Gure joko gizonak (1969)

1969ko apirilean, bidaia harrigarria egin zuten Teodoro Irazusta Usategieta eta Anjel Albisu Soarte harri jasotzaileek, Manuel Matxain tokalari famatuarekin batera. Japonian izan ziren, FUJI telebista kateak gonbidatuta, erakustaldia egiteko. “Bai enetxoak, gure joko gizonak Japon’era daramazkite”, idatzi zuen pozarren Basarrik Zeruko Argia-ko bere txokoan.

Bertsolariak kontatzen duenez, japoniarrak Europa osoan ibili ziren kirol berezien bila, “ez egunero ta nunai ikusten diranak”. Frantzian, abailarekin harriak botatzen zituen baten bat aurkitu omen zuten, baina ezer gehiago ez… Gipuzkoara iritsi ziren arte: “Ikusten zuten guzia gustatzen zitzaien: arrijasotzaileak, tokalariak, segalariak, aizkolariak, aari jokoak…”, zioen. Berehala hasi ziren “tratuan”.

100 eta 125 kiloko harri zilindroak, 137,5eko kubikoa eta 125eko biribila, aurretik bidali zituzten itsasontziz –pisu gehiegi ote?–, eta kirolariak hegazkinez joan ziren Madril eta Frankfurtetik igarota. Tokion eta Kioton hartu zuten ostatu, “munduko onena” omen zen hotelean. Ahariak burukoak ematen ikusteak zoratu zituen ikusleak, eta Usategieta-k aizkoran ere egin zuen.

La Voz de España egunkarian pasadizo kuriosoa kontatu zuten: Japoniako arroz biltzaile txapeldunak harri jasotzaileen aurrean 80 kiloko zakua sorbaldara eraman zuenean, “los destacados forzudos atletas vascos” (euskal atleta indartsu ezagunek) elkarri irribarre egin eta esku bakarrarekin altxa zuten zaku bera.

“Euskaldunok, geu gera etxean daukagunari eskerrik gutxien ematen diogunak”, zioen lantuak jota Basarrik. Baina ez genuke gaizki egingo oraindik gertuago begiratzearekin, XXI. mendean harri-jasotzea goraldian den honetan gure joko emakumeek hartu duten lekua ikusita.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkiak: ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude