Kokoteraino (1996)

Ekintza ausarta egin zuten hamar euskal deportatuk 1996ko ekainaren 8an: Euskal Herrira itzultzea erabaki eta Baionako katedralean itxialdia hasi zuten. Lurrean eserita ageri zaizkigu, ur botilak ondoan, aldarrikapen orriak ikurrinadun mahaian… Eta tenpluaren kanpoaldean, berriz, bi harresi aurrez aurre: lagunak eta poliziak.

Tentsioa hainbat egunez luzatu zen, harik eta deportatuak desalojatu eta haietako sei Espainiako Estatura estraditatu zituzten arte. Bik ihes egitea lortu zuten.

30 urte igaro dira argazki hartatik, 40 baino gehiago Frantziako Estatuak lehen deportazioak hasi zituenetik. 1984 eta 1989 urteen artean 70 lagun eraman zituzten milaka kilometrora dauden herrialdetara, Miguel Castells abokatuaren arabera “praktikan preso, zerbitzu sekretuen menpe” (Larrun, 265 zk.). “Kokoteraino geunden, jasaten ari ginena epaiketarik gabeko zigorra zelako”, azaldu zion aldizkari honi katedral barrutik Joxe Portu errenteriarrak.

Urteak joan dira, baina iheslarien eta deportatuen egoera fosilizatuta geratu da. Asko jaioterritik urrun hil dira, preso hil ere. Azkena, Hilario Urbizu olatzagutiarra, 1975ean frankismoko errepresiotik ihes egin eta Mexikora 1980an iritsia. 76 urte zituen zendutakoan, eta 45 igaro erbestean. Etxeraten arabera, egun oraindik hiru deportatu eta hamahiru iheslari daude.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkiak: Alberto Elosegi / ARGIA CC-BY-SA

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude