Memoriaren zuloak
Bost ziren. Kanpoko porlanezko murruak gainditu eta tiroka sartu ziren mezan geundela. “Allah u akbar (Ala handia da)†oihukatzen zuten. Urriaren 31 zen.
Ikusten duzunez, paretetako bala-zuloak eta gainontzean izandako txikizio guztia bere horretan utzi dugu. Ez dugu ezer ukituko, hildakoen oroimenez. 50 izan ziren. Beste 90 zaurituta izan ginen.
Batzuk tirokatuta hil ziren, eta itota beste batzuk. Leihorik gabeko gela txiki honetan giltzapean itxi zituzten, ez zegoen airerik guztientzat.
Beste batzuk tiroketa ondorengo eztandek harrapatu zituzten. Bost suizidetatik bik lortu zuten gainean zeramatzaten lehergailuak aktibatzea. Sabaiari erreparatzen badiozu, kalashnikov baten kargadorearen arrastoa ikusiko duzu. Suizidak bularrean zeraman eta sabaiaren kontra jo zuen. Begira, hor. Lurrean ere leherketa haien bi zuloak aurkituko dituzu, aldarearen alde bietan.
Hauxe duzu aita Waseem-en erretratoa, bertako parrokoa zena. Mutil oso gaztea eta alaia zen, asko maite genuen denok. Alboan ikusten dituzun arrastoak zera dira, bera akabatu zuten balenak.
Mesedez, ez atera argazkirik jendeari. Denak beldurrak jota daude eta ez dira inorretaz fio. Pentsa hona sartzeko bi txekpoint ikusi dituzula gaur, bakoitzak bizpahiru soldaduk kontrolatuta. Bada, egun hartan, ez zegoen inor kontrol postuetan. Hau Irak da, ezin zara inorretaz fio, are gutxiago poliziez.
Gutako askok alde egin dute. Diotenez, herrialdeko kristauen erdia baino gehiago joan da Iraketik gerra 2003an hasi zenetik. 2002an milioitik gora ginen. Milaka urte daramatzagu Mesopotamian baina aurki ez da inor geldituko hemen.
Hau sufrimenduaren fresko bat da!!!! Hain lerro gutxirekin…. hitzik gabe utzi nauzu
Endrike