Dozena erdi furgoi gutxienez, Donostiako Ibaeta auzoko EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia eta Psikologia fakultateen sarreran. 2021eko otsailaren 24ko gauean, kasko gorriz, borraz eta ezkutuz hornitutako ertzainek hartu zuten unibertsitatea. Egun batzuk lehenago, fakultateko areto batean sartu zen Unibertsitate Indar Batasuna (UIB) eragilea, azaldu zutenez, “lan politikoa egin ahal izateko espazio faltari aurre egiteko”. Pandemia zela-eta ikasleek antolatzeko erabiltzen zuten gela ostera ere ikasgela bilakatu baitzuen unibertsitateak, alternatibarik eskaini gabe.
Askatasun politikoak aldarrikatzeko martxan jarritako kanpaina betean jo zuten mahai gainean kolpea ikasleek, fakultateko Zorroaga aretora sartuz. Erantzun gisa, dozenaka ertzain bidali zituen EHUk ikasleak identifikatu eta handik ateratzera.
Ikasturte honen hasierarako antolatzeko espazioa bermatzea erdietsi zuten ikasleek, baina hori lortzeko borrokaren ondorioak pairatzen ari dira oraindik ere. Azaroan salatu zuten ikasleek Zorroaga aretoko itxialdiko polizia operazioan identifikatutakoei jarritako isunetan 20.000 euro ordaindu beharko zituztela. Bi eskaera jarri zituen orduan mahai gainean UIBk: batetik, poliziari unibertsitateko campusetara sarrera debekatzea. Bestetik, EHU egiten dute jarritako isunen erantzule, eta horiei aurre egiteko ardura eskatzen diote.
Otsailaren 10ean manifestazioa egingo dute, “errepresio politikoari aurre egitea eta askatasun politikoen defentsa” aldarrikatzeko. Ikasleak manifestazioaren berri emateko propaganda egiten ari zirela, tartean margoketak, berriz ere ertzainak azaldu ziren Ibaetako campusean. Uniformez zein kaleko jantzita, barru-barruraino sartu ziren berriz ere. Urtebeteko epean EHUren fakultate horretan egindako bigarren polizia operazioan ikasle bat identifikatzea lortu zuten. Isuna jarriko ziotela eta “berarekin zer egin” EHUk erabakiko duela egin zioten mehatxu ikasleari. Unibertsitateko langile batzuk ertzainekin elkarlanean aritu zirela ere salatu du UIBk.
Unibertsitate eremuetako poliziaren esku-hartzeak modu horretan normalizatzeak arriskutsua dirudi, eremu bereziki erasotua eta aldi berean babestua izan baita; bere burua pentsamendu kritikoa sustatzeko instituzio gisa duen EHUrentzat kritikotasunak muga argiak ditu, ordea, eta ez du zalantzarik egiten muga horiek bermatzera polizia bidali behar duenean