San Valentin Bagdaden da!
Egunotan zera jasotzen ari naiz hemen; makina bat manifestaldi egin arren, irakiarrek ezingo zutela inoiz batera jokatu, herriak Tunisian edo Egipton egin bezala. Eta batasuna omen da, hain juxtu, azken iraultza hauen arrakastaren gakoetako bat.
Ez, makina bat dira egun irakiar gizartea banatzen duten faktoreak: kurduak, arabiarrak, kristauak… edonola, haustura nagusia arabiar xiita eta suniten artekoa da. Zazpigarren mendean hasi omen zen endredoa, Mahomaren ondorengoa hautatzean sortutako desadostasunagatik.
Diotenez, Mahomaren lehengusuetako bat, Ali, profetaren alabarekin ezkondua zegoen. Fatima zen emakume hura. Batzuk (xiitek) zioten Ali eta Fatima zirela Mahomaren ondorengo garbiak. Baina Mahomaren emaztea zenak ez zuen onartu Aliren kalifatoa, orduantxe kontuak eta komeriak: boterea, erlijioa, politika… nahasketa benetan lehergarria, ez da hala?
Egun xiitak gutxiengo nabarmena dira suniten aldean. Funtsean, Irak, Iran eta Azerbaijanen baino ez dira nagusi, eta sunitak ia gainontzeko herrialde musulman guztietan.
Bagdaden oso nabaria den beste haustura bat erlijioak ez, globalizazioak ekarritakoa da: Barcelona-Real Madrid dikotomiaz ari naiz. Aurrekoan bati entzun nion xiitei gehiago gustatzen zitzaizkiela katalanak, eta madrildarrak sunitei. Berehala galdetu nion nire buruari Ronaldok, Messik eta gainontzekoek honen berri izango zuten; areago, xiita-sunita hausturaren nondik norakoak ezagutuko ote zuten. Azkenean, Barçaren jarraitzaile porrokatua zen sunita batek zera esan zidan; futbola-erlijoa lerrokatze hura “tontakeri hutsa†zela, “ezta pentsatu ere!”.
Futbola ez dut gustuko, are gutxiago Ronaldok eta gainontzekoek sortzen duten miresmena herrialde txiroetan. Globalizazioak ekarritakoen artean bat hautatzekotan, San Valentin hartuko dut gaur.
Ez naiz molestatu galdetzen xiita ala sunita ote zen Valentin jauna. Bistan da sekulako arrakasta duela guztien artean hemen.
Karlos, A ze (berbazko) erretrato ederrak
Jexux, ditxosozko globalizazio hau…! Ez idazu esan Halloween ere ospatzen dutela “Trick or Treat” esanez, zeren hori bakarrik falta da. Azkenean denok anglosaxoi bihurtuko gara.