1980ko otsailaren 3an, Ataunen (Gipuzkoa). Kamino zatar batetik kotxea poliki gidatuta. Halaxe iritsi ziren Zeruko Argia-ko Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi Ataungo baserriraino, norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen zuela entzunda. Han aurkitu zutenak ez zituen hotz utzi: Anttoni Urdangarin, 74 urteko amona, etxekoandrea eta, ehiztaria. “Esango dinat ba nola hasi nintzen…”, eta magnetofoia piztu orduko, emakumeei debekatutako mundu hartan nola sartu zen kontatuko die, hitz jario apartarekin.
1906an jaioa, Ataungo Iparragirre baserritik Iturriotzera ezkondu zen 20 urterekin, eta berehala senarra haragitarako behia saltzera bidali: “Esan nionan, bueltan eskupeta ekarri eh! Baina dagoen onena”. 68 duro balio zuen. Anttonik ondoko gaztainadian uso bat ikusi zuen: “Aiba diez, horrekintxe egin behar dinat proba!”. Eta ordutik, goizean behiak jetzi ondoren, beti ehizera.
Konbentzio sozialak apurtu zituen, eta herrian ezagun egin zen ehizarako zeukan afizio eta gaitasunagatik –”bizio txarra eta garestia”–. Inguruko baserritarrak ere ohitu ziren bera mendian eskopetarekin ikusten: “Beti nola ezagutu nauten…”.
Amaitu da elkarrizketa, eta argazki makina eskutan hartu orduko, “aldegingo den hemendik!” dio algaraka. Baina arropa aldatu eta ilea orraztuta itzuliko da, goiko erretratu ederra ateratzeko prest.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Argiaren artxiboa


