Magdalena (1992)

Magdalena Camposek egunero egiten zuen Santurtzitik Bilborako bidea oinez, arrain bete otar hartuta. Bilboko San Frantzisko auzoko azken sardina saltzailea zen. Edo hala irakurri dugu ARGIAn, 1992an argazki hau atera ziotenean. Magdalena 12 urterekin hasi zen lanbide horretan, ama alargun geratu zenean: “Zortzi seme-alaba ginen, nolabait lortu behar etxerako dirua”, zioen. 85 urte zituen Amagoia Iban [Gurrutxaga] kazetariaren galderei erantzun eta Aitor Bayoren kameraren aurrean jarri zenean.

Udan zein neguan, goizero lonjako enkantera joan, eta gero Bilbora, Maiatzak 2ko kale-izkinara; plastikozko kubo baten gainean eserita, bere oinetakoak baino gastatuago zegoen espaloian, generoa saltzeko: “Beti izan da horrela. Nik aukeratu nuen, eta gustura nago”.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ae/Santurce_-_Monumento_a_la_Sardinera_2.JPG

Santurtziko sardinerei monumentua. Argazkia: Wikimedia Commons

Santurtzi historikoki itsas herria izan da, baina XX. mendean industrializazioak irentsi zuen, eta itsasoari loturiko lanbideak –emakumeek lurrean egiten zituzten ikusezin horiek barne–, desagertzen joan ziren. Haien memoria oso presente dago oraindik ordea. Urtero, urri aldera, Sardinera Eguna ospatzen dute, aspaldi unibertsalizatu zen emakume haien irudia beste modu batean gororatzeko eta egiten zuten ezkutuko lana aldarrikatzeko.

“Magdalenak ez du Martxoaren 8aren berri”, diosku kazetariak, eta seguruenik gutxieneko soldata edo genero arrakala zer ziren ere ez zekien. Baina 08:30ean puntual egoten zen bere tokian; orain, aukerarik gabe, itzaleko lanak egiten dituzten beste emakume asko euren tokian puntual egoten diren gisan.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Aitor Bayo / ARGIA Fototeka CC-BY-SA

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude