Hasiera »
Karlos Gorrindoren bloga - Amildegiaren ertzetik
Karlos Gorrindo Etxeandia
Kazetari eta idazle badaezpadakoa. Ofizioa euskara teknikaria; afizioa idaztea. Ni ez naiz nor zurean sartzeko baina nire esana astintzaile bazaizu, ederto!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak | Arian-arian(e)k Itxurakeria eta plantak bidalketan
- Juan(e)k Harria ibili dabilen arren, goroldioak itsatsita jarraitzen du bidalketan
- karlos(e)k Perbertsioa bidalketan
- JJ(e)k Barre egiten digute bidalketan
- JJ(e)k ELA, udal gobernuaren manporreroa bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko urria
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko ekaina
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
Auzo lotsa
2017-03-17 // Politika // Iruzkinik ez
Ez dakit iritzi sendorik ote dudan estatu espainiarrean puri-purian dagoen portuetako zamaketarien lan arazoen gainekoa. Ez jakiteagatik ere, ez nekien zerbitzu hori monopolioa zenik. Hau da, enpresa jakin bati estatuak adjudikatuta izana zerbitzu hori ematearen ardura bakarra. Ez dakit ona edo txarra den. Gardentasunaren izenean, eta merkatu ekonomia honen arabera, liberalizazioa litzateke bide bakarra. Baina koxka asko dituen pareta dugu hau. Beti entzun izan dugu portuetako zamaketarien lana estolderietakoa bezain iluna dela, amarruz eta trikimailuz betea, diru irabazirik sekulakoak ematen dituena, mafia dela hura kudeatzen duena, kontrolik gabekoa, nahiz eta estatuaren kontrolpekoa izan beharko litzatekeen edo. Eta orain, Espainiako Gobernuak ultimatuma eman die Lege Dekretu baten bidez. Europatik etorri delako notizia sektorea liberalizatu ezean, isunak ezarriko dituela eta diru mordoa ordaindu beharko, nahaste-borraste honetan zerikusirik ez duten espainiar eta euskaldun oinezko oro. Entzun dugu hori eta gehiago, Espainiako gobernu buruen ahotik.
Baina dekretuak bide laburra izan du, Espainiako kongresuak atzera bota duelako gobernukoen egitasmo hori, oposizioak aurka eginda.
Baina ez oposizio guztiak, eta horrexek eman dit zer pentsatua eta amorrua, eta lotsa eta atsekabea, beste behin ere.
Berdin dit PNVk portuetako zamaketarien monoplioaren aurka egon eta sektorea liberalizatu nahi izateak, alderdiaren kode genetikoan pribatizazioaren kromosomak omen dituelako.
Berdin dit alderdi politiko liberala eta europar zale amorratu dela esateak. Eta handik datozen aginduak itsu-itsu bete nahi izatea, berak kontrolpean eta erantzukizunik ez dituen gaietan ere.
Amorrua ematen dit, jakina, EAEko gobernu koalizioan PSE aukeratu izanak, haiekin batuta egonkortasuna, lasaitasuna eta zuhurtasuna izango dutelakoan lau urtean zehar.
PNVk ezaugarri asko ditu eta bat da alderdi abertzaleekin koaliziorik egin nahi ez izatea, matrimonio iskanbilatsu eta toxikoa izango delakoan (eta arrazoi izango dute again).
Mintzo batekoa barik, biperinoa da, bifidoa, lengoaia anizduna, espainiarrekin ondo geratzea gustuko duena.
Barkaezina dena da, bada, Estatu mailan alderdi politiko ustelduenarekin bat egitea, eta horrela oposizioaren aurrean den bezalakoa agertzea: azpitik, isilean eta ilunpean, sukaldean barik sotoan negoziatzea, lan prekarietate handien, eta EHri eraso gordinenak egiten jarraitzen duen alderdiaren alboan argazkian atera nahi izateagatik, PNVren intereserako diren gaiak (AHTko Bilboko geltokia, aurrekontuak, hangoak eta hemengoak etabar etabar) lo(r)tzeko asmotan.
Azores-etako argazki hura dakarkit gogora (Blair, Bush, Aznar) PNVk PPrekin atera duena, hura honen manporrero azalduta, euskaldunen lotsarako eta espainiar askorenerako ere bai.
Argi utzi du PNVk ez duela gogoko kataluinarren bide orria (utikan!!! vade retro!!!) haiek beste bide-orri lasaiago eta amore emaileago bat aukeratuko dutelako. Eta bide hori zein den argi dago, eta baita nor gura duten bidaide ere: gaur PSOE, bihar PP, eta alderantziz.
PNV espainiar zalea dela ematen du egiten dituen aliantzak ikusita.
Latina
2017-01-13 // Euskara // Iruzkinik ez
Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren inguruko kale neurketak egiten dihardu aspaldi honetan Euskal Herriko herri eta hirietan barna. Eta gureari ere egokitu zaio eta emaitzek ez gaituztela harritu esan behar, gure ogibidea dela eta, erantsita eta jantzita daramagun defektu profesionalak (kuxkuxero linguistikoa) gure herriko emaitzak aurreikusten utzi dizkigulako, subjektibotasunetik aztertu izanagatik ere.
EGOERA
Makurra. Ez oso makurra. Ez zeharo makurra. Makurra baizik. Gure herrian 16.000 hiztun dago. Hauetatik ia 11.000 euskal hiztunak, gutxi gora behera. Neurtutako hiztun kopurua 3.211. Emaitzak dio erdara dela nagusi gure herrian eta duela bost urte egindako kale neurketatik atera dugun konparaketaren ondorio nagusia hauxe dela: zortzi puntu behera egin dugu orokorrean euskararen erabileran. Adin talde guztiek egin dute behera, gazteena izan ezik, bere horretan iraun duelarik azkeneko kale neurketatik hona, %51 alegia. Baina aho bete hortz utzi gaituen datua haurrena da. Duela bost urte egindako neurketan haurretan, bi eta hamalau urte bitartekoetan, euskararen erabilera oso ona zen, %68, hain zuzen ere. Baina oraingo honetan, aldiz, beherakada nabarmena eman du sektore honek, euskararen erabilerari dagokionez: %52. Hau da, hamasei puntu behera egin du adin talde horrek kalean darabilen euskara.
Helduek eta adinekoek ere behera egin dute erabileran, nahiz eta oso nabarmentzeko modukoa ez izan bilakaera.
ONDORIOAK
Oso larria haurren adin taldeari dagokionez. Hezkuntza sistemaren flotazio marran bete betean emandako tiroa adierazten dute emaitza hauek. Gurean ezarritako eredukako sistemaren porrota. Hezkuntzan jarri zuten itxaropena gure gizartea elebidun bilakatze aldera, euskarak har zezan gure herrian zegokion zabalkundea. Baina usteak ustel, ez erdi ustel eta bai, ostera, guztiz ustel. Aldaketa ezinbestekoa da, hezkuntza sistemarena eta politika linguistikoarena, besteak beste. Katalanen murgiltze linguistikoaren sistema beharko litzateke hemen ere, eta ez duela gutxi arte euskararen tenplu izan den ikastolan, esaterako, eguneko menua ele-bietan jartzea, euskara ez dakitenen umearen gurasoek hark zer jaten duen jakin dezaten. Euskara jakiteko beharra sortzen ez den bitartean gureak egiten jarraituko du. Eta jakina, egoeraren errudunak denok gara, baina erakunde politikoei dagokien ardura nagusia hartu ezean, galgarik gabeko aldapa-behera honetan euskarari geratuko zaion azken hatsa euskal museo linguistikoan emango du. Hizkuntza kultu bilakatuko da eta unibertsitateetan dinosauroen fosilak aztertzeko erabiltzen den interes bera jarriko dute hizkuntzalariek, munduan desagertutako azken hizkuntzaren zergatien azterlan akademikoak egiten.
Harria ibili dabilen arren, goroldioak itsatsita jarraitzen du
2016-12-14 // Politika // 3 iruzkin
SORTUren Estatutuak
Artículo 3.- Democracia interna y actividad externa:
– “Sortu se opondrá a cualquier subordinación, condicionamiento, o tutela externas que pretendan convertirla en una organización vicarial de quienes practiquen la violencia”.
– “En la estrategia independentista y socialista de nuestro proyecto político organizativo no hay cabida para forma alguna de actuación violenta ni para conductas que le sirvan de complemento y apoyo político”.
– “Sortu desarrollará su actividad desde el rechazo de la violencia como instrumento de acción política o método para el logro de objetivos políticos, cualquiera que sea su origen y naturaleza; rechazo que, abiertamente y sin ambages, incluye a la organización ETA, en cuanto a sujeto activo de conductas que vulneran derechos y libertades fundamentales de las personas”.
– “Rechazo firme e inequívoco de todo acto de violencia y terrorismo y de sus autores”.
– “Rechazo de las diferentes formas de manifestación de la violencia y el terrorismo, tal y como legislativamente han sido definidas en los diferentes apartados del Artículo 9 de la Ley Orgánica 6/2002 de Partidos Políticos, cuyos contenidos lineales se dan por reproducidos e integrados en esta declaración”.
– “Rechazo de quienes fomenten, amparen o legitimen los actos de terrorismo, oponiéndose, de manera clara y expresa, a cualquier justificación conceptual y cobertura ideológica de los mismos”.
– “Rechazo de cualquier clase de connivencia política y organizativa con la violencia, con las formaciones y los instrumentos políticos que han sido legalizados por razón de esa connivencia, así como cualquier manifestación de ese fenómeno terrorista.”
Honen laurdenaren laurdena adierazteagatik bota ninduten 1995. urtean Euskal Preso Politikoen Kolektibotik, ni artean 15 urte preso kartzelan nengoela ETAko militante izateagatik.
Hiru urte geroago, 1998.nean, Lizarra-Garazi Hitzarmenaren karietarat, Ezker Abertzaleak eskatu zion euskal gizarte zibil eta politikoari (PNV eta PSOEri, batik bat) kalera atera zitezen euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzeetara, indar egin zezaten lehenengo hurbildu eta, gero, kalera ateratzen laguntzearren. Neuk ere parte hartu nuen elkarretaratzeetan, harik eta bi komisario politikok esan zidaten arte debekatuta neukala han egotea.
2016ko iraileko 25erako hauteskunde autonomikoetan EhBilduk Gernika-Lumon egindako mitinean izan nintzen eta nire presentziaren desegokitasunaz ohartarazi didate duela aste bete, hura nire tokia ez zela argudiatuta. Debekatuta neukala han egotea, alegia.
Urte honetako abenduaren 17an, Gernika-Lumon, euskal presoen aldeko argazki erraldoia egiteko asmoa dago, haien hurbilketa eta askatasuna eskatzeko asmoz. Bertaratuko diren gonbidatuak euskal preso eta iheslari ohiak. Kartzelan egondako adiskide batek ekimenaren berri eman zidan, kartzelan hamasei urte egin nituenez gero, han egoteko nahiko arrazoi zegoela argudiatuta. Esan zidan, halaber, argazkirako bilduko ziren batzuk ez zirela Ezker Abertzalekoak izan (Euskadiko Ezkerra-koak, PMak, alegia); beste batzuk, ostera, PNVn militatzen ari zirela, baina denak zeudela prest argazkian agertzeko, euskal presoak etxera ekartzea zio zenez gero.
Joan ez joan zalantzan nenbilela (ofizialtasunak uste du nik Aita Santuaren bula behar dudala haien altzoan esku zabalik hartzeko beste ohorea izateko) pentsatu nuen ez nuela argazki batean zertan agertu euskal presoak etxera etortzeko dudan nahia adierazteko. Baina, azkenean, joatea erabaki nuen.
Nire erabakiaren poza zapuztuta geratu zen baina. Kartzela kidearen telefono deia izan nuen atzo: “Sentitzen dut Karlos, baina debekatu egin dizute argazkian agertzea”.
Granadako azken errege Boabdil-i hauxe esan zion amak Granada Errege Katolikoen esku utzi behar zuela jakindakoan: “Ez egin negarrik emakume batelez, gizon batelez defendatzen jakin ez duzuna”. Boabdilek “El Zogoibi” zuen ezizena :“Zoritxarreko edo Koitadua”.
Nik “Karlova Al Debekatu” dut ezizen, antza, eta nire ama zenaren hitzak hauexek izan ziren:”Izan zaitez zarena eta ez bestek izaterik nahiko lukeena”
EBAZPEN ANTIDEMOKRATIKOAREN ONDORIO ONAK
2016-08-29 // Politika // Iruzkinik ez
Beti izan diot gorroto edozein motatako kaudillajeri. Hau da, edozein giza mugimenduk figura bakar batean islatzeko edo erreferente izateko hartu ohi den ekanduari. Buruzagi hitzak berak atzera eragiten dit, gehiago sinisten dudalako kolektiboaren izaeran, lider karismatikoak izan dezakeen aura mistikoan baino.
Uste dut herri edo alderdi baten ibilbide ideologikoa eta historikoa pertsonaia baten eskuetan utzi nahi izateak arrisku handia dakarkiola herri horren bilakaera humanoari, pertsona horrengan botere eta ahalmen eraldatzaile guztia izateak distortsionatu egiten duelako demokrazia parte hartzailearen oinarrizko izaera.
Arnaldo Otegi Espainiak hautagai izaten ez uztea berri txarra iruditzen zaie demokrazia espainiar honen paradigmetan sinisten ez dutenei. Eta hala da, izan ere. Baina nire ustez, Eh-Bilduri kalte baino onura gehiago ekarriko dizkio, Espainiatik txalotzen den erabaki hori hartu izanak. Ez naiz ni izango esango duena gartzelatik ateratakoan, Ezker Abertzaleak bizi duen letargotik ateratzeko beste indar eta karisma izango duen politikaria dela Otegi jauna. Alderantziz, Otegi jauna amortizatuta dagoen liderra dela uste dut. Hori bai, berealdiko lana egin duena Euskal Herriak egun bizi duen egoera sasi baketsura iristeko. Ausartu zelako balizko etsaiekin mintzatzen eta Euskal Herriko egoera politikoa eraldatzen, gartzela ere ezagutu zuelarik jardunbide arantzatsu horretan aritzeagatik. Ezin zaio ukatu egindako lana eta dagokion aitortza merezi du. Baina aurrerantzean ez dut uste Eh-Bildu-ko patu historikoa lideratzeko politikari aproposena denik.
Ezker Abertzaleak politikari berriak behar ditu. Aurpegi freskoak, iragan ilunari lotuta agertzen ez direnak, pertsonalismoei atxiki gabeko jende sanoa, kutsatu gabeko pentsalari aratzak, hozkirria ekartzen ahaleginduko direnak beraien presentzia soilarekin. Alegia, esparru politikora motxila estigmatizatua aldean ez dakarten giza jende zintzo eta ajerik gabekoak behar ditu. Diskurtso eraberritua, su artifizialkeriarik gabekoa, baina letargo loarazletik amatatuta dagoen giza jendea iratzartzeko gai izango dena.
Eta hiru emakumek (Jasone Agirre, Miren Larrion eta Maddalen Iriarte) haizaratuko dute proposamen eraberritua, politikaren munduan ezagun ez baina bizitzan trebatuak bide daudenak mikroekonomia domestikoan. Autonomia Erkidegoko herritarron diruak ongi partitzen eta kudeatzen jakingo dutenak. Erabaki politiko, sozial, ekonomiko edota kultural justuagoak eta ekitatiboagoak hartzen jakingo dutenak, burokraziatik alde eginda, herritarron ongizatea oinarrian. Eta Espainairi begira barik, Euskal Herrira soilik begira jarri beharko liratekeenak.
EAEn agintea izan dutenek orain arte egindakoa oso txarra izan dela esan gabe, emakume hauek aurrerantzean egingo dutena hobea izango delakoan…
Sinestezina!
2016-05-30 // Euskara // Iruzkinik ez
Euskararen jagole eta erabileraren zuzentasunaren zaindari, gramatikalari eta hiztegigile, arauemaile eta bideratzaile diren itxura tristedun zaldunek, hots, Euskararen Esne Bideko galaxian galdutako urruneko planeta aurkitu gabekoan bizi diren Pope estralurtarrek bilera izan zuten aurreko barikuan Gernika-Lumoko Kultur Etxean, kide eta tzain ere badiren hiruzpalau emakume alai, koloretsu eta seguru asko zentzudunagoak eta lurrekoagoak direnekin batera. Orduak eta orduak eman zituzten potxingo lokaztuan ito beharrean, hil ala biziko aterabiderik gabe. Erakunde ala Instituzio (sic) zuzenago, tradizionalago edo egokiago ote den erabakitzen, sitsek jandako beraien pulpitu zaharkituetatik deliberatzen. Lehendakari ala Buruzagi berba aukeratzeak salbatuko ote duen gizartean gero eta presentzia txikiagoa duen euskara. Ulertezina, ezta? Bada, badago larriagorik! Bileraren atsedenerako kafea barik, liburu baten aurkezpena egiteko baliatu zuten, eta bileraren iluntasunetik eguzkitara ateratakoan, argizarizko aurpegia urtzen hasi zitzaizkien aditz trinkoa elikagaitzat duten banpiroei.
Hitza hartu zuen hasieran agerraldi publikoetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzat hartuta duen herriko alkateak: sarrera eta amaiera euskaraz; diskurtsoaren edukia gaztelaniaz. Non eta Euskaltzaindiaren liburu aurkezpen batean! Baina bada gogorragorik! Euskaltzainburu Andres Urrutiak hartu zuen hitza, eta Adolfo Arejitak gero. Amaitzeko liburua paratu zuen Agirrebaltzategi jauna mintzatu zen liburuaren eta egilearen dohainak eta onurak goraipatzeko.
Omaetxebarria frantziskotar gernikarraren liburu bilduma aurkeztea zen ekitaldiaren helburu eta xede. Alegia, gaztelaniaz idatzitako euskararen aldeko apologiaren bilduma, 1690 urtean jaio zen Manuel Larramendirenak plagiatuta, 1995 urtean Valladoliden hildako gernikarraren eskutik. Eta espero eta nahi gabekoa gertatu zen: gaztelaniaz idatzitako liburuaren aurkezpenean gaztelaniaz hitz egin zen gehiago euskaraz baino. Nork eta Euskaltzaindiaren buruzagitza linguistikoa duen erakundeko kide nagusienek! Non eta euskal idazle baten liburuaren aurkezpenean!
Eredu, jarraibide eta adibide etiko, moral eta linguistikoa beharko luketenen ahotik gaztelania erabiltzea laidogarritzat hartu genuen, eta ez dakit amorrua, mina, samina, lotsa edota auzo lotsa sentitu genuen euskaltzainen eta herriko alkatearen hitzen sastadak entzundakoan. Haientzat legitimoa, seguru asko; euskararekiko sentsibilitate minimoa dutenentzat, onartezina!
Euskararen biziberritzean eta gidaritzan paradigma berriak bultzatzeko eskumen ia legala duen erakundea itsuarena egiten dabilela uste izatekoa da, edo okerragoa dena, kaleko errealitate linguistikoa bereganatu eta gaztelania hobesten eta lehenesten hasia dela, garaiotan dagoen moda linguistikoarekin Euskaltzaindiak ere bat egiten duela herritarrak jakitun izan daitezen.
ZALANTZAK
2016-05-19 // Politika // Iruzkinik ez
Arrisku handia dakarkio Ezker Abertzaleari gaur egun bizi duen noraezeko egoera lausoak. Pentsamendu ideologikoan baino sentimenduetan oinarritutako ideologiak gotortutako mugimendu politiko honek labur lotu beharko ditu geratzen zaizkion indar homogeneo guztiak, alderdi hegemoniko izateko ametsik badu. Egia da perretxikoak legez sortzen hasi zaizkion ahots disidenteek guda fratizida latzean murgil dezakeela garai batean Euskal Herriak erreferente emozional izandako giza mugimendu antolatua. Ez dakit noiz hasita duen gainbehera kuantitatiboa eta kualitatiboa eta uste dut ezin dela zehaztu zerk eraginda bizi duen Ezker Abertzaleak bere proiektu politikoarekiko sinesmen gero eta ahulagoa. Emaro-emaro eta oharkabean endekatzen joan den sinesmen ideologikoa izan dela uste dut, non indar aglutinatzailea zoko-moko emozional orotara zabaldutako beldur sistemikoa izan den, eta batasun estugarria horren giltza (ETA) jadanik herdoilduta dagoela konturatu direnean, askeago sentitu diren pentsatzen eta sentitzen dutena adierazteko.
Motiboak eta zirkunstantziak anitzak dira, baina ziurtatu ezin bada ere, mugimendu politiko horren balio erantsi asko, nola humanoak hala filosofikoak, aparatuak zakarrontzira bota izanak badu zerikusirik galgarik gabeko aldapa beherako abiaduran joateko. Sentimenduen gainbehera honek, hots, sentimenduen hondoratze etengabe honek mundu itxi horren desaktibazioa ekarri du eta, horren ondorioz, motibazio-galtze ideologikoa.
Baina oraindik ere, sasoian daude, egon ere, taldexka ideologiko kasposo bilakatuko ez bada, premia ideologiko eta filosofikoak egonkortzeko eta baliorik ez duten erreferentzia apurtzaileak behin betiko bazterrean uzteko. Ezker Abertzaleak biziraun barik, indarra eta motibazioa eman behar dio euskal gizarteari, eta batez ere, politikaren katramilak gogaikarri egin zaizkion eta bere burua ezker abertzaletzat izan duen orori. Ilusioa berreskuratzea beharko litzateke beste helburuetako bat, nahiz eta ez dakidan ilusiorik gabeko jendartea giza mugimendu berarekin berriro ilusionatzeko gai izango den.
Bestalde, sistemaren barruan kokatuta dago dagoeneko Ezker Abertzalea, eta ezingo du sistemaren joko arauak erabiltzen hasita dagoenez gero, lortu nahi dituen helburuak sistematik kanpoko baliabideak erabili, aipatutako helburu horiek lortuko baditu. Sistema horren barruko agente eta lotura gehienekin akordioetara iritsi behar da, kontsentsuak, akordioak eta hitzarmenak bideratu, dogmatismo eta maximalismotik urrundu. Diskurtso zaharberritua erabili beharrean, alboko agentea xaramelatuko duena sortu. Hau da, proiektu sinesgarria eta egingarria planteatu, ilusioa berreskuratu nahi bada.
Eta lehen urratsa egin du Otegik: “Inbidia sanoa diegu eta orpoz orpo jarraituko dugu Kataluniako bide erreferentziala”.
(Gure) izatearen hauskortasun jasanezina
2016-04-05 // Euskara // Iruzkinik ez
Laurogei urtetik gorako emakume abailduak aterkia eskuan ikusi eta esan dit: “Paraguas habrá que llevar, por acaso”. Gaztelania mordoiloa erabili du, eta ni aho beete hortz geratu naiz, euskalduna dela jakin baitakit. Gaztelaniaren hautuaren zergatiaz galdetu diot nik eta hark erantzun: “ Mundu guztiak daki erdaraz eta! Mundu guztiak egiten du erdaraz eta!” irribarre inozoa ezpainetan, eskumuturrean kolpe txikia eman didanarekin batera, euskaradunaren aurrean gaztelania erabiltzeagatik erdi lotsatuta edo.
Ospea dugu euskaldunok oso adeitsuak garela beti ezezagunen aurrean gizateria guztiak ezagutzen duen gaztelanian ahaleginak egiteagatik, euskara ustez ez dakien gaztelaniadun elebakarra atribulatu ez dadin. Urteak joan dira euskal gizartean euskararen presentzia inaktiboa era erradioaktiboan zabaltzen ahalegintzen hasi zenetik, artean sortutako eredukako sistemak Euskal Herria elebidun egingo zuelakoan.
Duela hogeita hamar urte esan zuen Mari Karmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilariak, gaur bizi dugun aroak Euskal Herri elebiduna ezagutuko zuela: hiru miloi euskal hiztun-hiru miloi erdal hiztun. Baina orduko hitz animosoen hutsaltasunak agerian utzi du gure helburu linguistikoen aldeko panegirikoa. Ametsa amesgaizto bilakatu deneko aro linguistiko dekadentea bizi dugu eta gure motxilatik askatu gabeko konplexu eta aurreiritziez gain, ezinaren ahala gehitu zaigu, euskararen lur ustez emankorra, idor eta paramo bilakatu zaigularik, deus eraikigarririk taxutzeko ezgai dakusagularik geure buru antzua. Unamonok bai arrazoia! Ikusi (entzun) besterik ez baitago agonia motelean jarraitzen duen gure hizkuntzaren norabideak Thelma eta Louisen amaiera bera duela epe luze baino laburragoan. Arreta eman dit, gainera, nire arima zapuztua aktibatuko ez duen berri mingarriaren aurrean ahots ozenik ez apalik jaso ez izanak, tamainako errealitate soziolinguistikoak eragiten digun kalte zuzen eta kolateralaren gainean ( EJ-k dixit: “Euskararen ezagutzak okerrera egin du EAEko ikasleen artean”).
Itsas harrotu eta haserrean zur salbatzaile omen zen hezkuntza sistemaren euskaradunaren porrot linguistikoaren aurrean, gure Miguelek aurreikusitako katastrofearen aurrean jarri gaitu. Eta ezikusiarena egin dugu, jada nazkatuta, gauza bera behin eta berriro irakurri eta entzun ondoren. Sorgortasunaren txertoa barne muinetaraino iritsita, ikaragaitz gaude sutu egin beharko gintuzkeen arrazoi eta errealitatearen aurrean.
Hamar urtetik gorako eta laurogeitik beherako herritarrak, bada, sintonia berean daude.
Amore eman dugu. Errealitate linguistikoa dagoena da. Eta euskalgintzan diharduten eragile guztien indarra batuta ere ez diogu goitik behera datorren luiziari eutsiko, aurretik derrigorrezko neurriak hartzen jakin ez dugulako. Jada berandu da. Akabo sufrimendua. Egin diezaiogun euskarari hileta zibil errespetuzkoa. Goian bego!
Izarrak
2015-12-11 // Politika // Iruzkinik ez
Ohituta gaude kirolean, profesionalean zein amateurrean, fitxaketak egin ditzaten ikusten. Oihartzun handia eragiten dute fitxaketek eta salbatzaile gisa aurkezten dituzte, ohorea, ospea eta diru irabazi barrabasak emango dizkiotelarik fitxatuek fitxaketa egin duen taldeari. Ez naiz ari garai batean fitxatuta egoteak esan nahi zuen adierari buruz, jakina, zeinean dirua eta ospea barik, egurra banatzen baitzuten.
Fitxaketa bestelako honek dirua mugitzen du barra-barra, sona dakar, emozioak eta sentimenduak eragiten ditu, eta fitxatuaren eta fitxatzailearen arteko harreman kosmogonikoak txinpartak eragiten ditu unibertsoaren zulo beltz guztietan. Mundu mailan edota tokian tokiko kirolaririk onenak edo egokienak edo errentagarrien izan daitezkeenak erosi eta saltzen dira eskuzabal. Merkatuak agintzen du eremu profesionalean. Eta merkatuan dena dago salgai eta erosgai. Batzuek egoki iritziko diote fitxaketetarako xahutzen diren diru basari; besteek, lizun eta lotsagarri.
Baina fitxaketak ez dira soilik kirol munduan ematen. Azken fitxaketa entzutetsuenak politika munduan ematen ari dira Espainia aldean. Izen handiko militar, aktore, abeslari, idazle, pentsalari eta igerilari, trapezista, publizista eta txapista. Ideologiak ez du lekurik egun alderdi politikoen identitatean. Hil da jainkoa. Zenbat eta izar gehiago alderdian izan, zenbat eta distira gehiago egin fitxaketak, hainbat eta boto emaile gehiago ekarriko dizkie botere kuota handitzeko edota Neguko Jauregiari eraso egiteko.
Gora boterea! Denik eta txikiena bada ere: kaniketan irabazle, literaturan saridun, pilotan txapeldun, itsuen munduan begibakar. Botererik gabe ez dago existentziarik. Eta denik eta mendreena izanik ere, inoren gainetik jartzea, aginte makila eskuetan izatea da gizakiari ematen diona bizi izaten jarraitzeko zio eta arrazoi. Inor baino gehiago izateak autoritate morala eta legala ematen dizu eta mundu guztiak errespetatu edo kaka eginda praketan ikusiko zaitu.
Gurean, nik dakidala, ez da fitxaketa sonaturik egin momentuz datozen hauteskundeetarako. Agian gurean arraina salduta eta haragia ustelduta dagoelako dagoeneko. Edo gure unibertso txikiko izarrak distira gutxikoak direlako. Edo hauteskunde hauek guri bost axola digutelako. Jai jai!
GODZILLA
2015-10-27 // Euskara // Iruzkinik ez
Ez dakit non bizi naizen, Indian edo Afrikan, Panyapen edo Nakurun. Euskal Herrian, behintzat, ez. Etxe arrunt eta lehen munduko batean bizi beharrean ere, Nakuruko egurrezko etxola batean bizi naizela dirudi. Etxetik bertatik ere elefanteak ikusten baititut. Txiki-txikiak, kasu honetan, baina patariak, azken finean. Kalera atera eta, dedio! Hau da sabana luze-zabala hau! Aurrera-atzera eta alboetara begiratu eta den dena elefantea. Tamaina guztietakoak daude, egon ere. Baina handiak dira nagusi, eta elefante barik, mamut dirudite. Ez dago bat eta bakarra, ezta inondik ere! Asko dira gure herrian aurrera-atzera dabiltzanak eroso, ezelako gupida eta lotsaizunik gabe. Solte-solte dabiltzanak gune nagusi hauetan dihardute barrabaskeriak egiten (esaten). Badakit Gernika-Lumo Gernika-Lumo dela, baina ez nenbilke oker hemen ematen diren datuak estrapolatuko banitu Euskal Herri guztira, entzunak entzun eta zenbakiak zenbaki. Datu estatistiko argigarri bat baino ez. Klusterrak 2011n egindako azken azterlan soziolinguistikoaren arabera, Gernika-Lumon % 48,9k darabil euskara. Eustaten (2006) datuen arabera, %67,87 ginen euskaradun-euskaradun garai hartan.
Datu aseptiko hutsak baino ez dira. Eta uste dut errealitatea ezkutatzen dutela. Degenerazio profesionala izango da, pertsekuzio mania, neurosi obsesiboa edota tripalak, baina nik entzuten dudana kalean ez dator bat estatistikekin.
Baina gatozen harira eta has gaitzen eremuak zehazten.
Irakaskuntza: aurrerakada nabarmena eman da urteetan zehar zalantzarik gabe, baina gaur da eguna ikastetxeetako lau hormetatik kanpo liberatuta ikusten dutela beren burua ikasleek euskara erabili behar izatearen zama neketsutik, eta gaztelaniaren sendabidea hartzen dute, mundu guztiak darabilen hizkuntza berbe egiten ere badakitelak. Eta ahoko mihia hitz arrotzek trabatu barik, eroso-eroso entzuten zaie gaztelania mordoiloan. Eta zoritxarrez, gaztelaniaz hasten diren adina gero eta txikiagoa da. Garai batean 14 urterekin hasten ziren. Eta gaur da eguna 5-6 urterekin duten zaletasuna beldurtzeko modukoa dela (ikastolako datuak dira).
Lan mundua: egia erdi berdaderoa da dioenean Patxik irakaskuntzan bildutako indarrak indargetzen direla lan mundu erdaldunera jauzi egitean. Baina ez dakit bada, Patxi, erdararako hautua lan munduan murgildu orduko ematen ez ote den. Ikastetxea utzi eta kale zabal askea zapaltzen dutenetik ez ote den gainbehera hasten.
Aisia eta kirola: bai, badakit, gure umeak eta nagusiak enpresa pribatu baterako lehen urratsa eman eta enpresa horretako arduradunek sentsibilitate txikiena ere ez dutenean euskararekiko, joera normala dela gure haurrak eta nagusiak erdararen amaraun sarean erortzea, hain dira eragingarri eta moldagarri. Jakin badakite euskararik, baina nekez erabili. Udal kiroldegian eta klub pribatu kontzertatuan jasotako datu pertsonalak baino ez dira. Kezkagarriak benetan.
Kalea: hauxe da nire ustez plantigradorik handien eta izugarriena, haiek ikusi eta begiratu soilak praketan kaka eginarazten dizutenak. Kalea librea da, loturarik gabekoa, norbanakoaren kontzientziaren eta aukera askearen gunea, inposaketarik onartzen ez duena, eta eroso eta airoso sentiarazten zaituena. Eta norberaren askatasunaren aurrean, libre albedrioaren aurrean, norberaren autonomia eta soberania dago. Eta kasu honetan pizgarriak eta lege babesa baino zerbait gehiago behar delakoan nago erabilera normalizatua zabal dadin zoko-moko guztietara.
Baina argi daukat gauza bat eta honetan bat nator Patxirekin: Euskaltzaindia eta Eusko Jaurlaritza beharrezko dira auzi honetan euskarari birikietan geratzen zaion haize poxia indartuko badiogu. Eta bat nator Mikel Irizarrekin ere: Estatu (gabeko) arazotzat hartu behar da euskararen auzia; bestela, Irlanda bis bilakatzeko arriskua du Euskal Herriak denbora gutxi barru.
Analfabeto emozionalak
2015-10-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Horixe bera bota zidan Iñaki lagunak behin, taberna batean hitzordua izan eta elkar ikustean, nik musu parea landatu nizkionean masaila banatan. Sei segundoko besarkada ematea ere estimuan dut, bataren eta bestearen energia positibo oro transmititze aldera. Positiboak baino ez.
Iñakik patari arrarotzat nauka.
Euskaldunok sentimenduak erakusteko gaitasunik ez ei dugu kazetariaren ustetan. Lehorrak gara, isilak, beldurra eta lotsa ematen digu inoren aurrean sentitzen duguna adierazteak. Bai gizonezkoei, bai emakumezkoei. Izaera, nortasun eta aiurri kontua ei da. Kulturala dela, alegia. Sonbreiru zuria daramagu jantzita uneoro, gure izaeraren neutraltasun emozional apatikoaren adierazgarri. Baina ez gara zuriak. Berbez engainatzen ibiltzen direnak. Hitz gutxi eta sentimendu handikoak ei gara. Baina zer sentitzen dugun inork ere ez daki. Leialak eta esanekoak, eta eremu emozionalean analfabeto funtzionalak. Agrafo emozionalak
Ahuldade kontua denik ez dut uste. Horrelakoak garenik ere ez. Izango da euskaldunik borborka sentimenduak kanporatzen dakienik, bestalde. Nik uste.
Jarrera eta portaera kontua da Iñakiren ustez, berezko izaera, mendeetan zehar geneek transmititutakoa, berez eta senez geure baitakoa den sentieraren adierazle.
Loretan agertzeak uzkurtu egiten ei gaitu. Kolorerik gabeko zuztar sendoko landare omen gara. Ez gatz ez piper.
Ez nago berarekin guztiz ados, jakina. Edo bestela ni ez naiz euskalduna. Eta honen susmoa ere badut. Alegia, ez ote dudan egipziar genoma txertatuta nire baitan, edo italiarra, hauek izaki nire benetako arbaso antzina-antzinakoak, sentimenduak kanporatzeko zaletasun ez euskaldun hau dela eta.
Baina gure Iñakik arrazoi apur bat ere baduela ezin ukatu. “Loreak” eta “Amama” pelikulak ikusi besterik ez dago, film horietan euskal arimaren argazkia zelakoa omen den jakiteko: prosaikoa eta pragmatikoa; animista; Ama Lurrarekiko identifikazio eta sustraitze sakonekoa; metaforikoa; tradizio zale eta hitz gutxikoa emozioetan; irribarre egiten ere apenas dakiena; eta sentimenduak ahoan barik begietan itsatsita dituena
Egia ote da?