Porrurik ezean asuna, edukitzeko osasuna

Imanol Epelde
0

Edo bestela esanda…

Joxe Mari popolo, ipurtzulo aundiya, uzkerra botatzeko, osasun aundiya

1185433_548458065207352_2085378365_n

Osasun kontuei buruz sarrera bat idazteko izenburu bila ari nintzela gertatu zitzaidan. Pentsatu nuen egokia izan zitekeela esaera zahar bat aukeratzea titulutzat. Kontsultatu nuen Gotzon Garaterenean eta izenbururako ezer egokirik aurkitu ez arren, topatu nituen kontu interesgarri batzuk. Batez ere gure osasun ohiturei buruzkoak. Askotan jotzen dugu osasun kontuetan kanpoko jakintzetara, gurean berean ehundaka urteetako jakintza pilatu denean, ahaztuta ditugu akaso, ez dira gureganaino iritsi bestela. Edo ni naiz ezagutzen ez dituena agian. Esaera zaharrek ordea, argitu ditzakete gure osasun ohituren zenbait klabe, edo pista batzuk eman bai behintzat. Hona hemen, esaera zaharretan osasun hitza bilatuta, interesgarrienak iruditu zaizkidanak.

Osasunaren garrantziaz mintzo dira asko:

  • Osasuna galtzen dunak dana galtzen du.
  • Osasuna munduko ondasuna.
  • Galdu arte ez dira ama eta osasuna akordatzen
  • Osasuna ez da diruba(re)kin pagatzen.

Gure barruak garbitzeko barauak izan dezakeen garrantzia aipatzen dute zenbait esaera zaharrek:

  •  Garizuma, osasunaren ama.
  • Gose urte, osasun urte
  • Osasuna izateko, gutxi bazkaldu eta goiz afaldu.

Lo ondo egitearen garrantziaz ari dira beste batzuk:

  • Lo edarra, osasun edarra
  • Ongi eiñez lua, osasuna ongi dua
  • Osasun ona eukitzeko oiloekin ohera eta txoriekin jaiki

Interesgarriak oso zoriontsu izateko osasunarekin lotutako esaera zahar hauek ere:

  • Hurkoaren maitasuna, herriaren osasuna
  • Osasuna ta bakea, zorion betea
  • Pozak osasuna du senide

Bukatzeko, egia berdadero batzuk:

  • Guztiok osasun ona, gaisotu arte.
  • Gar bi joan ta gatx bi etorri, indarra ta osasuna joan ta eztula ta uzkarra etorri

 

Esaera zaharrik laburrena eta harrigarriena bukaerarako:

  • Lana, osasuna

Lana osasunarekin lotzen baldin bada, eta ikusita lana nola ari den eskasten, esan daiteke ez datozela garai onenak osasunarentzat.

Esaera zaharrak berritzeko tenorea heldu da akaso…

(jarraituko du)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA