Martxoko lehen astearen errepasoa eta dutxa hotz bat

Imanol Epelde
0

[soundcloud url=”http://api.soundcloud.com/tracks/38758054″ iframe=”true” /]

Sartu gara martxoan. Sartu gara udaberria harrapatzeko azken zuzengunean. Aste honetan eguraldi ederra egin digu oso egun batzuetan, lainorik gabekoa, eguzkia goian. Heldu da neguko txaketa lodiak armairuan biltzeko unea, poltsa beroak ohetik ateratzekoa. Baita Aste Santuko oporretan zer egingo dugun erabakitzekoa ere. Bizitza deika ari zaigu. Bertan daukagu Udaberria.

Sartu gara azken zuzengunean bai. Baina ez gaitezen hasi esprintean. Aurten, akaso, ez baita lasterketarik izango. Migel Indurain txirrindulari lasterketa zalantzan, Laudioko Saririk ez dela izango seguru dakigu eta Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasika airean. Ez baitira norgehiagoka itsuan aritzeko garaiak. Elkarrekin aritzeko garaiak baizik. Behingoz ez da irabaztea bakarrik izango inportantea. Parte hartu ahal izatea baizik.

Argi dago aste honetako esaldia zein izan den: And the Oscar goes to…. The Artist. Gogoratuko duzue, zuri beltzeko pelikula mutuak irabazi zituen Oscarretako sari nagusiak. Bizi dugun garairako pelikula egokia oso inondik ere. Murrizketen aro honetan, kentzen hasita kolorea eta ahotsa ere kendu nahi dizkigutelako. Artistak ere ez zaizkigu falta, ez horixe. 20 ordutan 500 galderei teatrorik onena eginez erantzuteagatik, aste honetako Oscar sari onena merezi du… Iñaki Urdangarinek. Bera konturatu gabe, berak ezer jakin gabe pasa baitzen eskubaloian jokatzetik 7 milioi euroko etxeak erostera.

Andere-jaunok, ez da harritzekoa zine mutua itzultzea: halaxe geratzen gara batzuk gure pantailetara heltzen diren komedia beltzak ikusita. Hori bai, kolorea eta ahotsa itzuli nahi izan zizkion komediari, aurreko larunbatean Bilbon sindikatuek eginiko manifestazio jendetsuak, martxoaren 29ko greba deialdiaren atarian.

Hori dena, Guardiolak liga ez dutela irabaziko esan duen aste berean. Liga akaso ez baina “kalea irabaziko dugu” oihukatu dute Bartzelonako ikasle askok eta askok. Aurreko asteetako Valentziako fallak ekarri ditu gogora aste honetako Bartzelonako protestak, eta batzuk gehiegi kezkatu dira kaleetako su horrek kanpoan eman dezakeen irudiaz. (Etxeko hautsak etxeko sura bota behar baitira) Kanpoan uso izan behar baita etxean otso izateko.

Baina otsoetan otso, negu gordineko elurteetako goseteari aurre egin nahian letagina zorrotz eta haragi puskak amorrazioz horzkaka ari direnak, bankuak izan dira aste honetan ere. Europako Banku Zentralak, entzun ondo, bilioi erdi bat euro eman die bankuei. Diru publikoak erabilita jakina. %1eko interesarekin lortu dute dirua, gero, gobernuen zor publikoa %4 edo %5era eros dezaten. Bankuek zer jana izan behar baitute, irabazi gosea asetzeko .

Bueno, baina ez gaitezen kexa. Guri ere ematen digute-eta jaten. Defizitarekin, hori bai. Aste honetan jakin da iazko Espainiako defizitak aurreikuspen okerrenak gainditu zituela. Aste berean jakin den bezala, defizitari aurre egiteko-edo auskalo, Frantzian abandonatutako herri bat salgai jarri dutela 300.000 euroren trukean.

Guk ere beste horrenbeste egin genezakeela okurritu zait niri, ataka gaitz honetatik atera gaitezen. Saldu genitzake esaterako, Laidako eta Getariako Gaztetape hondartza… Hotel multinazionalak irrikan leudeke erosteko. Saldu genitzake adibidez Araba Errioxako udazken koloreak. Edo saldu genitzake Bardeak ere. A, itxoin-itxoin-itxoin, ahaztuta neukan hori aspaldi zegoela salduta, militarrak aeroplanoekin bonbak botatzera entretenitu daitezen.

Aste honetan jakin dugunez gainera, Araban, Diputazioarenak diren museoetan sarrera kobratzen hasiko dira. A, baina ez omen dute kobratuko diru arazoak dituztelako. Museo horiei benetako balioa ematea omen da helburua. Aukera polita izan liteke gauza bera egitea, beste gauza batzuekin ere. Aste honen bueltan jakin dugu esaterako, Sautrelarik ez dela izango gehiago, gutxienez-gutxienez, 2013a arte. Nik hurrengo astetik aurrera ematen hastea proposatuko nuke, baina ez irekian orain arte bezala. Eman dezatela Sautrela.. itxian futbol partidak ematen dituzten bezala, GOL TVk edo Canal plusek bezala. Kobratu dezatela Sautrelako programa bakoitza… futbol partiduko sarrerak bezainbeste. Ikusiko duzue nola biderkatuko den telebistako literatur saioaren balioa eta prestigioa. Jendeak gaua lorik egin gabe emango luke programa berriak ikusteko zain. Aste honetan Atletikeko eta Errealeko jarraitzaile askok, futbol partidatako sarrerak erosteko zain, kalean gaua eman duten bezala.

Bai, kobratzen hasi beharko genuke interes orokorreko gauza mordoa. Begira zer gertatzen den bestela. Doan izango da gaztelaniatik euskararako itzulpenak egingo dituen eta aste honetan aurkeztu den itzultzaile automatikoa ere. Normala jendea kexatzea. Ordainpekoa balitz gehiago baloratuko litzateke, seguru. Eta ordainduta ere askoz merkeagoa aterako litzaiguke guri, gure lehendakariak, alferrikako euskara klaseetan milaka euro gastatzeari utzi eta itzultzaile automatikoa erabiliko balu. Gastuak gutxitzeaz gainera, kalitatean ere irabaziko luke. Eta genuke.

Gainerakoan, politikan betiko herrenak betiko lekuan. Iratzarrikoak Aralar esnatu ezinik, ezker abertzalea egindako minak aitortu nahian eta gainerakoak, belaunikatu ez ezik hanketako behatz lodia zupatu eta musukatzeko eskatzen, Wikileaksen paper desklasifikatu berrietan agertu denez, AEBetako zerbitzu sekretuak ba dakiguna irakasten: Aznar ultra bat omen da. Informaziorik filtratu gabe ikusi ahal izan dugu zerbitzari bati nola erori zitzaizkion zerbezak Merkelen kolkora. Eskerrak hemendik urrun erori zitzaion bandeja. Hemen dozena bat urteko kartzela eskaerari egin beharko zion-eta aurre Audientzia Nazionalean.

Eta abar, eta bueno, eta nahikoa da. Bisurte honetako asterik magikoena kargatuta iritsi da. Eta nik, nire komun honetan, dutxa hotz bat hartzeko aprobetxatuko dut. Motza hori bai, lehortearen zantzuak gero eta nabarmenagoak dira eta. Hurrengo astera arte…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA