Karlos Zurutuza (Donostia, 1971)
Kurdistanen (Iran, Irak, Siria eta Turkian), Balutxistanen (Pakistan eta Iranen), Kaukasoko herrialdeetan (Georgia, Armenia, Azerbaian, Abkhazia, Hego Osetia eta Nagorno Karabagh), Balkanetan, Afganistanen eta Libian lan egindako kazetaria. Egun Iraken da, AEBek gerra hasi zutela zortzi urte martxoan beteko direnean. Ustezko trantsizio une hau gertutik bizi ahal izango dugu Zurutuzaren blogean, egunero, eta hilabetez
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- bertotik(e)k Gezurrik gabe amaitu bidalketan
- Petrolio gosea demokraziaz mozorrotzen denean(e)k Gernika gogoan bidalketan
- Guernica Gernikara(e)k Gernika gogoan bidalketan
- Erlantz(e)k Gezurrik gabe amaitu bidalketan
- Erlantz(e)k Gernika gogoan bidalketan
Irailaren 11 hura
Atalak: Testigantza zuzenak
Leyla Hassan
Leyla Hassan dut izena, Kirkukekoa naiz.
Hamasei urte nituela, Ali Kimikaria ikusi nuen nire hirian. 1991ko irailaren 11 zen, ondo gogoratzen naiz.
Etxeratze-agindua oraindik indarrean zegoen. Ali Kimikariaren soldaduek kalean zeuden 33 gazte kurdu hartu eta kale erdian akabatu zituzten, denon aurrean. Gehienak auzoko ikasleak ziren, hogei urtetik beherakoak. Haietatik zazpi, nire lehengusuak.
Belauniko zeuden, begiak itxita eta eskuak atzean lotuta. Bakoitzak bi tiro jaso zituen buruan. Ali Kimikariraren Al Najid ofizialak bere pistolaren kargadorea hustu zuen gorpuetan. Jarraian, haietako batzuk furgonetei hanketatik lotu eta arrastaka eraman zituzten hiri osotik. Gogoan dut batzuk bizirik zeudela oraindik, atzamarrak mugitzen zituzten.
Odol arrastoek luze iraun zuten. Inor ez zen garbitzen ausartzen. Baina hiru egun beranduago, kurduon matxinada piztu eta peshmergek (gerlari kurduak) hiria askatu zuten.
Nire hiriaren estatusa ez da oraindik zehaztu. Kirkuken kurduak daude, bai eta arabiarrak eta turkomanoak ere. Erreferendum bat burutzea dugu helburu baina horretarako hainbat pausu eman behar dira oraindik: Saddamek ekarritako arabiar familiak etxera bueltatzea bideratzea; kanporatutako kurduak ekartzea; errolda bat sortu…
Herri kontsulta horretan hiru aukera eskainiko dira: Kirkuk Bagdaden administraziopean jarraitu; eskualde autonomo gisa eratu edo Kurdistanen barruan integratu.
Kirkutetik parlamentarioa naizen aldetik, erreferenduma burutzea da, zalantzarik gabe, nire helburu nagusia. Momentua iristean, herriaren hitza errespetatzea espero dut.