Karlos Zurutuza (Donostia, 1971)
Kurdistanen (Iran, Irak, Siria eta Turkian), Balutxistanen (Pakistan eta Iranen), Kaukasoko herrialdeetan (Georgia, Armenia, Azerbaian, Abkhazia, Hego Osetia eta Nagorno Karabagh), Balkanetan, Afganistanen eta Libian lan egindako kazetaria. Egun Iraken da, AEBek gerra hasi zutela zortzi urte martxoan beteko direnean. Ustezko trantsizio une hau gertutik bizi ahal izango dugu Zurutuzaren blogean, egunero, eta hilabetez
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- bertotik(e)k Gezurrik gabe amaitu bidalketan
- Petrolio gosea demokraziaz mozorrotzen denean(e)k Gernika gogoan bidalketan
- Guernica Gernikara(e)k Gernika gogoan bidalketan
- Erlantz(e)k Gezurrik gabe amaitu bidalketan
- Erlantz(e)k Gernika gogoan bidalketan
Bagdad, Kabul, Kairo eta Palestina
Atalak: Sailkatugabeak
Bagdadeko Palestina Hotela
Lasai hartu dut gaur: irakiar telefono zenbaki bat lortu, kontaktuei deitu…funtsean, datozen asteotako agenda osatzen hasi. Eta paseatu, asko gainera.
Hoteletik Tigriserantz jo dut instintiboki. Huraxe iruditu zait hiria esploratzen hasteko tokirik egokiena. Zubitik zubira ibili naiz, ipar-haize oso gozoa baitzebilen ibaiaren ertzetik.
Hiri barnera ere sartu naiz, jakina. Kabul ezagutu ondoren, jakin min handia neukan: zein ote txikituena, itsusiena, itogarriena bien artean?
Bada, militarren presentzia askoz ere handiagoa iruditu zait hemen; ugariagoak segurtasun kontrolak, bai eta zorrotzagoak ere. Bestalde, Kabulgo mendien babesa bota dut faltan gaur. Pentsatzen dut Tigris ibaiaz ere gogoratuko naizela Kabulera inoiz bueltatzen banaiz.
Halako batean, ziurrenik denontzako ezaguna den eraikin batekin egin dut topo, nahi gabe. Bai, Palestina hotelaz ari naiz. Jose Couso kazetariak bere azken gaua pasa zuen bertan. Hurrengo egunean, amerikar tanke batek bere logela txikitu zuen.
Kabul eta Bagdad konparatzeko ariketa horretan, Kairo ere sartu da tartean. Oraindik etxean nengoela entzun nuen Egiptoko presidente den Mubarak-ek Al Jazeera arabiar telebista katearen egoitza itxiarazi zuela, besteak beste. Ildo berean, bertan dauden kazetarien kontrako erasoen berri izan dugu. Gauzak honela, baliteke gaur seguruago egotea ni Bagdaden nire Kairoko kolegak baino.
Al-Jazeeraren itxierak, Kabul eta Bagdaden arteko beste antzekotasun bat ekarri dit gogora. Arabiar kateak Kabulen zuen egoitza amerikarrek bonbardatu zuten 2001an, eta 2003an Bagdadekoa. Zorionez, bi aldiotan eraikina husteko abisua igorri zuten eta ez zen Al Jazeerako kazetaririk hil. Couso, aldiz, bete betean harrapatu zuten, bere kazeta lana Palestina hoteleko bere logelatik egiten ari zela.
Logela hura saiatu naiz aurkitzen kaletik, belztutako balkoiren bat besteen artean bereizten… alperrik. Hotela itxita egon arren, bere fatxada margotu berri dute.
Ez nau harritu, lekuko mutu, itxusi eta deserosoa izango baitzen balkoi hura. Beste bat.