.
Horregatik pentsatu izan dut berarekin haserretu eta kolpe bat edo ostikada bat amorrazioz eman nionetan, egun batean, ez oso egun urruti batean, hizketan hasiko zitzaidala berari emandako minegatik kontuak eskatzen. Horregatik saiatzen nintzen beti katua ondo tratatzen, badaezpada ere.
Azkenerako, magalean esertzen zitzaidanean, beldurrez, joateko eskatzen nion. Burua ezker eskuarekin laztandu ahala, berak, azkazalak iltzatzen zizkidan saihetsean. Eta ni ixo.
Horietako batean gertatu zen. Orduantxe harrapatu nuen tranpa. Neskalagunak ez zidan ordura arte esaten nuenaren kasurik ere egiten, ez zidan egingo oraingoan ere. Baina katua magalean eduki eta lurrera salto egin zuen batean, pasillo luzetik barrena zihoala, garbi ikusi ahal izan nuen. Lau oinetan zihoan katuaren itzala pertsona batena zela, emakume batena itxuraz, ile eta gorputz silueta haiei erreperatuta.
Harrapatu haut kabroia! Esan, eta salto egin nuen itzalaren gainera. Katuak orduan inoizko oihurik larrituena egin eta jauzi pare batean ihes egin zuen gure etxeko leihotik. 4. pisuan bizi ginen, baina leihotik ikusi ahal izan nuenaren arabera, katua onik atera zen jauzian. Eta nik ez dakizue zer deskantsu hartu nuen orduan. Baina barruan geratu zitzaidan zerbait, zerbait guztiz lasaitu ez ninduena… kalera ateratzeko ere beldur izango banintz bezala.
Handik gutxira, oso gutxira, tinbrea jo zuen norbaitek…
1 Iruzkin
[…] prestatutako ipuin misteriotsua. Hirugarren atala da honakoa. Lehenenegoa hau izan zen, bigarrena beste hau. Denak dauzkazue entzungai eta irakurgai. HAU ENTZUTEKO EGIN KLIK […]